Zergatik batzuk beti argal dauden bitartean besteek gizentzeko erraztasuna dute? Galdera horrentzako balizko erantzun bat aurki dezakegu giza eboluzioan; izan ere, lehen gizakien garaian beharrezko zen aldaketa genetiko bat, genotipo aurreztailea, herritarren gehiengo handi baten gaitza bihurtu da.
Genotipo aurreztailea terminoa duela 40 urte inguru Neel-ek garatutako teoriatik dator. Teoria horren arabera, gure gorputzeko zenbait genei esker, energia erabiltzeko makina eraginkorrak gara. Giza eboluzioak gure genen bilakaera baldintzatu du, eta biziraupena bermatzeko geroz eta moldagarriago eta eraginkorrago bihurtu ziren. beraien morroi.
Gizakia ez da gaur egungo baldintzetan bizi izan beti, aitzitik, homo sapiens-aren bilakaeran ohikoa zen elikagai eskasia eta gosea, ez zuten nahi zutenean jaten, baraualdien ondoren ahal zutenean baizik; eta ehiztariak eta biltzaileak zirenez, kaloria gastu handia zuten, eta gure genomak informazio hori guztia gordetzen du. Beraz, garai hartan, gure gorputza egoera jakin haietara moldatzeko diseinatua izan zen:
- Ahalik eta gehien jateko elikagaiak lortzen zituztenean, animalia handiren bat ehizatzen zutenean esate baterako.
- Behar zenerako energia aurrezteko.
- Gehiegizko kaloriak gantz eran gordetzeko. Horrela, biziraupena ziurtatzen zen elikagai eskasiako garaian, baita ariketa fisiko gogorra egiteko gaitasuna ere.
Geneak, ordea, ez dira gaurtik biharrera aldatzen, denbora askoko kontua da, eta gu orain dela oso gutxitik bizi gara elikagai-oparotasun, teknologia eta sedentarismoaren garaian. Industria iraultzarekin batera gure gorputzaren diseinuarekin bat ez datozen ohiturak hartu genituen: kaloria askoko elikagaiak jaten hasi ginen; gure elikadura hiperproteikoa, gantz saturatuetan, trans erako gantzetan eta karbohidratu finduetan aberats bihurtu zen.
Egoera horretan, genotipo aurreztailea gaixotasun sustatzaile bilakatu da eta, egun, gizentasunerako joera handitzeko balio izan du. Genotipo aurreztailea dutenek kontsumitzen dituzten elikagaien gantz kantitate handiagoa gordetzen dute. Horrek, muskuluek glukosa kantitate handi bat erabiltzea eragozten du eta, horren ordez, triglizerido eran gordetzen da ehun adiposoan. Horregatik, bi pertsonek berdin jan eta bat bestea baino gizenagoa izan daiteke, jaten duenaren kantitate handiagoa gantz bi-hurtzen duelako.
Egun, genotipo aurreztailea izatea desabantaila handia da, gizentzeko erraztasunaz gain beste gaixotasun asko garatu baitaitezke (diabetesa, hiperlipemia, arterosklerosia, tentsio altua…).Baina genetika ez da kondena bat, genotipo aurreztailea izateak ez du esan nahi ezinbestean sindrome metabolikoaren gaixotasunak garatuko ditugunik, bizi ohitura osasuntsuekin eragotz baitaiteke.
Gogoratu, genetikoki duela 40 mila urteko berak garela. Genak behar bezala elikatzen baditugu, beren lana ondo egingo dute eta osasun ona izango dugu. Baina genei nutriente arraroak ematen badizkiegu edo proportzio desegokian, geneak eta beraiek kontrolatzen dituzten bide metabolikoak gaizki funtzionatuko dute eta gaixotasunak garatuko dira.
Paleolitikoko gen aurreztailearen adierazpena okerra izatean eragiten duten faktoreak di-ra: kaloria eta karbohidrato findu gehiegi (gozoak), zuntz begetal gutxi, gantz saturatu eta trans erako gantz gehiegi, toxiko eta kutsatzaile kiimiko ugari elikagaietan eta elikadura-inbutua (elikagai barietate txikia).