Hariekin eta oihalekin egiten du lan Ines Elorza legazpiarrak, eta egiten dituen lan horiek nola egin beste batzuei erakusten die. Hariz Ari dendan eta gizarte zentroan ematen ditu eskolak. Goierriko hainbat herritan ere eman ditu ikastaroak. Orain, erretiroa hartu behar du.
Jubilatzerakoan zer lan utziko duzu atzean?
Gauza pila bat. Hariz Ari dendaeta gizarte zentroan Buztintegi elkarteko jubilatuei ematen dizkiedan eskolak besteak beste.
Nolako denda da Hariz Ari?
Duela 15 urte ireki nuen, josteko eta harizko lanak egiteko materiala saltzeko eta ikastaroak emateko. Baserritarren jantziak egiten, patchwork-ak, bainika eta bordatu teknikak erakusten ditut han.
Buztintegiko kideei ere antzeko klaseak ematen dizkiezu.
Bai. Ikasleak 15 emakume dira, eta astearte eta ostegunetan bi orduz ematen ditut klaseak. Gantxiloa, puntua, bainikak, patchwork-a, bordatuak… horrelako lanak egiten dituzte, nire laguntzarekin.
Noiztik ari zara Buztintegin?
Apirilean 33 urte egingo ditut.
Nola hasi zinen lan horrekin?
Legazpin kultur etxea sortu berria zenean, 1983an, tapizak egiteko ikastaroa antolatu zuten, eta nire ama Carlotarekin joan nintzen. Dohainik eman zuten, eta trukean udan gaztetxoei guk ikasitakoa erakusteko eskatu ziguten. Nik eman nuen ikastaro zoragarri hura, eta amaieran erakusketa bat egin genuen. Udaleko kultura sailekoei gustatu egin zitzaien eta diputazioaren dirulaguntza batzuei helduta, jarraipena eman zioten egitasmoari. Ikastaro gehiago ekarri ziren, makramearena lehena, eta nik ikasi eta gero erakutsi egiten nuen.
Tapiza, makramea, zer gehiago?
Udak aprobetxatzen nituen ikasteko, eta harizko lanekin hasi nintzen. Gero, eskulanetara ere jo nuen eta gauza asko ikasi nituen, gero erakusteko, tartean maketak egiten. Erakustea asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzen eta lanbide bihurtu nuen hura.
Kultur etxetik, jubilatuetara.
Bai. Hiru hilabeterako deitu zidaten, eta jende helduarekin lan egiten hasi nintzen. Harrezkero nabil lanean adinekoekin, eta ez bakarrik Legazpin, baita beste hainbat herritan ere.
Goierrin asko ibili omen zara.
Bai. Jubilatuen etxeetatik eta kultur etxeetatik deitzen hasi ziren: Legorreta, Lazkao, Zegama, Idiazabal, Olaberria. Beasain eta Itsasondon ibilia naiz. Eta Goierritik kanpo, Oñati, Bergara, Antzuola eta Azpeitin. Orain, Legazpiko jubilatuetan nabil bakarrik.
Zeu ere jubilatu egingo zara.
Bai. Urteak beteta ditut, eta iritsi da ordua. Faltan emango dut lana, bereziki jubilatuen etxeko eskolak. Hainbeste urte egin ditugu elkarrekin…
Zeu joan beharko zara orain ikasle gisa.
Ekainera arte emango ditut klaseak, eta urrian irakasle berriarekin hasten direnean, agian ni ere joango naiz. Ikastea asko gustatzen zait eta beti nago gauza berriak ikasteko prest.
Lan berezi batzuk ere egin dituzu urte hauetan guztietan.
Bai. Oñatiko Korpuseko prozesioan ateratzen den San Migel santuarentzako pieza batzuk josi nituen.
Poesiaren munduan ere murgildu zara.
Joxean Artzeren Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat ikuskizunean parte hartu nuen, Zumarraga-Urretxuko Hits & Fits Bandarekin 1994an. Haiek poesia errezitatzen zuten bitartean, nik tapiz bat ehuntzen nuen eskenatokian. Harrez gero, kontaktua mantendu dut Artzerekin eta Urretxu-Zumarragako gazte haiekin.
Omenaldi bat egin dizute duela gutxi.
Bai. Talde hartako Iñaki Baztarrikaren bitartez eta kolaborazio haren harira, Beasaingo Igartza jauregian. Ibaiari Begira saria eman zidaten, ekitaldi hunkigarri batean.