Neurrira egindako lana, neurrira moldatutako eta partekatutako gunean. Urretxun bada horretarako tokia:?Sortzen Cowork-a. Goierri garaiko lau ekintzailek eta enpresa txikitako arduradunek egiten dute lan han.
Geroz eta ugariagoak dira enpresa txikiek, ekintzaileek edo beren kabuz lan egiten duten langileek partekatzen dituzten bulegoak. Coworking deituriko sisteman oinarrituta daude, hau da, lan egiteko guneak konpartitzean. Goierrin bada horietako eremu bat, Urretxuko Mugitegi industrialdean, Sortzen Cowork-a. Urola Garaiko Garapen Agentziak, Uggasak, kudeatutako gunea da. Une honetan lau enpresak –sei ekintzaile guztira– dute han ezarrita egoitza: Eneko Maiz diseinatzaileak, Josu Altzelai argazkilariak eta IKT On eta Salto Home Personal Training enpresek.
Lan giro serioa baina, aldi berean, alaia eta adeitsua sumatzen da Sortzen Cowork-en sartzerakoan. Espazio irekia da, 70 metro koadrokoa. Ezkerraldean, beren egoitzak bertan finkatu dituzten bi ekintzaileak: Altzelai eta Maiz; eskubialdean, hot deskers deiturikoak, hau da, lan jarduna amaitutakoan beren ordenadore eta traste guztiak jaso eta etxera eramaten dituztenak. Hot deskers-ak IKT On enpresako Josune Aranguren eta Izaro Arbizu, eta Salto enpresako Jurgi Fernandez eta Unai Jorge dira. Ostiraletan, Amaia Amenabar elkartzen zaie guztiei, Uggasako ekintzailetasun teknikaria.
Cowork-a erlaxatze gune batek osatzen du:? kafe makina bat, mikrouhin labe bat, sofa bat… Ez zaio ezer falta.
Ekintzailetasunaren alde
Maiatza ekintzailetasunaren hilabetea da Europan, baina Sortzen Cowork-en egunero da ekintzaileen eguna. Erabiltzaile guztiak ekintzaileak dira: proiektuak sortu, haietan sinetsi eta haien alde arriskatu dira eta enpresa bat sortu dute.
Ekintzaile izatea da, edo norberak sortutako proiektu edo enpresa bat izatea, espazio hori erabiltzeko baldintzetako bat . Enpresa edo proiektu horrek, gainera, Goierri garaikoa izan behar du edo eskualdean eskaini bere zerbitzuak. Eta espazio horretan beren egoitza ezartzen dutenek, «konpartitu» egin behar dute, Amenabarrek dioen bezala, «jende gehiagorekin lan egin behar da eta zarata egon daiteke;?horrela lan egitea onartu behar da».
Urretxuko Cowork-a 2013an sortu zen, Uggasak 1994tik martxan zuen ekintzailetasun zerbitzuari bultzada eman asmoz. Inkubategia deituriko gunea osatzeko eratu zen, eta eskualdeko enpresa txikiei eskainitako bulego haiek zeuden pabilioi berean egokitu zuten. Bederatzi lagunentzako tokia du, eta une honetan sei daude.
Cowork-en lan egiten dutenek hilean 90 euro (+BEZ) ordainzen dute, edo 50 euro (+ BEZ) hot desker direnek. Alokairuan sartzen dira lokala eta altzariak, argia, berogailua, ura, garbiketa, Interneta… eta asteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan sarbidea.
Kolaborazio iturri
Eneko Maiz 2014ko abendutik dago Cowork-en. Aurrez enpresa txiki batean zegoen soldatapean, baina lan hura galdu eta bere kabuz hasteko aukera eman zion Elkar argitaletxeak. Autonomoetan alta eman eta harrezkero gelditu gabe dabil, UGLE, Gureak, Uggasa, Urola Garaia Turismo eta beste bezero batzuei erantzunez. Diseinu editoriala da bere lan eremua.
