Mende laurdena darama Ikaslan Fundazioak ikasleak lan mundurako prestatuz. Ikasketen eta lanaren batura egiten dute bertako ikasleek, modu horretan, eskolan ikasitakoa praktikan jarriz. Fundazioak duen bereizgarri nagusia ikasleak ikasle eta langile direla da. Finean, Goierri Eskolako erdi eta goi mailako ikasleek lan praktika gehigarriak egiten dituzten formazio zentroa da, eta helburua lan mundura hobeto eta azkarrago egokitzea da. Ikasitako arlo teknikoak praktikan jartzeko aukera dute.
Iñaki Zabalo Goierri Eskolako zuzendariaren hitzetan balio handia du Ikaslanek. «Ikaslanen ekarpena klabe bat izan da». Eskolan ikasitakoa maila handikoa den arren, produktu errealak egiteko aukera dute, eta horrek, dudarik gabe, eragina du. Ikasle izatetik protagonista izatera pasatzen direla azaldu du Zabalok. Enpresak eskatutakoa egin behar dute ikasleek, lanean bezala. «Lan horrek prezisioa eskatzen du, exijentzia gehiago, heldutasuna, eta baita egiten duzun horren inguruko ardura, ere», nabarmendu du zuzendariak.
Ikasleak langile
Manuel Ormazabal Ikaslan Fundazioko zuzendaria da, eta Ikaslanen garrantziaz aritu da: «Enpresako prozesua eta funtzionamendua ikusten dute ikasleek». Hala ere, Goierriko Eskolaren «beharra» ere nabarmendu du Ikaslanen funtzionamendua egokia izateko:?«Goierri Eskolarik gabe ez litzateke Ikaslan egongo», adierazi du.
Esperientziaz eta ikasten duten guztiaz gain, beste balio erantsi bat ere ematen die Ikaslanek ikasleei. Izan ere, 800 ordu gehiago ematen dute ikasleek. Ohikoa izaten da praktikei dagokienean 2.000 orduz egitea lana, baina proiektuari esker 800 ordu gehiago ematen dituzte. «Prestatuago egiten dute salto lan mundura», esan du Zabalok.
Profilen egokitzapena
25 urte hauetan 3.500 ikasletik gora igaro dira Ikaslanetik, urteko 140 inguru. Bost lan eremu ditu Ikaslanek: laser ebaketa, galdaragintza, metalezko egituren muntaia, kableatu eta armairu elektrikoen muntaia eta mekanizatua.
Egun, 30 lagunek osatzen dute lantaldea, zuzendari, monitore eta kontrataturiko langileen artean. 4.800.000 euroko fakturazioa du urteko, eta 300.000 euroko inbertsio ahalmena. Bailarako puntako enpresentzat egiten du lan Ikaslanek. Lan esperientzia ikasleei ematea lortzen duela azaldu du Ormazabalek, eta horrez gain, inguruko enpresen «konfiantza» ere nabarmendu du Ikaslaneko zuzendariak: «Lan hori azpikontratatzeko konfiantza jarri dute gugan». Alegia, enpresentzako lan egiten du Ikaslanek, eta horrela bertako ikasleek benetako lana egiten dute. «Enpresa askotan dauden langileen erdia Ikaslanetik pasatakoa da», gaineratu du.
Kanpora begira
Urteurren mugaren harira, hainbat ekitaldi egingo dituzte. Lehenengoa Goierriko bost enpresetako arduradunen hitzaldia izan zen, joan den martxoaren 18an, Goierri Eskolako tailerrean. Bertan elkartu ziren ikasle, irakasle eta Goierriko bost enpresa nagusienetariko ordezkariak: Jokin Lopetegi (CAF), Garikoitz Telleria (Irizar), Xabier Imaz (Indar), Jose Luis Perez (Orkli), eta Jon Agirre (Ampo) izan ziren gonbidatuak.
Mahai inguruan enpresen ikuspegia azaldu zieten ikasleei, eta etorkizunean izan ditzaketen aukeren inguruan ere aritu ziren. Enpresetako ordezkariek egindako mahai inguruan hainbat puntu gelditu ziren agerian. Batez ere, ikasleen jarrerari egin zioten aipamena. Imazen esanetan, ikasketak kontuan hartzen dira, baina enpresetan «gehiago eskertu eta bilatzen dugu jarrera, aktibotasuna». Egungo enpresen funtzionamenduaren aldaketaz jabetu beharra dagoela nabarmendu zuten: «Ez gara gutariko askoren gurasoak bizi izan diren moduan biziko», azaldu zuen Lopetegik. Aldaketaz jabetu, eta aukera berriei heldu behar zaiela gaineratu zuten solaskideek. «Kanpora joan beharko zarete lana egitera, eta hori izugarrizko aukera izango da, eta aprobetxatu egin behar duzue», adierazi zuen Agirre Ampoko zuzendariak.
Orain kargu postuetan dauden arren, haiek ere oroitu ziren ikasle garaiez. «Ez nintzen oso ikasle ona, baina lanean, esaterako, fin ibiltzen nintzen», onartu zuen Imazek. Ikaslani esker, ikasten hain ongi ibili ez arren, lanerako baliokoa den ala ez ikusteko aukera dago, eta hori ere kontuan hartzen dute ikaslea ebaluatzerako orduan. «Merkatuan eskatzen dituzten eta gure ikasleen profilak identifikatzen ditugu, horrela lanaren eta ikaslearen arteko binomia sortzeko», azaldu du Zador Gaztañaga Ikaslaneko Giza baliabideen eta formazio arduradunak. «Pertsonak formatzen ditugu, hori ez da ahaztu behar», agertu du Gaztañagak.
Apirilaren 16an Ikaslaneko monitore ohiekin bisita eta bazkaria egin zuten, uztailean gauza bera egingo dute Goierri Eskolako irakasleekin eta sortzaileekin, eta udazkenean patronoen txanda izango da.