Goiekik flora autoktonoa berreskuratu eta espezie inbaditzaileak erradikatzeko proiektua du martxan. Aurten, 700 ale autoktono landatu dituzte Oria ibaiaren ertzetan. Espezie inbaditzaileen presentzia handitzen ari dela adierazi dute.
Oria ibaian espezie inbaditzaileen presentzia nabaria da, geroz eta ohikoagoa. Hala adierazi du Olaya Mendozak, Goiekiko ingurumen arduradunak. Arazoari aurre egiteko, 2011. urtean Goierriko flora inbaditzailearen aurkako ekintzak garatzen hasi zen Goieki. Helburua hauxe da:?espezie inbaditzaileak desagerrarazi eta ibar-basoa leheneratzea. Herritarren sentsibilizazioa ere bilatzen dute.
Espezie inbaditzaileak erradikatzeko, metodo kimikoak eta mekanikoak uztartzen dituzte. Bestalde, bertako zuhaitz eta zuhaixkak landatzen dituzte, landare inbaditzaileak berriro agertzea sahiesteko.
2011z geroztik, Goierrin urtero egin dituzte erauzketa lanak eta landaketak. Aurten, proiektuaren seigarren programa garatu dute, eta dagoeneko 700 ale autoktono baino gehiago landatu dituzte: haltzak, lizar arruntak, intsusak…
Bost urte hauetan, erabilitako tratamenduak oso eraginkorrak izan direla ikusi dute. «Lehengo aplikazioan espezie bakoitzaren azalera asko murrizten da», azaldu du Mendozak. «Beraz, bide honetatik jarraitu behar dugu». Urtarrilaz geroztik landaketak egin dituzte, baina maiatzean berriro hasiko dira erradikazio lanekin.
Espezie ohikoenak
Oria ibaiaren ertzetan gehien agertzen diren landare inbaditzaileak hauek dira:?Fallopia Japonica, Helianthus Tuberosus, Cortaderia Selloana eta Buddleja Davidii. Espezie horiek azkar zabaltzen dira, eta ongi egokitzen dira ia edozein egoeratara. Ingurumenari, berriz, hainbat ondorio eragiten dizkiete: paisaia naturala aldatzea, landaredia autoktonoa desagerraraztea, faunarako habitat naturalak ezabatzea, biodibertsitatea murriztea…