Liburuaren nazioarteko eguna da apirilaren 23a. Horren harira liburu truke azokak egingo dituzte Ormaiztegin, Zumarraga Urretxun eta Seguran asteburuan. Irakurtzeko zaletasuna bultzatzea, eta irakurtzean gozatzea da helburua.
Irakurtzen ez duenak bizi bakarra bizitzen omen du; irakurtzen duenak, aldiz, bat baino gehiago. Irakurleak liburu bat esku artean hartzen duenean mundu berri bateko ateak irekitzen zaizkio parez pare. Izan daiteke inoiz pentsatuko ez zuen errealitate batzuetan murgiltzea, existitzen ez diren animalien aurka borrokatzea, milaka urte atzera egitea, edo oraindik etorri ez diren ondorengo mendeetara bidaiatzea. Badu gaitasun hori liburuak. Haserrea, poza, negarra eta hausnarketarako tartea ere sor dezake. Liburuak altxorrak dira askorentzat, eta irakurtzeko zaletasuna txikitatik haurrei barneratzen saiatzen dira eskoletan, ematen duen aberastasunaz ohartuta.
Liburu truke azokak
Bihar da liburuaren nazioarteko eguna, eta Goierrin hainbat ekitaldi egingo dituzte. Liburuaz gozatzeko ez dago liburua erosi beharrik, eta aukera bat izan daiteke liburuak trukatzea. Ormaiztegin gaur, ostirala, egingo dute liburu truke azoka, bihar Zumarraga Urretxun, eta Seguran, berriz, asteburuan zehar. Ordizian, berriz, irakurketa kluba egingo dute gaur hasi eta ondorengo bi larunbatetan Barrena kultur etxean.
Hala ere, egunari aurre hartu eta lehenago ospatu dutenak ere izan dira. Esaterako, Ordiziako Jakintza ikastolan astelehenean egin zuten I. Irakurketa martxa. 300 lagundik gora aritu ziren Bernardo Atxagaren liburua irakurtzen, tartean, Ordiziako elkarte desberdinetako kideak. Goierrin aurrez ere egin izan dute irakurketa martxa, hala nola, Lazkaon.
Irakurtzea maite duenak nekez azalduko du hitzez zer ematen dion liburu batek. Agian bizitza batekin ez du nahikoa izango horretarako.