Giza katea da gure ezintasunak, gure herrak, ozpintzeak eta minak agerrarazteko baliatzen dugun tresnetako bat. Giza kateak osatzen ditugu euskararen alde; giza kateak banako, talde edo gizarte osoari eragiten dioten bidegabekeriak salatzeko; presoen etxeratzea eskatzeko; etxegabetzeak gaitzesteko; bai eta tratu txarren aurkako aldarria egiteko ere, besteak beste. Giza kateak bihurtu zaizkigu une gogorretan elkartasun keinu isil eta sinboliko. Albokoaren berotasuna itxaropen tanta bihurtzen zaigula dirudi, eta norbanako soilon ahotsa batuta ahots hori ozenago entzungo dela uste dugu, mutua izanagatik. Kateak sendotasuna adierazi nahi du: kaltea banakoak jasaten badu ere, multzoa hor dagoela defendatzeko. Eta, horregatik, giza katea egin zuten duela egun batzuk langile eta herritar ugarik Arcelor Mittalen itxiera salatzeko. Munta horretako bidegabekeria bat bidegabea zenbateraino den adierazi beharra baitzegoen.
Katean elkarri eskua ematen diogun gizabanako bakoitza gara katebegiak, eta indartsu ustekoak izanagatik, arrazoi bategatik edo bestegatik, azkenerako, katea hautsi egiten da beti. Agur! Adio! Eta katebegi bakoitzak bere etxerako bideari helduko dio: euskara sustatu nahi duenak gaztelaniaz egin beharko du atarian bizilagunarekin; senitartekoa kartzelan duenak hurrengo egunean milaka kilometroko bidaia egiteko maleta prestatu beharko du; etxea kentzeko mehatxua jaso duenak mehatxuaren oihartzuna izarapean duela egin beharko du lo, babesgabe; tratu txarrak pairatzen dituenak kristalezko zapatekin itzuli beharko du lohiz eta hondakinez betetako etxera, eskua berriz noiz altxatuko dioten beldur; eta Arcelorreko langileak mahaiaren bueltan izango ditu seme-alabak, sabeleratzeko zerbaiten zain.
Utopia batean murgilduta bizi gara. Herritar xehe dohakabe halakoak gu! Gure hitzak infinituraino eta gehiago iritsiko direla uste dugu. Ziur gaude, edo egon nahi genuke, gure eskeek atzera bueltako erantzun duina jasoko dutela; egoera batek, besteak zein haragokoak izango duela irtenbide zentzuzko eta positiborik. Lurrean sustraietaraino sartu dugun laiak gizarte beltz hau irauliko duela pentsatzen dugu. «Bakarrak ezin du, baina taldean lortuko dugu», diogu geure kolkorako. Seko sinetsita gaude. Baina…
Euskarak burua uretan sartu behar izaten du gaztelania gupidagabeak sorbalda gainetik begiratzen dionean. Senitartekoak barru-barruan badaki desegiten ari den maleta berandu baino lehen berriz bete beharko duela. Gaur ez bada, bihar ala etzi kenduko diote etxea mehatxua jaso duenari. Tratu txarrak jasan dituenak mamuak ikusiko ditu kale kantoi orotan, harik eta tratu txar emaile doilorra esku-loturik ikusten ez duen arte. Eta Arcelor Mittaleko jabeek ez diote familiei eragindako kalteari sekula erreparatuko. Multinazionalak bestelako kezkak eta helburuak baititu, eurotan neurtzen ez diren balioekin inolako zerikusirik ez dutenak.
Giza kateetako katebegiak gara. Izan daitezela begi horiek edonolakoak: urdinak, marroiak, grisak ala ostadarraren kolorekoak. Baina ez diezaiegun utz itsu gaitzaten!