«Idaztera eseri baino lehen berrogei urte baino gehiago mantendu nituen nire oroimenak ixiltasunean, barren-barrenean kutxa batean zigilu batekin itxita baleude bezala.» Horiek dira Angel Gonzalez Katarainen (Ordizia, 1961) A la medianoche dokumentalaren lehenengo pantailan irakur daitezkeen hitzak.
«Berrogeita hamaika urte ondoren guztia taupadaka nuen barruan, bizirik egongo balitz bezala» jarraitzen du Klara Badiolak dokumentalean irakurtzen duen poesiak. Angel Gonzalez Katarain Siete calles en la Habana proiektuan murgilduta zegoela giza bizipen bihotz-erdiragarri bat kontatzen zuen idatzi bat heldu zen bere eskuetara.
Javier Arzuagaren historia kontatzen duen dokumentala da A la medianoche. Javierrek berrogeita hamabost presori fusilatu eta heriotzaren aurretik, euren azkeneko egunetan, orduetan eta minutuetan lagundu zien pertsona izan zen. 1959ko lehen hilabeteak ziren La Cabaña presondegian. Handik zebiltzan Che Guevara bezalako pertsonaia ezagunak, garai hartan La cabañako komandantea zena.
Nola sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Kubara egindako bidaiekin dauka zer ikusia eta baita arbasoek herrialde honekin egindako erlazioagatik ere. Nahi gabe euren aztarna uzti zuten han. Beti egon da euskal komunitate handi bat irlan. Euskal abizen bezala zituzten zazpi kale aukeratu genituen, Biboko Zazpi kaleei begi keinu bat egiteko asmoz eta lehenengo kalearen inguruko dokumentala grabatzen hasi ginen. Belaskoain izan zen lehenengo kale hura.
Arzuaga kale horietako baten izena al zen?
Ez, ez. Aipatutako proiektuan sartuta nengoela, 170 foliotako txostentzar bat agertu zen. Irakurtzen hasi eta Kubara joandako Oñatiko Frantziskotar baten historia kontatzen zuen, Javier Arzuagaren historia zen.
Nor da Javier? Eta zer egiten zuen Kuban Oñatiko Frantziskotar batek?
Dokumentalean agertzen da zure galderaren erantzuna. «Akatu nuen ume baten hilotza naiz ni, edo akatu egin zuten? 10 urte baino ez zituen umeak»
Javier, egun, Frantziskotar ohia da, elizbizitza utzi baitzuen. Bere gurasoek Arantzazura eraman zuten Jainkoaren gizon egin zedin. Ikasketak amaitu ondoren, Hegoamerikara bidaltzen zituzten lekaide gehienak. Javier, ordea, Erromara bidali nahi izan zuten, eliza barruan gora egiteko aukerak ikusten baitzizkioten. Berak baina, ez zuen horrelakorik uste eta ezezko erantzuna eman zuen. Hori dela eta, Kubara bidali zuten, zigor modura.
Zer kontatzen zuen folio haietan?
La Cabañan izandako bizipena kontatzen zuen. La Habanan kokatuta zegoen presondegi bat zen hori. Harresi horietan, espaniarren kolonizazioaren garaietatik fusilatu dira presoak. Testu hark lehena eta oraina markatu zuen. Hain interesgarri iruditu zitzaigun Javierren bila hasi ginela.
Baina lehendik ezagutzen al zenuen Javier?
Noski ezetz! Ni momentu hartan uste dut Palestinan nengoela beste dokumental batzuetarako lanean. Amaiak [Apaolaza], nire lankideak, Puerto Ricon topatu zuen eta deitu egin zion. Ezagutu nahi genuela esan zion eta Javierrek ezin zuen sinetsi.
Nolakoa izan zen lehenengo kontaktu hori?
Oñatikoa denez, eta nik bertan jende ugari ezagutzen dudanez, hortik sartu nintzaion. Gainera, momentu hartan esku artean nuen Belaskoain dokumentalaren inguruan hitz egin nion. Kuba ezagutzen zuenez, laguntza eskatu nion. Gerturatzeko eta bere liburua argitaratzeko modu bat zen, nahiz eta Internet bidez izan bakarrik. Hori izan zen lehenengo ideia. Dokumentala egitearena beranduago bururatu zitzaidan.
