Epela eta euritsua joan da aurtengo negua. Hotz handiegirik ez du egin, eta euria, berriz, erruz, ohikoa baino gehiago. Elurra ere egin du, ez asko, baina Goierriko mendi tontorrak eta kaleak zuritzeko adina bai behintzat.
Txindoki, Aizkorri eta Goierriko beste mendi tontorrak elurtuta zeudela agurtu da aurten negua, iazko abenduaren 22an 05:48an iritsi eta gero. Agurtu, berriz, martxoaren 20an egin da, goizeko 04:30ean. Zeru estaliekin eta euriarekin eman zion udaberriari ongietorria.
Negua 88 egunez eta 23 orduz luzatu da. Tarte horretan, eguraldi nahasia izan da Goierrin, bereziki urte sasoi horren hasieran. Abenduaren amaiera berezia izan zen, tenperatura altuak eta euri falta izan zirelako nagusi. Ordukoa da Beasaingo Arriaran urtegia erdi hutsik erakusten duen argazkia. Baina urtegiek arazoak izan behar zituztela zirudien arren, euria egiten hasi, tenperaturak jaitsi eta neguko eguraldia iritsi zen azkenik, urtarrilaren erdi aldera. Elurra ere egin zuen ondoren, ez asko, baina mendi puntetatik kaleraino ere jaitsi zen.
Datu meteorologikoak
Ugari dira Goierrin datu meteorologikoak biltzen dituzten estazioak, Euskalmet Euskal Metereologia Agentziakoak eta Aemet estatu espainiarreko agentziakoak. Hiru estazioko datuak erabili dira Goierrin egin duen neguaren laburpena osatzeko: Euskalmeten Zegama eta Ordiziakoak, eta Aemeten Legazpikoak.
Hiru adierazle erabili dira taula osatzeko:?euria, tenperatura eta haizea –Legazpikoan ez da haizerik neurtzen–.
Epela eta oso euritsua
Datuak aurrean, Legazpiko estazioaren ardura daraman Alonso Francesek ez-ohiko negua izan dela baieztatu du. Legazpin 1946tik jasotzen dira datu meteorologikoak, eta urte horietan guztietan «aurtengoa bezalakorik gutxi izan dira, oso epela joan delako eta, aldi berean, oso euritsua».
Tenperaturei erreparatuta, hiru estazioetan neurtutakoen artean alde handiegirik ez dagoela ikus daiteke. Maximoak garai honetarako oso altuak izan dira, 20 graduren ingurukoak, eta minimoak gutxitan jaitsi dira 0 gradutik. Francesek dioenez, «batez besteko tenperatura 7 gradu pasatxokoa izan da otsailean eta martxoan, eta 8,6 gradukoa urtarrilean, ohikoa 3 eta 6 gradu artekoa izaten denean hilabete hauetan». Minimei dagokienez, Legazpin hiru alditan bakarrik jaitsi da 0 gradutik termometroa: «Beste urte batzuetan 14 egun inguru izaten dira batez beste».
Euriak ere ez-ohiko erregistroak utzi ditu, jasotako kantitateak eta euria egin duen egunak zenbatuta. Abendua ia euririk gabe joan zen, ez ordea urteko lehen hiru hilabeteteak. Francesen esanetan, «urtarrilean euri gutxi egin zuen, baina otsailean eta martxoan beste urteetan baino gehiago. Urteko batez bestekoa 1.500 litrokoa da eta lehen hiru hilabeteetan herena egiten du; aurten erdia egin du, Legazpin behintzat».
Elur askorik ez du egin: otsailean bi egunetan, 15ean eta 16an, eta Beasain eta Lazkaoko kaleak ere zuritu ziren; eta martxoaren 5ean eta 6an. «Orduan Legazpiko kaleetaraino jaitsi zen». Mendi puntak, aldiz, elurtuta izan dira luzean.