Martxoaren 5ean Kanariar Uharteetan Transgrancanaria 43,7 kilometroko mendi maratoia irabazi zuen Laida Elizegik (Zaldibia, 1991). Apirilean hasiko den Goierri Trail Kopako lau probetan ahalik eta txukunen aritzea da orain haren nahia, aparteko helbururik gabe.
Zer sentsazio izan zenituen helmuga aurrena zeharkatzean?
Poza, poz handia. Asimilatzea kosta egin zait. Komunikabideak hoska, jendea zoriontzen… Transgrancanaria irabaztea ez nuen espero inondik inora. Hemengo probetan dabilen jendea ezagutzen dut, baina hango berririk ez neukan, eta zentzu horretan ezustekoa izan da.
Irabaztea ez zegoela zure helburuen artean ulertu daiteke beraz. Zer asmorekin joan zinen Kanariar Uharteetara?
Lasterketa aprobetxatuz opor egun batzuk pasatzera joan ginen. Egia esan, negua entrenatzeko-eta egokia izan da, eta bi hilabetetan ibili naiz nire kasa entrenamenduak egiten.
Eta noiz ikusi zenuen lasterketa irabaz zenezakeela?
Lasterketaren zatirik handienean bosgarren joan nintzen, eta erreferentzia garbirik ez nuen. Probaren erdi parean hirugarren jarri nintzen, eta gero hortik aurrera gogorra egin zitzaidan erabat. 4 kilometroren faltan bigarren nindoala konturatu nintzen, eta aurrenekoa ikusi egiten nuen gainera. Hark txakalaldi bat-edo izango zuen, eta hiru kilometroren faltan aurreratu egin nuen. Egur batean joan nintzen helmugaraino.
Aurrera jarraitzeko motibazioa ere emango zizun garaipenak.
Orain arte bezala segitzeko animoa eman dit, baina aparteko beste ezer ez.
Apirilaren 9an abiatuko da Goierriko Trail Kopa, Gabiriako Leharrei probarekin. Zer erronka jarri diozu zure buruari?
Disfrutatzea. Orain badirudi Transgrancanaria irabazita ez dakit zer lortzeko gai naizela, baina Euskal Herrian maila oso ona dago. Faborito naizela esatea eta horrelako kontuak, presio hori… ni nirea egitera aterako naiz, helburu jakinik gabe.
Presio aipatu duzu. Iaz Marimurumendi proba faboritoen artean jarri zintuen antolakuntzat. Kalterako izan al zen?
Ez dakit, baina nahiko aste aldrebesa pasa nuen. Saihetsetako eta ipurgaineko minez ibili nintzen. Ziatika zela esan zidan fisioterapeutak, baina beharbada presio horrek eragina izan zuen, ez dakit. Iazko Marimurumendin 40. kilometroan eroriko bat izan nuen, eta belaun azpia ireki nuen. Aurten arantza hori atera beharra daukat.
Ez zara hasi zaharra horrelako probetan. Prestaketa berezirik egiten al duzu?
Ekainean bi urte beteko dira lehen mendi proban parte hartu nuenetik. Nire erara ibiltzen naiz, eta daukadan denboraren arabera entrenatzen dut.