Etxean lan egiteko lekurik ez zuelako jo zuen Cowork-era, Uggasak eskainita. Gustura dago:?«Etxetik kanpo lanari erantzuteko espazio bat daukazu, merkea, eta bakarrik egon ordez, espazioa elkarbanatzen duzu». Horrek, «kolaboratzeko» aukera ematen dio:?argazkiak behar baditu, ondoan lan egiten duen Altzelairi eskatzen dizkio;?Saltok triptikoak behar baditu berari eskatzen dizkio… Badu, ordea, gauza txar bat:?«Interneta ez dabil ondo. Zuntz optikoaren zain gaude!».
Irizar, CAF, Natra, Ulma edo Ampo enpresetarako lan egiten duen Altzelai argazkilariak ere kexa berbera du. Bestela, pozik dago Cowork-en. Lantegi batean egiten zuen lan, eta argazkilaritza afizioa besterik ez zuen. «Lanean ez nengoen gustura eta argazkietatik bizi nintekeela ikusi eta aurrera egin nuen 2008an. Etxean egiten nuen lan hasieran, baina denbora asko galtzen nuen eta, aldi berean, beti nengoen lanean». Cowork-aren berri izan zuenean, bisitan joan eta gustatu egin zitzaion. Bere bulegoa bertara aldatu zuen 2015eko urtarrilean. «Gustura» dagoela dio, «lan egiteko oso leku ona da, lokaletik hasita:?argitsua, diafanoa, modernoa… gustura etortzen zaren lekua da». Gainera, jendearekin lan egiten du eta «giroa oso-oso ona da».
Kaskoak jarrita
Giro ona, bai, baina batzuetan zaratatsua ere gerta daiteke lanerako. Une horietarako kontsigna bat dute Cowork-en:?«Kaskoak jarri eta konzentrazioa behar dudala adierazten dut, pakean utz nazatela», dio IKT On enpresako Josune Arangurenek. Izaro Arbizu bazkidearekin batera egiten du lan Cowork-en, hezkuntza arloari teknologia berrietan formakuntza eta aholkularitza eskainiz. Aretxabaletako Amaia Arroyo da hirugarren kidea, baino horrek ez du Cowork-en lan egiten.
Aranguren eta Arbizu hot deskers dira, eta urte bete daramate bulego konpartitu honetan. Uggasarekin egindako formakuntza saioetan ezagutu zuten, eta funtzionamenduak, irizpideak eta prezioak bultzatuta aukeratu zuten, baita leku finko baten beharrak ere. «Dena ona dauka» diote, baita kafe orduak ere:?«Oso produktiboak dira, besteen lanez hitz egiten dugu, ideia berriak ateratzen dira. Hausnarketarako uneak dira». Oso giro ona dutela nabarmentzen dute biek, eta «lagunduta» sentitzen direla;?elkarrekin lan egiten dute, eta kolaborazioak sortzen dira.
Iritzi berekoak dira Fernandez eta Jorge, bulegoko gazteenak eta bertara iritsi diren azkenak: «Esperientzia ona izan da. Biok bakarrik lan egiten ohituta geunden, eta hemen beste bizi bat dago». Lankideekin ondo konpontzen dira, eta elkar laguntzen dute.
Salto proiektua amaitzeko leku fisiko eta finko bat behar zutelako iritsi ziren bi gazteak Cowork-era duela hilabete batzuk. Ordura arte, tabernetan edo liburutegitan elkartzen ziren. Cowork-en, proiektua enpresa bihurtu dute. Etxean entrenamendu pertsonalizatuak eskaintzea da Saltoren xedea, baita on-line ere. Bulegoan prestatzen dituzte saioak eta lanean daramaten denbora laburrean, Cowork-eko giro atsegina eta kolaborazioa lagun, lortu dituzte lehen bezeroak.