Josu Aztiria
Ez dut azkar ustekoa izan nahi, baina Zumarragako Arcelor Mittalen kasua iragarritako heriotz baten kronika izan da. 2014ko udan egin zuten lehen mehatxua, ondoren langileek soilik bete duten akordio batekin itxi zena. Izan ere, gaizki itxitako mehatxu hura Damoklesen ezpata zen, gerora etorri zitekeenaren atarikoa.
Bereziki mingarria izan da, formetan ere, enpresak harrokeri izugarriaz jokatu duelako. Baina bereziki egiten zait asaldagarria, arduradun politiko askoren itxurakeria eta jartzen duten harridura aurpegia. Benetan ez zekiten hau gertatu zitekeenik? Zeri begira egon dira orain arte? Arduradun zuzena enpresaren zuzendaritza da, baina arduradun politiko askok ez dute ongi jokatu eta Arcelor utzikeriak itxi du, gure arduradun poiltikoen utzikeriak.
Kuriosoa da herrialde honetan gertatzen ari dena. Kapitala eta inbertsioak erakartzeko herrialde edo eskualde erakargarria izan behar dugu, erraztasun guztiak eskaintzen ditugu (Aberastasunaren Gaineko Zerga kendu du Aldundi berriak), Arcelor bezalakoei nahi dutena egiten uzten diegu eta ondoren larritzen gara badoazelako beste inora. Eta aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2012ko uztailean martxan jarri zuen Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza kentzeko erabakia hartzen du Aldundi berriak migratzaileen «dei efektua» dakarrelako. Migratzen duen kapitala erakarri nahi da, baina migratzaileen kapital humanoa, urrun mesedez.
Herritar ororentzako eskubide sozialak bermatzea edo elkartasunez mozorrotutako karitatean oinarritutako gizartea. Horra hor, gure korapiloetako bat.
Gorka Erostarbe
Korapiloa, eta ez txikia, Arcelor Mittalen kasuak azken asteotan zintzurrean eragin didana, Josu. Nekez jar niezaioke korapilorik arduradun politikoei egin diezun kritikari. Botere politikoari, kontzientzia amiñi bat dudanez geroztik ezagutu dudanari behinik-behin, ez diot sekula federik aitortu, are gutxiago elite ekonomikoen menera dantzan dabilenari.
Baina utz iezadazu korapiloa neure sokara ekartzen, distantzia hurbilagorako lentez begiratzen auziari. Langileekiko herritarrok azaldutako elkartasun adierazpenak ezinbesteko keinu humanoak begitandu zaizkit, baina boomerang moduan bueltan datozkidan gezi galderak ere biraka dabilzkit. Noiz eta nola irentsi genuen globalizazioaren amua? Noiz eta nola erosi genuen desjabetze ekonomiko eta soziala, kultur aberastasunaren mozorropean? 2014ko mehatxuaren garaian soilik ez; noiz hasi gintzaizkion entzungor eta ez-ikusiarena egiten enpresaren jarduera multinazional, turbokapitalista, kutsatzaile, deshumanizatuari? Zein udaberri oparo ustekoan egin genuen geure elitearen diskurtsoa, nahiz eta haienarengandik oso bestelakoa izan geure egunerokoa, edo Owen Jonesen Chavs gogora ekarriz, zein bide bazterretan galdu genuen kontzientzia sozial taldekoa?
Botere munstroak herritarron arteko arrakal txikienak baliatzen ditu garaile ateratzeko; eta bien bitartean geure herriotako sarreran, ezker-eskuin, munstro hil eta huts bana dugu gaur-gaurkoz. Bi munstro huts, langile eta herritarron ekimen bateratu, eraldatzaile eta konstruktiboz biziaraziak izateko zain.