Laugarren mailan zebiltzanean, 9-10 urterekin, hasi ziren Maddi (Beasain, 2001) eta Naia (Beasain, 2002) Aiestaran ahizpak Beasaingo idazlan sariketan sariak irabazten. Harrezkeroztik, Beasaingo, Goierriko eta Euskal Herri mailako literatur sari ugari irabazi dituzte. Azkena, Euskaltzaindiak antolatutako Resurreccion Maria Azkue lehiaketa izan da. Maddik, 14 eta 17 urte bitartekoen mailan bigarren saria jaso zuen; eta Naiak, 10 eta 13 urte artekoenean. Biek ere, narrazioaren atalean.
Txikitatik datorkie idazteko zaletasuna. «Hasieran eskolan, andereñoak esanda hasi ginen Beasaingo idazlan lehiaketarako idazten. Sariak irabazten hasi ginen eta horrek motibatu egiten du», diote Aiestaran ahizpek. Etxetik ere badatorkie idazteko zaletasuna, batez ere amaren aldetik.
Narrazio arloko idazlanak egiten dituzte batez ere. Maddi bertsolaria ere bada, bat-batean aritzen da, baina idazteko garaian nahiago du hitz lauz idaztea. «Bat-batean aritzen naiz bertsotan eta idazten jartzen naizenean normalean narrazioa idazten dut», dio ahizpetan zaharrenak.
Dena den, bat-batekotasun hori lagungarria izan zaie. Coca Colak antolatzen duen idazlan lehiaketan, momentuan jarritako gaiari buruz idatzi behar izaten dute DBH2ko ikasleek. Iaz, Maddik irabazi zuen euskarazkoa. Naiak, aurten parte hartuko du. «Momentuan gaia emanda, denbora zehatz batean egin behar da idazlana. Gaia emateko modu desberdinak erabiltzen dituzte: esaldi bat, argazki bat… Egun ona edukitzea garrantzitsua da lehiaketa horretan», zehaztu du Maddik.
Irakurle taldean
Irakurzaleak ere badira Maddi eta Naia. Beasaingo gazteen irakurle taldean parte hartzen du Maddik. Naiak, nahi bai, baina ordutegi arazoarengatik ez du parte hartzen. «Hilero elkartzen gara. Zaila da liburutegira joan eta liburu bat aukeratzea. Irakurle taldean egonda, liburu onak proposatzen dizkigute. Idazteko modu desberdinak ikusten ari gara. Orain bi olerki liburu irakurri ditugu eta gustatu zait».
Ondorioz, olerkia idazten aproba egin du Maddik, eta Urruzuno lehiaketarara olerki lan bat aurkeztu du.
Inspirazioa
Idazteko gaia topatzea egiten zaie zailena. «Identifikatuak sentitzen garen gaiak bilatzen saiatzen gara errazago idazteko», dio Naiak. Ordenagailuan idazten dituzte gehienean hitzak, baina Maddik aitortu duenez, gauetan askotan eskuz idazten du. «Asko gustatzen zait eskuz idaztea». Idazle onak badira ere, zientzien arloa gustuko dute beasaindarrek. Ondorioz, ikasketak nondik bideratu ez dakite oraindik.