Maiatzaren 31ra arte har daiteke parte euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea helburu duen egitasmoan.
Ordizia, Lazkao, Zaldibia eta Legazpi –aurreneko aldiz– dira Euskaltzaleen Topaguneak hamargarren aldiz abian jarri duen Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoan aurten parte hartuko duten Goierriko lau herriak. Orain artean, Liburuaren Egunarekin batera jarri ohi zuen martxan egitasmoa Topaguneak, baina aurtengoa apirilaren 1ean abiatu da eta maiatzaren 31ra arte iraungo du.
Egitasmoan parte hartzea erraza da. Herriko liburutegian euskarazko liburu bat maileguan hartu, irakurritakoan itzuli eta fitxa bat bete behar da. Hori egindakoan, liburuzainak erosketa bale bat emango dio trukean irakurleari. Txeke horrekin %35eko deskontuarekin erosi ahalko du irakurleak liburu bat, gerora oparitu ahal izateko. Lazkaoko Gerrikon, Ordiziako Mujikan, eta Legazpiko Apatxo eta Hizkuntza liburu-dendetan eros daitezke liburuak.
Aurten, aurrenekoz, Patxi Zubizarreta idazleak 50 liburu gomendatu ditu egitasmorako.