Bat datoz denak. Gure Esku Dago dinamikak etzirako antolatu duen galdeketaren arrakastaren giltza parte hartzean dago. Gero eta parte hartze zabalagoa, orduan eta arrakasta handiagoa. Berdin dio emaitzak, berdin dion zein erantzun gailentzen den, kontua parte hartzean eragitea da. Igande honetarako erronka da hori, baina aurretik, prozesua martxan jarri eta abiarazteko ere behar izan da arrakasta parte hartzean.
Gizarteko eragile ezberdinen arteko elkarlana bilatu da, ildo politiko, pentsaera, adin, molde eta jite ezberdinetako jendea elkarri begira jartzea izan da erronka. Eta lortu da. Gazteei dagokionean ere makina bat izan dira prozesuan parte hartu dutenak, edo etzira begira lanerako prest agertu direnak. Urretxuko Mikel Antia —argazkian eskuinean— eta Markel Babarro —argazkian ezkerrean— dira bi adibide.
Galdera taldeko kidea
Antiari (Zumaia, 1994) 2014an Durango eta Iruñea batu zituen giza kateak piztu zion erabakitzeko eskubidearen aldeko grina. «Oihartzuna handia izan zen, eta Kataluniako prozesuarekin batera bertan ere ilusio handia sortu zuen. Beti kanpora begira egon beharrean, hemen ere zerbait egiteko beharraz jabetu nintzen», dio. Egun hartan, kuadrillako lagunekin batera bere burua eskaini zuen antolaketan laguntzeko.
Geroago iritsi zen ehuntzearen fasea. «Eragin gutxiago izan zuen jendearengan, eta nik neuk ere ez nuen gehiegi jarraitu», aitortu du. Azken fasea, galdeketarena, ezberdina izan da urretxuarrarentzat, «jendearengan hasierako ilusio hura berriz piztea lortu du». Goierriko galdera komisioan parte hartzeko proposamena luzatu ziotenean segituan esan zuen baietz, «une historikoa izango da, eta horren parte izatea pribilegio handia da». Erabakitzeko eskubideari merezi duen garrantzia aitortu behar zaio, «euskaldun identitatea onartuta egotea gustatuko litzaidake». Dena den, erantzunetik harago, «parte hartze handiko eguna» izatea nahi du Antiak, «ahalik eta erantzunik errealena lortu ahal izateko».
Parte hartzea da giltza
Babarrorentzat ere (Urretxu, 1996) parte hartzea izango da giltza. «Jendea aurrera jarraitzeko prest dagoen ala ez erakutsiko digulako». Prozesua gertutik jarraitu du, eta «oso interesgarritzat» jo du. «Herritik sortu den zerbait da, pausu handiak ematen ari dira, jende asko dago inplikatuta eta ikusi da zerbait lor daitekeela honen bitartez», ondorioztatu du.
Etzi lanean egongo da galdera mahaietako batean, «emaitza ez da loteslea izango, baina jendeak zein interes duen jakiteko baliagarria izango da». Norberak pentsatzen duena esan ahal izatea «pertsona orok duen eskubide bat da, eta horri ezin zaizkio oztopoak jarri». Prozesu hau guztia «hori praktikan jartzeko tresna egokia» dela iruditzen zaio.