Elkarri txanda emanez, baina bakoitza bere hausnarketetan aritzen gara orrialde honetako bizilagunok, hurrengo orrialdekoak ez bezala; horkoak elkarrizketan aritzen baitira, binaka, astero. Oraingoan, ordea, Itxaro Mendizabalek duela hilabete hemen Bizitza izenburupean, ohi duen bezain dotore idatzi zuenaren haritik idazteko tentazioari ezin eutsiz natorkio «elkarrizketan».
Bizitzaldia denboraz irudikatzeko horman kokatutako marra, zuk mugatu zenuen 70 urte baino urrutixeago jarriko nukeela nik, izan zen nire lehen hausnarketa, Itxaro! Seguru asko, nik edozeinetara ere bizitzaren bi herenak dagoeneko «bizita» ditudala (edo ez!) jakitun, azken herena oso laburra irudikatu nuelako 70 horren pean: azken herenaren herena ere joanda, nire 55ekin!
Baina ez pentsa, ez nau batere larritzen: zuk orain dituzun 39 horiekin bukatu nituen irakasle-ikasketak nik, eta, nire bizitzaldian mugarri izan zitzaidan esperientzia zoragarri bezain ahaztezina izan nuen berau; gerora, eguneroko bizitza ez ezik, lanekoa ere baldintzatu zidana onerako. Eta, nik baino 15 urte gehiago dituen batek (70 hain justu ere!), badakizu zer esaten didan? Oso gaztea naizela oraindik! Berak 10 urte daramatza erretiroa hartu zuenetik eta ez dio inongo inbidiarik nire adinean jartzeari: hortxe dago auziaren muina, alegia, zuk ondo baino hobeto dakizunez, bizitza ez duela adinak neurtzen. Inondik ere! «Letratakoak» izango gara gu, nonbait, baina gure bizitza ez da 70 cm neurtzen dituen erregelaren arrastoan marraztuz goazen lerro zuzena, baizik eta, zu «bete gabeko» ametsez idazten ari zaren orri zuria! Nahi adina orri zuri ditugu eskura, arte-lana izan beharrik gabe, garaian garaiko aldarteak agintzen diguna esku hutsez zirriborratzeko. Horiek betetzea bihurtuz gure bizi-arrazoi.
Bizi izandakoa gogoratuz, bizi nahi duguna gerta dakigun baldintzak sortuz, baina batez ere, unean unekoa bizi izateaz ahaztu gabe. Astelehenero ostirala noiz iritsiko baizik bizi ez denari ilusioa zapuztu gabe, baina astelehena ere bizitzera gonbidatuz; norberaren bizitzaz gustura ez dagoenari, okerrago bizi direnena ezagutaraziz. Bizitza biziz.
Bizitzaren tren hau azkarregi doala diozu, Itxaro; ez da seinale txarra. Poetak luze-iritzirik bizi direnei buruz dio, «denbora pasatu ez baino geratu egin den seinale»… Hori ez da hobea. Nire bizitzaren trenean, zuk aipatzen duzun jaisteko balizko tren-geltokiaren zain egon ordez, ezjakinean eta trena neuk gidatzen segitu nahi dut. Esperientziaren eskarmentuz biltzen noan bizipozaren energiaz bultzatutako trenean, lurbiraren noranzko eta abiadura berean, inguruarekin bat eginik suabe-suabe…
Eta batez ere, zuk alabei ematen dizkiezun hego horiek berak eskainiz nirekin bidaide eta gogaide diren guztiei, nigandik nahi adina espazio eta niganako nahi adina desadostasun baliatu ditzaten.
Pertsonen bizitzak ez direlako trenbidearen bi errailak bezala, infinitura paraleloak. Norberak liluraz, pozez, itxaropenez… ametsez zirriborratzeko orri zuriak baizik. Askatasun osoz.