Lide Urrestarazu (Ordizia, 1999) Ordiziako institutuan batxilergoko lehenengo maila egiten ari da aurten. Ikasketez gain, Ordiziako Txindoki atletismo taldeko kidea ere bada. Umetatik egiten du korrika. Iaz mendi lasterketa batean parte hartu zuenetik, oso gustuko du mendian korrika egitea. Etzi, Zegaman jokatuko den Zegama-Aizkorri junior trailean parte hartuko du bigarrenez.
Noiz hasi zinen korrika egiten eta nolatan?
Umetatik egiten dut korrika. Oso gazte nintzenetik naiz Ordiziako Txindoki atletismo taldeko kidea. Pistan eta krosean egin izan dut korrika, baina beti izan dut gustukoago krosa. Hamalau urte ingururekin hasi nintzen, tarteka, mendian korrika egiten, aitarekin. Iaz mendi lasterketa batean hartu nuen parte lehen aldiz, eta izugarri gustatu zitzaidan.
Mendian ala kalean korrika egitea duzu nahiago?
Zalantzarik gabe mendian. Natura eta kirola uztartzeko aukera ematen dit mendian korrika egiteak. Korrika egiteaz gainera, naturarekin bat egiteko aukera ematen dit.
Zer ematen dizu korrika egiteak?
Deskonexioa. Egunerokotik ateratzeko aukera ematen dit korrika egiteak. Gainera, kirola egiteak nire buruarekin eta naturarekin konektatzen laguntzen dit.
Entrenamendu jakinik jarraitzen duzu?
Ez. Gehienetan nire kontura egiten ditut entrenamenduak, egunaren arabera aldatzen joaten naiz, gorputzak eskatzen didanaren arabera. Korrika egiteaz gain, beste kirol batzuk tartekatzea ere gustatzen zait: mendira joatea, bizikletan ibiltzea, igeriketa, iraupen eskia, rollerrak…
Gogoan al duzu aurkeztu zinen lehendabiziko proba?
Iaz hasi nintzen mendikoetan, 16 urterekin. Garingo mendi lasterketa izan zen lehendabizikoa, eta gustura ibili nintzen. Azken hilabete honetan, garrantzitsuagoak diren Mello saria, Bizkaian, eta Trail Otañes, Kantabrian, korritu ditut.
Etzi Zegama-Aizkorri junior trailean parte hartuko duzu. Nola ikusten duzu zure burua?
Lehiatzera bai, baina batez ere disfrutatzera aterako naiz. Oso giro ona izaten da Zegama-Aizkorrin. Ondo ateratzen bazait hobeto, baina bestela ere, ez da ezer pasatuko.
Ez da parte hartuko duzun lehen aldia, iaz ere parte hartu zenuen, lehen aldiz gainera. Zer moduz aritu zinen?
Zegama-Aizkorri junior trailean parte hartzeko 16 urte beteta izatea derrigorrezkoa da. Iaz izan nuen lehenengoz parte hartzeko aukera, eta oso gustura aritu nintzen, bigarren egin nuen.
Aurrera begira, etorkizunean zure burua korrika ikusten duzu?
Luzaroan korrika egiten jarraitu nahiko nuke, presiorik gabe, bidean gozatuz eta disfrutatuz. Egunen batean korrika egiteari utzi beharko banio ere, ziur naiz beste modu batean jarraituko nukeela mendiaz gozatzen.