Ikasle ohiek eta heldutan ikasi dutenek osatzen dute 7tan Aire esku soinu taldea. Instrumentuari bizia ematea da helburuetako bat. Xede nagusia, berriz, taldean une ederrak pasatzea. Maiatzaren 4an Legazpiko jaietan joko dute.
Osteguna, arratsaldeko zazpiak ordularian. Legazpiar ugari, zahar eta gazte, gizon eta emakume, pintxopotean. Ez denak, ordea: bada hamarreko talde bat, ostegunero, zazpietan, esku soinua bizkarrean hartu eta, pintxopoterako tentazioari aurre eginez, Doinua Musika Eskolara joaten dena. 7tan Aire esku soinu taldeko kideak dira. Zazpietan etxetik aire egiten zutelako jarri zioten izena taldeari: aire errutinatik, haize berrien bila.
Duela zazpi urte sortu zuten taldea. Esku soinua galtzen ari zela ikusirik, ikasle ohien taldetxo batek berriro ere elkartu eta talde bat osatzea erabaki zuten. Horiei, esku soinua ikasteko gogoa zuten ikasle berriak ere gehitu zitzaizkien. Eta, gerora, baita piano-jotzaile bat ere. Egun, bederatzi esku soinu eta pianoa dituzte taldean. Eskusoinuari bizia ematea dute helburu, eta, batez ere, taldean ongi pasatzea.
Edurne Berasategi dute irakasle, baita taldekide ere. Gainontzeko taldekideak, berriz, hauek dira:?Ana Ruiz, Ainhoa Enatarriaga (pianoa), Luis Viana (abestu ere egiten du), Pili Garmendia, Esteban Pinilla, Amaia Andueza, Antxine Soraluze, Lidia Pinadero eta Ane Alberdi. Dena den, taldea irekia da, eta prest daude taldekide berriak hartzeko, esku soinua jotzen dakitenak, zein ikasteko gogoa dutenak. Bestalde, taldean bateria bat izatea ere gustatuko litzaieke.
Hogei urte soinua jo gabe
Doinua Musika Eskolako ikasle ohiak dira taldekide batzuk. 7tan Aire sortu zutenean, hogei bat urte zeramatzaten esku soinua ukitu ere egin gabe, eta berriro ekin behar izan zioten txikitan ikasitakoa praktikan jartzeari. «Txikitan esku soinua jotzen hainbeste denbora pasa ondoren, pena da gero guztiz uztea; talde honetan hasteak bigarren aukera bat eskaini zigun instrumentuari berriro heltzeko», adierazi du Pinaderok.
Beste batzuk, berriz, hutsetik hasi ziren. Garmendia, esaterako, 66 urterekin hasi zen ikasten. «Beti izan nuen gogoa esku soinua jotzen ikasteko, eta, berria naizela nabari den arren, adina ez da muga izan», esan du.
Garmendiak beti izan zuen esku soinuarekiko interesa, baina Soraluzeren kasua desberdina da. Inoiz atentziorik eman ez zion instrumentua izan arren, semea jotzen hasi zenean piztu zitzaion interesa. «Semeak esku soinua jotzeari utzi zionean, ni neu hastea erabaki nuen, asko gustatzen baitzitzaidan».
Familia bat osatzen dute
Batzuk trebetasun eta esperientzia gehiagorekin, besteak gutxiagorekin, ondo pasatzea dute helburu, eta taldean giro ona dutela nabarmendu dute denek.?«Hori da garrantzitsuena». 7tan Aire taldeak, esku soinua jotzeaz gain, lagun talde bat izateko eta noizbehinka afariren bat antolatzeko aitzakia ere eskaintzen die.
Eta ez taldekideei soilik: emanaldiren bat dutenean, familia eta guzti joaten dira. Guztira 30 bat lagun elkartzen dira, kontzertuaren aitzakian egun eder bat pasatzeko helburuarekin. «Familia handi bat osatzen dugu», adierazi dute.
Dagoeneko emanaldi dezente eskaini dituzte 7tan Aire taldeko kideek, batez ere, herri txikietan: Araban, Burgosen, Oñatin, Brinkolan… Eserita egiten dituzte emanaldiak, borobilean jarrita, eta denetik jotzen dute: euskal kantak, beste herrialde batzuetakoak… Harrera ona izaten dutela adierazi dute. «Herri txikietan oso esker onekoak dira». Hori bai, oso kontziente dira beren publikoa pertsona helduek osatzen dutela. «Gazteen artean esku soinua ez dago boladan».
Esku soinu eta piano jotzaileez gain, Vianak ahotsa ere jartzen die abesti batzuei, eta herritarrek jarraitzeko aukera dute.
Herriko jaietarako prest
Hainbat herritan emanaldiak egin badituzte ere, Legazpiko herrigunean oraindik ez dute kontzerturik eskaini. Santikutz jaietan izango dute lehenengo aldia. Kontzertua emango dute maiatzaren 4an, 19:00etan, Kale Nagusian. Emanaldi hori prestatzeko, azken asteetan bi egunetan ari dira elkartzen.
Badute herrian jotzeko gogoa, baina kezka ere bai. Konpromiso handiagoa sentitzen dute kontzertua ongi atera dadin. Dena den, akatsak akats, taldeko giro ona eta festarako gogoa legazpiarrei transmititzea izango dute helburu nagusia.
7tan Aire taldeko kideek maiatzaren 4ko kontzertura joateko animatu nahi dituzte legazpiarrak. «Jaien azken eguna da, eta zein modu hobeagorik festak ondo bukatzeko?», adierazi du Enatarriagak.