Gorka Erostarbe
Bi irudi, Josu. Baga: Goizetan lantokira iristen naizenekoa. Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkearen parean Txitxarrain baserria dago. Bertako amona ikusten dut egunero. Baratza txikian aritzen da lanean; edo etxeko atarian eserita egoten da, infinituari begira; edo pasieran, etxe inguruan, inbidiagarria zaidan ibilera pausatuan.
Biga: etxerako itzulerakoa. Gauez gehienetan. Zaldi edo behor zuri bat, ez baitakit nik bietarik zer den. Baina ederra inondik ere. Agerpen ametsezko bezain errela. Sosegua transmititzen didana. Andoaindik Zumarragarako bidean, ditxosozko N-1 eta GI-632ak bukatu eta Eitzara garamatzan lotunean. Eskuinaldean. Aldapa besterik ez den lekuan, han azaldu ohi da, tente, dotore. Eta niri agur egitera igo dela iruditzen zait, zertara bestela! «Lasai, txotxo! Amaitu duk gaurkoa. Ongi etorri soseguaren eremura», baretzen nau.
Eta neuk nire kolkorako: Bi irudi horien artean zer arraio egin dut nik? Zertan igaro dut denbora tarte hori? Zenbat alferrikako letra batu ditut ordenagailuan? Zenbat gauza inportante usteko produzitu? Estresa bizi dugu. Estresak bizi gaitu. Estresa egin dugu eguneroko bidelagun, eginarazi digute. Non galdu genuen naturarekiko harmonia? Non galdu denbora pausatuaren biorritmoa? Ez dakit topatuko ditugun inoiz-inon berriro.
Nik Txitxarraingo amonaren eta zaldi zuriaren irudiak ditut kontsolamendu. Zuk, Josu?
Josu Aztiria
Serio aztertu eta sakon eraldatzeko modukoa iruditzen zait daramagun bizitza erritmoa: neure burua eta lagun asko ikusten ditut beti lanez gainezka, kaletik arnasestuka, elkarrizketa lasai bat izateko denborarik gabe, «egongo gea bale?» edo «deituko dizut beste egun bate lasaiago!».
Ni ere Usurbildik etxerako bueltan topatu naiz inoiz zaldi zuriarekin edo behorrarekin, bat batean iluntasunean, zapla! Nik ere ez dakit zaldia edo behorra den, baina ematen dit zer pentsatua: naturaren jakintza eta bioerritmoetatik erauzitako kaletarrak bihurtu gara, eta hor egin daiteke gure ezinegonaren arrazoietako bat.
El cielo gira filmeko irudi bat gogora, Gorka. Soriako Aldeaeñor herrixkan kokatua, ia 14 biztanle besterik ez dira geratzen eta bizi-molde hori nola galtzen doan islatzen du filmak. Bi herrikideren arteko elkarrizketen lasaitasuna eta erritmoa pausatua, isiltasuna.
Iruditzen zait azken hamarkadetan gehiegoaren ongizate materiala handitu den arren, ongizate psikiko eta afektiboan geroz eta zulo handiagoak ditugula… Erresuma Batuetan, mindfulness gisa ezagutzen den meditazio-praktika politikan publiko bihurtu dituzte. Zertarako? Depresioa, estresa edo loari loturiko nahasteei aurre egiteko. Meditazioak onura pertsonal eraldatzaileak dituela uste dudan arren, bizitza-eredua ezbaian jarri gabe meditazio mendebaldartua eta ahalduntze pertsonalaren mistika berria kapitalismoaren osagarri ideologiko perfektua dira.
Bizitza produktiboaren erritmoen kalteak baretu eta leuntzeko ahalduntze pertsonala aldarrikatzen den garaiotan, produkzioa bizitzaren eta naturaren erritmora egokitzeko ahalduntze kolektiboa eta pertsonala aldarrikatzea dagokigula uste dut.