Goierriko 23 herritako 67.670 bizilagunen lurraldeak etorkizuneko estatus politiko-juridikoari buruzko galdera bati erantzun ahalko dioten eguna izendatu dute: ekainaren 5a, igandea. Gure Esku Dagoren Elkarrekin prozesua modu horretara borobilduko da eskualdean, sinbolikoki bada ere —galdeketak ez du lege baliorik edo loteslerik—.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeengatik bi aste aurreratu ondoren, Gure Esku Dagok 2013an definitutako hiru urratseko ibilbideko azken etaparen helmuga izango da galdeketa. Ehundu, adostu eta erabaki. Jostorratzekin irudikatuta hasi zen bidea, eta hautesontzi baten aurrean bukatuko du, orain arteko fasea.
Galdeketaren data aurreratzeak beste adostasun bat ere ekarri du, zeharka. Goierriko 23 herrietan galdetzeaz gain, Azpeitian, Ispasterren, Aramaion eta Debagoieneko zortzi herrietan ere ekainaren 5ean jarri dute galdetzeko eguna. Guztira 147.522 pertsona bizi dira eremu horretan. Bozkatu denek ezingo dute egin, adinagatik.
Olatuaren lehen kolpea
Galdeketen prozesua hasi besterik ez da egingo. 2018ra bitartean, ahalik eta leku gehienetan burutu nahi dituzte. Adostasuna dagoen lekuetan galdeketak gauzatu, eta ez dagoenetan, baldintzak sortzen ahalegindu.
Ekainaren 5eko galdeketa bateratuekin, hasierako olatu uhina sorrarazi nahi du Gure Esku Dagok. Bien bitartean, egun horrek berak ere uholde bat eragin du Goierrin.
Apirilaren 16an Araman Goierriko 350 hautetsi eta hautetsi ohi elkartu zirenetik, hilabetean ekitaldi mordoa izan da bailaran, Gure Esku Dagoren ekimena sustatzeko (alboko orrialdean horietako batzuen berri) eta galdeketa girotzeko.
Zaldibian omenaldia 1931koei
Apirilaren 22an, 85 urte lehenago —1931ko apirilaren 19an— Zaldibian autodeterminazio eskariarekin agiria sinatu zuten zinegotzien ondorengoak omendu zituzten. Bederatzi hautetsien senideei oroigarri bana oparitu zieten, eta 1931-36 epeko gertakari politiko nabarmenenak ere gogorarazi zituzten.
Zerain, Segura eta Mutiloa batuta
GEDk, norbanakoak ezezik, herriak ere batzeko gaitasuna baduela erakutsi zuten, apirilaren 30ean, Segurako, Zeraingo eta Mutiloakoek. Hiru herrietan barrena ibili ziren. Zerainen harrera egin —argazkian—, eta Mutiloan zuhaitzak landatu zituzten. Seguran, Iñaki Zarraoak (EAJ) erabakitzeko eskubideaz hitz egin zuen.
Euskal selekzioko atletak ere prest
Euskal Selekzioko mendi lasterkariak Seguran elkartu ziren, joan zen larunbatean. Goierriko galdeketa babestu dute.
Apirilaren 30ean, bestetik, ANC Assemblea Nacional Catalunyako hamar kide Zegaman izan ziren. Pere Vernet-ek eta Josep Maria Bibas-ek hitzaldia egin zuten.
Legazpin kriseiluek argitu dute gaua
Santikutz jaietan, eta langilearen egunaren bukaeran, maiatzaren lehenean, kriseiluak piztu eta aireratu zituzten Legazpin. Plaza jendez mukuru zela, zeru belztua argitu zuten paperezko ehunka kriseiluk. Galdera aurkezpeneko bideoa eman zuten, atzetik musikak lagundurik, ekitaldi sinbolikoaren osagarri bakar.
Ataun eta Zaldibia, areto futboletik
Areto futboleko Gipuzkoako 1. Mailako Liga lehiatuz bukatu, eta etorkizunerako giltza irabazten hasteko indarrak batu. Horixe egin zuten, apirilaren 30ean, Zaldibiako Restin, liga horretako bi ordezkari goierritarrek: Tellatuberri Zaldibi eta Ataun Troskaeta taldeetako jokalariek bat egin dute, ‘Elkarrekin’ prozesurako.
Idiazabalen herri kirolariek babesa
Idoia Etxeberria harri jasotzen bi marka ondu zituen egunean, apirilaren 30ean, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan lehiatu ziren herri kirolari guztiek erakutsi zioten sustengua ekaineko galdeketari. Esnaola, Azurmendi, Urteaga eta Dorronsoro aizkolari goierritarrak, eta Etxeberria eta Eizmendi jasotzaileak, agintariekin.