Joxepa Madariaga
Aupa, hi!; tulun-tulun!, tzun Joxepa Madariaga Aupa, Inazio! Goierritik kanpo, baina urruti ez, Beterrin, gipuzkoarron zaborrak, errefusara botatzen ditugunak, bistatik kentzeko jarri nahi duten errauskailua diagu hizketa gai, gaurkoan.
Interesak eta politika tartean sartzen direnean sortzen den zaborra baino okerragorik ez zagok, kirats zikinena horrek sortzen dik eta geroz eta ugariagoa duk. Ez ote diagu ulertuko, zaborra geurea dugula, alegia, sortzen dugunona? Nik sortzen dudan zaborra nirea duk eta nik izan behar diat erantzule. Nik izan behar diat, ahal dudan gutxien sortzeko ardura. Eta sortzen dudana birziklatzen saiatu beharra diat. Hala eginez gero, arduratsu jokatuz gero, ia dena birziklatzeko bidean jarriko diagu. Ia-ia dena! Errefusaren ontzian eskukada txikia bilduko diagu astean, etxean, eguneroko bizitzan. Fardelek (pixa, kaka eta hilekoaz zikindutakoak), horiexek beteko zigutek, batez ere, etxeko errefusa ontzia.
Orain, Txernobylgo haurrak hartzen dizkiagu gure etxeetan udan, hemengo aire sanoak osasunari mesede egiten diela eta. Urte batzuk barru, Txernobylgoak gonbidatzerik ez diagu izango eta gure seme alaben seme-alabek, atzerrira, aire sanoa duen herrialderen batera, joan behar izango al diate, osasuna berreskuratzera?
Zubietan errauskailua egiterik nahi ez dugunok, hitzordu garrantzitsua diagu maiatzaren 29an Donostian: Onkologikotik Gipuzkoako Foru Aldundira dauden 5 kilometroak lotu behar dizkiagu, giza katea eginda, alderdi politiko desberdinetakoak elkarrekin, elkarri esku emanda. Gaia goierritarron ardurakoa ere badenez, elkar ikusiko diagu!
Inazio Usarralde
Txernobylgo haurren aipamena egin didan hango istripu larriaren 30. urteurrena gogoratzen ari garen astean, Joxepa. Aldi hartan ere, agintariek aho betean, «Lasai, zentral nuklearrak oso seguruak dira. Ez dago inongo arriskurik» esanez ariko zitunan. Eta istripua gertatu egin huen, gertatu zenez! Orduz geroztik hango haurrak arnasa bila zebiltzan munduan barrena, unean bertan eta bidean hilko zirenak ahaztu gabe. Eta? Entzun al dun agintariren bat, goi arduradunen bat egin dutenik triskantza haren erantzule?
Bada, horiek guztiak etortzen zaizkidan burura errauskailuaren gaia dela eta. Batzuk tematuta zebiltzan inork nahi ez eta azkenean Zubietako lurretan doan mamu tzar hori eraikitzearekin. Azkar eraiki nahi diten gainera! Aste honetan jakin dinagu Jaurlaritzak berak ere ingurumen baimen guztiak eman dituela denbora errekor guztiak hautsiz.
Halere, larriena, gaur egungo agintariak osasuna eta zientzia arloko adituei erakusten ari zaien destaina iruditzen zaidan. Errausteak herritarren osasuna kaltetzen duela erakusten duten ikerketen aurrean nola erantzungo Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Biodonostia enpresari agindu ez zion bada Zubieta eta inguruko biztanleen osasunean erraustegiak zein eragin izango lukeen ikertzeko!? Hori bai, errauskailua martxan jarri eta bost urtera.
Denon osasunean eragina izan dezakeela zalantzarik txikiena izanda ere ez al liken agintari batek arduraz jokatu beharko eta arriskuak saihestu? Hori ari al dun herritarren ongizatearen alde aritzea?