Garazi Urdangarinek (Zumarraga, 1988) psikologia ikasketak egin zituen Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Karrera amaituta sexologiaren inguruko ikastaro ezberdinak egin zituen, baita feminismoa eta generoaren inguruko master bat ere EHUn. Hortik sortu zitzaion Lahia-Nahia sexologia elkartean lanean hasteko aukera. Bertan dabil 2010. urteaz geroztik.
Zer da Lahia-Nahia sexologia elkartea?
Silvia Ubillosek sortu zuen elkartea Gipuzkoan 80ko hamarkadan. Garai hartan GIBaren –VIH gaztelaniaz– prebentzioan hasi ziren lanean. Gero, poliki-poliki gizarteak sexologiaren esparruan dituen egoera berrietara moldatzen joan da elkartearen egitekoa. Gaur egun, gazteei zuzendutako sexu heziketan eta indarkeria matxistaren prebentzioan egiten dugu lan batez ere.
Gipuzkoa da zuen lan esparrua?
Batez ere Gipuzkoa mailan egiten dugu lan, baina Bizkaiko zenbait herritan ere mugitzen gara. Sexu heziketa eta indarkeria matxistaren esparruan ikastetxeekin egiten dugu lan gehien. Horretaz gain, beste hainbat proiektu ere baditugu indarrean, garrantzitsueneko batzuk nerabeei zuzendutako Biluzik informazio eta aholkularitza zerbitzuak dira. Udalek edo Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dituzte.
Urola Garaiko Mankomunitatearen bitartez zerbitzu hori eskaintzen duzue Urretxun, Zumarragan eta Legazpin.
Hilabeteko lehenengo astelehenetan Zumarragako Jabekuntza Eskolan biltzen naiz neska talde batekin. Eta hilabeteko hirugarren astelehenean Legazpin beste batekin udaletxeko lokal batean. 17:30etik 19:30era izaten gara elkarrekin. Gainera, zerbitzu hau sare sozialen bitartez ere eskaintzen dugu, 24 orduz gaude bertan. Instagramen lahianahia eta Twitter-en @biluzikmundura erabiltzaile izenekin.
Zer gai lantzen dituzue bertan?
Neska talde hauek sortu berriak dira eta oraintxe ari dira talde bezala eratzen. Feminismoaren gaiak batu ditu eta zentzu horretan dituzten zalantzak, galderak edo egunerokoan sortzen zaizkien egoeren inguruan hitz egin eta hausnartzen dugu beraiekin. Helburu nagusiena gazte horiek balioetan heztea da, eta indarkeria gaiak beraiekin lantzea.
Gazteei bakarrrik zuzendutako zerbitzua da orduan?
Berez gazteei zuzenduta badago ere, guraso eta irakasle askok jotzen dute guregana. Azaltzen dizkiguten kezka nagusienak harreman toxikoen ingurukoak dira. Izan ere bikote gazteetan uste baino indarkeria egoera gehiago antzematen ditugu. Indarkeria psikologikoa da fisikoa baino gehiago, baina egon badago. Gauzak aldatu egin dira, baina indarkeria forma ezberdinak hartzen ari da. Zentzu horretan sare sozialekin egiten den erabilera ere arriskutsua izan daiteke. Oraindik asko dago egiteko, administrazioek diru gehiago inbertitu beharko lukete prenbentzioa lantzeko.