Harrituta entzun nuen berria irratian: aurreko astean, Arcelor Mittalen akzioak %10 igo ziren burtsan. Aldi berean, multinazionalak zera jakinarazi zuen Zumarragako lantegiari buruz: «Lantegia ez da lehiakorra gaur egungo altzairuaren merkatuan». Kontrakoa eman badezake ere, Zumarragako lantegiaren krisia ez dago talde osoaren egoera ekonomiko onarekin kontrajarria. Aditu batek eman zuen azalpena: multinazionalak 90eko hamarkadan lantegi ugari erosi zituen mundu osoan altzairugintzan lidergoa lortu eta bere nagusitasuna ezartze aldera. Erosketen ondorioz, zorpetu egin zen. Gaur, zorra arintzeko, lehiakortzat jotzen ez dituen lantegiak ixtea erabaki du bere kontuak onbideratze aldera. Horrenbestez, burtsak ondorioztatu du Arcelor Mittal enpresa-taldea fidagarria dela, eta bere akzioek gehiago balio dute.
Kontzeptu ekonomikoak gorabehera, nik zera ulertu dut: Zumarragako altzairutegiak ez die multinazionalaren interes orokorrei erantzuten; lantegia zama bat dela uste dute, eta zamaz libratzea erabaki dute. Bistan da, beraz, taldearen interes orokorrak eta Zumarragako langileenak talkan daudela.
Arcelor Mittalen jarduera gidatzen duten baloreak ezagutu nahian jo dut multinazionalaren atari digitalera: «Altzaria funtsezko materiala da gaurko munduan eta etorkizunari begira garapen iraunkor eta jasangarriari eusteko, ezinbestekoa»; «teknologia berritzaileekin egiten dugu lan, altzairugintzaren prozesua berritzeko eta klima-aldaketaren aurka borroka egiteko»; «gure jarduera guztiak gizakiaren segurtasuna eta osasuna dute ardatz»; «Arcelor Mittal fundazioa 30 herrialdetan dago zabaldua eta tokian tokiko elkartasun proiektuei ematen die babesa». Irakurritakoak egiari baino gehiago, propagandari erantzuten diola esango nuke; publizitate iruzurtiari. Alegia, komeni dena esan eta komeni ez dena isildu. Albisteen atalean, esate baterako, ez da aipamenik txikiena ere egiten Zumarragako lantegiaren bideragarritasunari buruz edo herriaren jasangarritasunari buruz.
Ekonomiari buruzko teoriek aztertua dute aspaldi interes orokorraren eta norbanakoaren arteko talka. Liberalismoak esanda utzi zuen gizakiaren berezko egoismoak, nork bere interesak defendatzera eramaten duela, eta interes horiek gizartearen interes orokorrarekin bat egin ohi dutela. Horixe bera sinetsarazi nahi digute multinazionalaren mezuek. Liberalismoari aurre eginez, marxismoak klase-borrokaren zilegitasuna jarri zuen indarrean, argudiatuz ondasun txikia duten pertsonen interesak ez datozela bat aberatsen interesekin eta, aberatsak aberatsago izateko, pobreak pobreago izan behar dutela; horregatik aldarrikatzen dute borroka Zumarragako langileek.
Liberalismoaren ezintasunak gainditu nahian, onartu dute liberalek, gizarte-borrokan, batzuek irabazteko, beste batzuek galdu egin behar dutela, eta marxistak isilarazteko, kalte-ordaina kontzeptua asmatu zuten. Hau da, galtzaileari sari bat eman behar dio irabazleak legez, galera berdintzeko; justiziaren izenean. Horixe egiten ari da Arcelor Mittal Zumarragako langileei birkokapenak eta aurre erretiroak eskainiz.
Gehienoi iruditzen zaigu ez dela justua Zumarragako lantegia ixtea multinazionalaren interes orokorraren faboretan. Izan ere, eta akaso oker nago, baina, ez dut uste Zumarragako lantegiko 350 langileen artean, Arcelor Mittaleko akziodun bakar bat dagoenik; ezta Zumarragako herritarren artean ere. Harrituko nintzateke; jokoa ez baita soldatapekoentzat normalean errenta; burtsa-jokoa esan nahi dut.