Goierrik toki esanguratsu asko ditu eta horietako bat San Adriango tunela da. Aranzadi zientzia elkarteak zortzi urte daramatza bertan lanean eta sekulako aurkikuntzak egin ditu. Duela 14.000 urteko giza aztarnak aurkitu dituzte eta oraindik asko dute aztertzeko. Tunel natural hori historiaurreko Maria Cristina hotela izan zen eta Erdi Aroko N-1a.
Alfredo Moraza arkeologo hernaniarrak zortzi urte daramatza San Adrianen lanean eta balio handiko tokia dela dio. Hasteko, bere balio naturala azpimarratu du. «Paisaia sekulakoa da. Balio natural ikaragarria du. Nire ustez, bisitatu beharreko toki mitiko bat da».
Askotan urrutira joateko ohitura dago esperientzia berrien bila eta etxekoa estimatzea kosta egiten da. Morazaren esanetan kasu honetan ez da hala gertatzen. «San Adrian toki nahiko estimatua da. Mendizaleentzat erreferente bat da eta gipuzkoar, arabar eta nafar askok ezagutzen dute».
Historiaurreko gizakiek ere estimu handian zuten. Batez ere, luxuzko bizitoki bat zelako. «Oso toki egokia da bizitzeko. Ate bat itxiz gero, korrontearekin bukatzen zuten. Inguruan lehengaiak zituzten eta tunel barruan iturri bat dago. Teilatua egina zegoen. Bost izarreko hotel bat zen».
Aranzadikoek duela 14.000 urteko aztarnak aurkitu dituzte, baina zaharragoak aurkitzea espero dute. Izan ere, bi metroko sakonera bakarrik arakatu dute eta sei metro pasatxo falta zaizkie.
Pasabidea
Baina San Adrian pasabide oso garrantzitsu bat ere izan zen. Araba eta Gipuzkoa lotzen ditu eta horrek bertan galtzada bat eta gaztelu bat egitea ekarri zuen. «Gaztelako erresumak inguru hori konkistatu zuen. Gune estrategikoa bihurtu zen, Nafarroako erresuma sei kilometrora baitzegoen. Gaztelak bide bat egin zuen Europarekin konektatzeko eta bidean hiribilduak sortu zituen: Agurain, Segura, Ordizia, Tolosa, Hernani…».
«San Adrian bizitoki oso egokia zen, estalpea, iturria eta lehengaiak baitzituen»
«Gaztelako erreinua Europarekin lotzen zuen bidea San Adriango tuneletik pasatzen zen»
«Arkeologoek bi metroko zuloa egin dute eta oraindik sei metro pasatxo falta zaizkie arakatzeko»
San Adrian oso goian dago, baina bidea bertatik pasatzen zen. Izan ere, Etzegaratetik edo Otsaurtetik pasatzeko etsaien lurretatik pasa behar ziren.
Hala, hasieran bizitokia zena, pasabide oso garrantzitsua ere bihurtu zen. Bertatik, erregeak, Aita Santuak, lapurrak… pasa ziren. «Garai hartako N-1a zen». Gaztelak beste bide bat ere bazuen, Arlabandik pasatzen zena, eta bien artean lehia handia zegoen. «Bakoitza jendea bere bidera erakartzen saiatzen zen. Izan ere, diru asko zegoen jokoan».
Hori guztia dela eta, San Adrian paradisu bat da arkeologoentzat. «Garrantzitsuena, 14.000 urteko sekuentzia luze honetan dena kontserbatu dela da. Egoera onean, gainera. Duela 14.000 urtetik 1915era arte, jendea bizi izan da San Adrianen. Euskal Herrian ez dago halako sekuentzia luzea mantendu duen beste tokirik. Euskal Herriko aztarnategi garrrantzitsuenetako bat da».
Lan asko dago oraindik egiteko. San Adrianek altxor asko ditu oraindik ezkutuan. «San Adrian nire bigarren etxea da, udan behintzat. Bertan jubilatuko naizela uste dut», aipatu du Morazak.
Bertan aurkitu dituzten guztien artean, ez du objektu kuttunik. «Puzzle bat da. Garrantzitsuena pieza asko egoera onean daudela da. San Adrianen Euskal Herriko historia dago kontzentratuta. Gure helburua hori argitzea eta zabaltzea da. Diru publikoarekin lan egiten dugu eta diru publikoarekin egiten dena sozializatu egin behar da».
Hala, edonor joan daiteke indusketa lanetan laguntzera eta Aranzadikoek azalpenak ematen dizkiete San Adriandik pasatzen diren guztiei. Bisita gidatuak ere antolatzen dituzte.
Bukatzeko, Morazak eskerrak eman nahi dizkie egitasmo honetan parte hartzen ari diren erakundeei: Aldundiari, Partzoneriari eta Zegamako Udalari.
San Adriani buruzko erakusketa Donostiako San Telmo museoan
Aranzadi elkarteak jendeak San Adriango tunelaren balioa eta bertan egin dituzten aurkikuntzak ezagutzea nahi du. Horretarako ez da nahikoa bisita gidatuak antolatzearekin eta bertara joaten direnen galderak erantzutearekin. San Adrianera hurbiltzeko asmorik ez dutenentzat erakusketa bat prestatu dute eta liburu bat argitaratu. Erakusketa Donostiako San Telmo museoan ireki dute, San Adrian, denboraren igarobidea. Azken Glaziaziotik Donejakue bidera Gipuzkoako historian zehar izenburua duena. Museoko Laborategia izeneko gunean izango da ikusgai apirilaren 3a arte. Sarrera doan da. Horrez gain, San Adrian-Lizarrate (Gipuzkoako historiaren igarobidea) liburua ere argitaratu dute. Liburu horretan 2008.urtetik gaurdaino egin diren indusketei buruzko informazioa bildu dute Aranzadiko arkeologoek.