Kalkulatzen dut izango direla 57 urte. Igandea zen. Goizeko 05:30ean atera ginen etxetik, Igaratzara joateko. Amak bezperatik prestatu zizkigun ogitartekoak hartu, alkandora zuria eta mahonezko prakak soinean, jertse gorria bizkarraren bueltan, jantzi gabe; zapatila berriak eta artilezko galtzerdiak oinetan. Diru apurren bat ere izango ge-nuen, alkandoraren aurreko patrikan edo galtzen atzekoan gordea, Igaratzan limonada erosteko.
Bost lagun ginen: lau mutiko eta heldu bat. Gure etxetik anaia gaztea eta biok, eta bestetik hiru: aita bi semerekin. Ahal zela itzaletik joateko esan zigun amak eta, behar izanez gero, mukizapia janzteko buruan, lau korapilo eginda. Bero handia zetorren.
Olaeta auzoa igaro, eta berehala ginen Deposituko atarian. Nagusiari egun on esateko adina denbora ozta-ozta galdu genuen. Aitaren batean iritsi ginen Gaintzolara. Gaintzolako iturriak, gaur ez bezala, ur asko ematen zuen, bidea lokazti bihurtzeraino. Egun, bidea lehor dago, galtzada txukun, baina iturria idor. Zer ote hobe?
Urrizti erraz igaro genuen. Gehiago kostatu zitzaigun Arrantsagoko aldapa, pago artean, igo eta Pikota gaina harrapatzea. Hantxe gosaldu genuen, inguruko edertasunei begira: larre-zelai bikaina, ardi eta behorren bazkaleku. Mendibil dotore, eskuinean; Txutxuka, ezkerrean. Jentil harria aurrerago. Berehala Oidui eta Enerio. Eta Beaskindik gora Igaratzara. Arbola asko zegoen bidean, baina hostoa geldi, haizerik gabeko beroa zelako. Hostopean, txoriak kantari.
Garaiz iritsi ginen mezatarako. Lepoan zintzilikatzeko, kolore banatako hiru zinta erosi genituen, pezeta batean. Mezatara joan ala ez, inork zalantzan ipintzen ez zuen garaiak ziren. Gainera, arretaz geneukan entzun beharra, batez ere sermoia. Itzulitakoan, amak segituan galdetuko zigun: «Apaizak zer esan dik?»
Pago handi baten itzalean bazkaldu eta arratsaldean, aski goiz, abiatu ginen beheraka. Beaskinen egonaldi luzea egin genuen. Hango artzaina eta gure zaintzailea ezagunak ziren. Kontu asko esan ondoren, barre eta algara, umoretsu agurtu zuten elkar. Gu jolasean etorri ginen Anizetoren txabolara arte (Oidui). Han limonada atera zigun zaintzaileak. Anizeto Irastortza zen artzaina. Taberna edukitzen zuen. Mendizale asko geratzen zen otordua egiten.
Ez nuen asko pentsatuko hantxe ezagutu behar nuela, bertsotan gainera, Lazkao Txiki. Lazkaomendiko bere lagun Elizegirekin ari zen. Gure zaintzaileak ere ekin zion gero. Oso ezagunak ziren Lazkao Txiki eta gure zaintzailea. Begirik eta belarririk kendu gabe egon gintzaizkien begira, entzuten.
Bazter batean erdi ezkutaturik zegoen Abalingo Joxe Miel. Ilea atzeraka orraztua, aurpegi fina eta sudur txorroka. Puntutik puntura espresio berria erakusten zuen bekokian. Sentimendu itxura hartzen zuen haren gorputz osoak. Kantatutakoan ez zen gelditzen alde guztietara begira. Batzuetan, altxatu eta eskuak mahai gainean ipintzen zituen, edo besoa luzatu eta hatz batez seinalatzen zuen zeini botatzen ari zen. Ez dut gogoan zer kantatu zuten, baina besteek bertsoa botatakoan Joxe Mielek berak egiten zituen barrerik handienak.