Ordizia-Murumendi-Ordizia trail desafioan lehiatuko dira bailarako sei herri Goierriko 7 Orduetan.
Lau lagunez osatutako 6 talde –gutxienez emakumezko bat edo gizonezko bat laukotean–, 14, 10 kilometroko ibilbidea eta 774 metroko desnibel positiboa. Arama, Beasain, Idiazabal, Ordizia, Ormaiztegi eta Zaldibia aurrez aurre, aurreneko aldiz Goierriko 7 Orduetan jokatuko den Murumendiko trail desafioan. Kirol ikuskizunaren beraren izenari ohore eginez, eskualdeko izaera duen proba bat antolatzea lortu du Ordiziako Emaneurre taldeak.
«Orain bi urte Usurbeko desafioa antolatu genuen, eta ez ginen erabat konforme gelditu. Aurten, proba Goierrira zabaltzeko erabakia hartu dugu, eta 18 herriei egin diegu parte hartzeko gonbidapena. Hasiera batean bederatzik eman ziguten baiezkoa, baina azkenean sei animatu dira», azaldu du Gorka Argaiz Emaneurre taldeko kideak.
Hasierako zatia, itoa
Goierriko 7 Orduak kirol ikuskizunari hasiera ematearekin batera abiatuko dira 24 lasterkariak Murumendi aldera Beti-Alai pilotalekuaren ataritik (153 metro). Handik Arramendi baserrira aldera joko dute, eta hurrengo erreferentzia gunea Idoiaga baserria –Ioia herri hizkeran– izango da. Joxi Garmendia ordiziarraren esanetan, Idoiaga baserrira arteko zatia «gogorra» egingo da. «Oso itoak dira lehenengo hiru kilometro eta erdiak». Anoa-gune bat izango dute bertan lehiakideek.
Murumendiko tontorra izango da hurrengo helburua (867 metro). Han ere jateko eta edateko aukera izango dute, eta beheranzko bideari ekingo diote segidan. Idoiagara arte desbideratze batzuk badituzte, baina handik behera igoerako bide bera dute helmugaraino.
Sailkapena puntu bidez
Helmuga Plaza Nagusian jarriko dute, eta Argaizen arabera, lehen sailkatua 18:30ak aldera iritsiko da. «Ordu eta hogei minuturen bueltan iritsiko da aurrenekoa». Lehen sailkatuak puntu bat jasoko du, bigarrenak bi, hirugarrenak hiru… eta helmugara iristen azkenak 24. «Sailkapena puntuen araberakoa izango da, eta puntu gutxien jasotzen duen taldeak irabaziko du desafioa», nabarmendu du Argaizek. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 19:00etarako korrikalari denak helmugan izango dira. Parte-hartzaile guztiek jasoko dute saria, eta irabazleek, aparteko beste sari bat izango dute.
Korrikalari guztientzako «berria» da proba, eta aurreneko urtea «beti zaila izaten» dela adierazi arren, proba «ondo pentsatuta» dagoela uste dute herrietako ordezkariek. Irabazteko faboritorik ba ote dagoen galdetuta, inor ez da iritzi garbirik ematera ausartu. Mendiko probetan eskarmentua duen jende mordoxka bat bada zerrendan. Izenak izen, ikuskizunak irabaz dezala.
Kirol probak eta ordutegi zehatzak
17:00. Hasiera.
17:05. Murumendirako trail desafioaren irteera.
17:10. Txirrindulari desafio solidarioa Sahararen alde Ordizia-Ikaztegieta-Ordizia 17 kilometroko zirkuituan. Mikel Azparren donostiar txirrindularia Ordiziako Txindokipe elkarteko 10 txirrindulariren aurka.
17:20. Atletismoko kaleratze probak (Emakumezkoak).
17:35. Atletismoko kaleratze probak (Gizonezkoak).
18:02. Txirrindularitzako jazarpen probak (Eritrea-Euskal Herria).
18:12. Kros-fit erakustaldia (Emakumezkoak).
18:25. Txirrindularitzako jazarpen probak (Eritrea-Euskal Herria).
18:37. Kros-fit erakustaldia (Gizonezkoak).
19:00. Murumendiko trail desafioaren helmugaratzea.
19:12. Harri-jasotzaileak Joseba Ostolaza eta Jokin Eizmendi.
19:27. Txirrindularitzako kaleratze probak (Eritrea-Euskal Herria).
19:40. Amets Bide dantza taldea.
20:12. Emakumezko arraunlariak (Orio, San Joan, Hibaika eta Getaria-Zarautz).
20:25. Txirrindularitzako ‘Keirin’ probak (Eritrea-Euskal Herria).
20:40. Arratiako aizkolari eskolako umeen erakustaldia.
20:50. Gizonezko arraunlariak (Orio, Hondarribia, Kaiku eta Urdaibai).
21:05. Bertso-Rap (Gemma Urteaga eta Zesura Euskal Rap).
21:30. Ordiziako errugbi jokalarien eta Ibarrako sokatira taldearen arteko desafioa melier batean.
21:47. Kick-Boxinga. 70 kilo. (Euskal Herria-Valentzia).
22:10. Irati Astondoaren marka ahalegina aizkoran (45 ontzako 6 enbor).
22:42. Kick-Boxinga. 85 kilo. (Euskal Herria-Valentzia).
22:59. Idoia Etxeberriaren marka ahalegina. 105 kiloko harria esku bakarrarekin.
23:17. OKEren bideoa. 75 urte.
23:49. Eskalada lehia.
00:07. Kick-Boxinga. 65 kilo. (Euskal Herria-Valentzia).
00:25. Desafio solidarioaren bukaera.
00:40. Freestyle motor erakustaldia (Abraham Parra eta Javi Polo).
01:30. Dantzaldia Laket taldearekin frontoi txikian.
Oharra. Frontoi txikian taberna eta jatetxe zerbitzua egongo da.