Nagore Belastegi
Aste Santuko oporretatik bueltan burua beste nonbait dugu oraindik, nahiz eta etxera itzultzean gauzak ez direla gehiegi aldatu ikusi. Beasaindik Zumarragarako bidean, autobideko azken kurba hartzerakoan aurrez aurre egin genuen topo Arcelor Mittalen itxieraren kontrako pankarta batekin. Welcome home, pentsatu nuen, eta orduan konturatu nintzen zein gustora ibili nintzen aurreko egunetan telebista piztu gabe, egunkarietako portadak begiratu gabe, burua desintoxikatzen eta urteko lehenengo eguzki izpiez bustitzen. Ai, oporrak. Opor santuak! Zeren ni oso ateoa naiz baina festa erlijiosoak iristen direnean, «aitaren eta semearen eta espiritu santuaren izenean, amen». Haragia jaten dut aizu, baina formal-formal joaten naiz bisitatzen dudan herriko eliza ikustera, arkitektura gustoko dudalako. Hara, etxera bueltan non ikusi genuen Borja zioen seinalea, Nafarroara sartu baina pixka bat lehenago, eta kilometro batzuren ostean Ecce Homo desitxuratuarekin argazkiak ateratzen genbiltzan, barreak ezkutatzen, leku santu batean geundelako eta ez genuelako inor iraindu nahi. Baina borjatarrek ere nola asmatu duten poltsikoak betetzen; 2012tik hona mundu osoko 150.000 bisitari izan dituzte. Eta gu beste bi gehiago, oporrak borobiltzeko une gozoa. Laster izango dugu gurean kristautasuna ospatzeko beste aukera bat, behin Mirandaolan atera zelako gurutze itxurako burni puska txiki bat…
Iraia Oiarzabal
Izugarria da, bai, erlijioak eta bere ikurrek gure bizimoduan duten presentzia. Eta irudipena daukat hain barneratuta ditugula, askotan konturatu ere ez garela egiten. Aurreko asteburuan bertan, igande goiza mendi buelta bat eginez pasatzea erabaki genuen. Izazpiko tontorrera iritsi eta hantxe gurutzea, Euskal Herriko hainbat eta hainbat menditan bezala. Inork gutxik eusten dio hara joanda argazki batean betikotzeko tentazioari. Menditik jaitsi eta Antioko baselizaren inguruan zegoen giroak ere horixe iradokitzen du: ikur erlijiosoak erabateko naturaltasunez ulertzen ditugula, baita fedegabeenak ere. Noski gure herriko ondare kulturala dela, ederra eta oso maitatua. Horrexegatik bizi dugu askok hain gertuko eta berezi Santa Isabel egunean han ospatzen den festa. Baina gatozen harira, hura ere erlijioarekin estuki lotuta. Jai gehientsuenek dute santuren batekin zer ikusia eta denok gozatzen ditugu, zuk diozun moduan, abagunea aprobetxatzen dugu gure ingurukoekin ongi pasatzeko. Nik ere bereziki maite ditut halakoak, horregatik ez nuke zurrunegi agertu nahi erlijioa praktikatu ez arren bere ikur eta ospakizunetan parte hartzeari dagokionean. Zaila da burbuila horretatik ateratzea. Kosta egiten da, ordea, munduan dagoen injustizia guztiaren aurrean, batzuk erlijioaren izenean burututakoak eta beste batzuk gizatasuna aldarrikatzen duten zenbait sinesbideren pasibotasunarekin gauzatutakoak, askoren fede itsua ulertzea.