Zer erantzun zuen berak?
Brometan ote geunden galdetu zigun eta barre egiten zuen. Laurogei urtetik gora ditu orain, ez da ezkondu, eta guztia jartzen du zalantzan umetatik, baita bere burua ere. Horrek, bide bakar bat ez dagoela pentsatzera eraman zuen. Izaki argi eta bihurria da, eta hau guztia dokumentalaren hasieran, lerro bakar batean agertzen du: «Ez da erraza bakoitzaren barruan gertatzen den borrokaren ikusle izatea». Bere siniskerak zalantzan jarri zituen, eta azkenean elizatik atera zen, maitemindu eta 3 seme izan zituen. Berrogei urte baino gehiago barruan izan du istorio hau.
Zerk darama kontatzera?
Bere semeak eta lagunen bat izan ziren konbentzitu zutenak. Horrelako zerbait berarekin eramateko eskubiderik ez zuela esaten zioten. Kubako historiaren parte da.
2006an eskuko liburu batean argitaratu omen zuten jada bere istorioa argitaletxe amerikar baten eskutik. Baina intentzio txarra baino ez zien ikusten haiei. Ez zuen berriz bueltaka ibiltzeko gogo gehiegi, baina aldi berean ez zitzaion guztiz gaizki iruditzen. Hala ere, nola liburu baterako izango zen, ikuspuntu literariotik hobetu zitzakeen gauzak zeudela esan zigun. Hainbat egun pasatu genituen elkarrekin, eta bere etxean hainbat elkarrizketa grabatu nizkion modu inprobisatuan. Dokumentala ixteko balio izan zuten gainera. Momentu hartan hitz egin genuen lehenengo aldiz dokumentala egiteko ideiaren inguruan.
Eta zer kontatu zizun?
Espekulazio askorako aukera eman duen zerbait da, informazio gutxi dagoelako inguruan.
Eta zuri lehen pertsonan iritzi zitzaizun.
Erreboluzioaren kontrako alderdietan izugarri manipulatu den gai bat da. Horiekk diote bostehundik gora direla Batistaren aldean fusilatuak La cabañan erreboluzioak irabazten duenean. Zenbaki hau ez zegoen batere argi eta halako batean, berrogei urte ondoren, marroi hau jan duen Oñatiko tipo bat agertzen da. Guztia liburu batean idatzita utzi du, izen eta abizenekin. Edertasunez, heriotzaren zain zegoen pertsona bakoitzarekin egin zuen erlazioaren inguruan zerbait kontatzen du.
Izenen bat aipatu dezakezu?
Ariel Lima zen horietako bat adibidez. 19 urteko mutil bat. Bi alderdietan egon zen eta azkenean fusilatu egin zuten. Castaño zen beste bat. Ez zuen federik, baina Javierri heriotzaren momentuan bere fedea utziko ote zion galdetu zion.
Grabatzeko arazorik izan al zenuten?
Bat ere ez. Guztia turista baten ikuspuntutik dago grabatuta eta horretarako ez dute permisorik eskatzen. La Cabaña egun museo bihurtutako gotorleku kolonial bat da. Dokumentalean, beraz, gaur egungo irudiak agertzen dira. Kartzelako irudiak, fusilamenduetako paretak, zigor gelak, fusilatu aurretik pasatzen zituzten pasabideak… Ez genuen garaiko irudirik gehitu nahi izan. Helburua, Javierrek kontatzen zuena egungo itxurarekin konparatu ahal izatea zen.
Eta berak ikusi al du dokumentala? Zer esan zuen?
Ordizian berarentzat bakarrik egin genuen proiekzio bat. Pantailan bere burua ikusi zuenean esan zidan: «Kendu gizon zahar hori nire begietatik!». Niretzako oso garrantzitsua zen bere iritzia. Bera gustura ez zela gelditu sentituko banu ez nukeen argitaratuko.
Dokumentalaren lehenengo hitzekin hasi gara, zeintzuk dira azkenak? Javierren hitzak al dira?
«Justizia egiteko aukera dugunean eta horren modu gogorrean egin nahi dugunean, momentu hortan hasten gara gizadiarekin bidegabe izaten».