Akatsa, hutsa…zenbat aldiz egina, zein bidaide ezagun gure eguneroko jardunbidean, hasitako eta ekindako lan-prozesu bakoitzean. Akatsak han-hemenka, gure izaeran nahastuak, elkarrizketetan eginak, bihozkada eta burutazio bakoitzean, gure pausoetan, etsitako, eutsitako eginkizunetan. Akatsa, bai, akatsaren itzal itzela guregan… eta? Horren gaitza ote dugu berau, geure buruak zein besteenak, horrenbeste zigortzeko?
Walter Riso-ri, terapeuta eta psikologo italiarrari, egindako elkarrizketa irakurtzen aritu naiz egun hauetan. Elkarrizketaren arrazoietariko bat: psikologoak Maravillosamente imperfecto, escandalosamente feliz idatziriko liburua. Liburuak hainbat atal ukitzen baditu ere, perfekzioa gaia du hizpide, alegia, gizakiok egin nahi dugun guztia ezin hobeto burutu nahiaren ezaugarriaz . Perfekzioari buruz aritzean, betekizunak azkar eta ongi egiteaz, lehiakortasunaren harra zein eskaera maila larregia izateaz gain, gure buruak ezinean eta garena ez onartu bezalako ideiez aritu da Italiako aditua.
Zenbat aldiz, besteak geure buruak baino, maite, zaindu, lagundu nahi izan ditugu? Sarriro, besteen aurrean gizon edo emakume perfektuaren irudia gorde nahian, baina gure barrua maitatu ez eta bere oinarriak sendotu gabe. Ez da osasuntsua irudi horixe guregan sortzea, izan ere, geu ez garena sortzen ari baikara, irudi bat, argi dago zail dela halako oinarriari eustea, nonbaitetik hasten baita etxea triskatzen.
Zenbaitetan, ez al diegu geuk geuri eta gure ingurukoei halakoak esaten?: «izan zaitez bikainena», «lor itzazu emaitzik onenak»… beti konparatzen, estatus halako bat defendatzearren, bizia jokoan balego bezala. Sarri, jendeak emango digun onarpenaren morrontzan bizi gara, halako edo horrelako eginez, horrexek geure barrua asebeteko duelakoan. Bestetik, zalantzan bagaude, ziurtasun eza ez bizitzea gaizki ikusia dago, perfekzioaren garaikurretik urrun baitago; zein aberats eta sakonak Xabier Lete-ren hitzak: «Jakintsuagotzen gaituen zalantzak» zionean. Bai, zalantza eta gure buruak egoera bakoitzean, diren bezala onartzea irakasbide jakintsua dela iruditzen zait, Bizian norbera dena izateko bide bikaina baita.
Riso-k gure larritasunaz aritzean, hainbat klabe lagungarri ematen ditu: lehenik, emaitzaz arduratu baino, prozesuaz gozatzea, bidean emango dugun urrats bakoitzez ohartuz. Bigarrenik, jarduera guztiak berehala egin baino, pazientziaz eta barruko isiltasunaz gozatzen ikastea. Azkenik, talentua garatuz, norberaren bokazioarekin bat egitea.
Risok esandakook, egia borobilak iruditu zaizkit. Guztiongan dago «perfekzionismo»-aren gehiegikeriarekin bat egin baino, duinki, gura dugun bizia eraikitzen joatea. Jardute horretan, erabakiak geuk hartu behar ditugu, gure ezinbesteko betekizuna da; senideek, ezagunek edo lagunek lagun bagaitzakete ere, erabakiak pertsona bakoitzarenak dira, norberak hartzen ikasi beharrekoak, barruz hazteko eta hezteko.
Azkenik, zoriontsuak izateko errezetak saltzen zaizkigu, triste inor badago, triste ez egoteko, batzuetan, obsesiozko beharra burutzea eskatuz: «Izan halako», «Izan bestelako» jendaurrean, mozorrotze-dantza bihurrian aritzeko. Bestetan, honakoa esan ohi zaigu «izan zoriontsu», eta nire ustez, «izan zoriontsu edo izan ondo» baino, neuk nahiago dut «izan zaitez» esatea, unean uneko egoera onartzen ikasiz, epai edo juzkurik egin gabe, biziarekin bat eginez, bizia den moduan besarkatuz. Tartean, akatsak egiten ditugula, ba, beude akatsak, horiek ere erakusten digute bidea eta irtenbidea zeintzuk diren. Zure eguneroko ahaleginean, zorte ona opa dizut, eta sakonetik, badakizu, izan!