Larraitz Zubeldia (Beasain, 1977) da Gure Esku Dago dinamikaren zuzendaritza batzordean Goierriren ordezkaria. Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko lanean, ziur asko orain arteko urrats esanahitsuena egingo du GED, ekainaren 5ean: herri galdeketa. Loteslea izan ez arren, prozesu baten bidean pauso bat dela ziurtatu du. «Etorriko da loteslea», dio.
Gure Esku Dago zer giharrerekin iritsi da galdeketara?
Gure Esku Dago erabakitzeko aroan murgilduta dago. Behin Eskura prozesuaren hausnarketa amaiturik, hurrengo urteetarako plangintza bat definitu zen. Giza katean erabakitzeko eskubidearen aldarria egin genuen, iaz Euskal Herriko estadioetan hautetsontziak irudikatu genituen eta aurten erabakitzen hastera goaz. Plangitza horretan txertatzen dira herri galdeketak, herri edo eskualde bakoitzak duen erritmora egokituz. Goierritarrok herri galdeketen lehen olatuan goaz Debagoiena, Aramaio, Azpeitia eta Ispasterrekin batera. Erabakitzera goaz.
Galdeketarako antolaketa zer moduz joan da?
Goierrin uztailetik gabiltza lanean buru-belarri. Azaroan plazaratu genuen estatus politikoa ardatz harturik galdeketa egitera eta bideari ekitera gindoazela. Behin herritarron borondatea baturik, galdeketa bera antolatzen hasi ginen hainbat lantalde. Ordutik ona bilera eta ekitaldi ugari antolatu ditugu. Orain, azken txanpan sartuak gaude, eta urduritasunak ere antzeman dira. Baina ziur nago egindako lanak emango duela bere fruitua.
Zer izan zaizue GEDn lanean ari zaretenoi zailena?
Gustuko tokian aldaparik ez. Ez dut esango dena erraza izan denik, baina aitortu behar dut ni pertsonalki oso kontentu nabilela. Elkar ezagutzen ez genuen jende asko topatu eta ezagutzeko aukera eman dit prozesu honek. Lan talde polita osatzen dugu. Denok azkenean helburu berdina dugu, eta ilusioz ari gara lanean. Ikasteko aukera ere ematen ari zait. Zailena, agian, hainbat ate desberdin jo behar izana. Ez gaude ohituta, baina hori ere ikasiz goaz. Beti ez dira gure gustuko erantzunak izan, baina garbi dugu: irribarrea ahoan eta ‘beste bat arte’. Hastapenetan gaude. Oraindik beldurrak, zalantzak, errezeloak badaude, baina landu beharrekoak dira, hitz eginez eta entzunez. Guk beldur, zalantza eta errezeloak aukera bihurtu nahi ditugu.
Zure lana zein da GEDn?
GEDko beste kide bat naiz, eta, aldi berean GEDko Zuzendari Batzordean goierritarron ordezkaria; hau da, mezulari lanak egiten dituena. Erabakiak partekatuak eta adostuak dira.
Goierriko galdeketak zer helburu du?
Orain egitera goazen besteekin batera, erabakitzeko aroa abiaraztea. Herri galdeketa hau ez da loteslea, baina etorriko da lotestea den galdera hori. Herri galdeketak kultura demokratikoa landu eta bizikidetza sustatzeko erreminta egokiak dira. Lana elkarrekin eginez, emaitzak oparoagoak dira.
Ekainaren 5a zer izatea espero edo nahi duzue?
Ospakizun bat. Gure helburua ahalik eta parte-hartze handiena izatea da, ezezkoak zein baiezkoak. Gure indarrak hor ditugu jarriak. Baina niri, pertsonalki, ez zait zenbakiez hitz egitea gustatzen. Garbi dago batzuetzat garaipena dena besteentzat porrota izango dela. Baina hemen lortuko dena ezin daiteke zenbakitu. Bidean hainbat altxor lortzen ari gara, ezin daitezkeenak egun bateko emaitzetan bakarrik islatu. Hemen dugun xedea ez da epe motzekoa, epe luzekoa baizik. Oraindik erpin asko ditugu borobiltzeko.
«Beldur, zalantza eta errezeloak aukera bihurtu nahi ditugu, hitz eginez eta adituz»
«Erabakitzeko aroa abiatzera doa. Galdeketa hau ez da loteslea, baina etorriko da hori»
«Hemen lortuko dena ezin da zenbakitu, bidean altxorrak lortzen ari baikara»
«Ekainaren 5a ospatzeko egun bat izango da, erabaki ahal izango baitugu»
Aurreko asteetan, kaleko giroa hotz samarra ez ote da izan? Zer irudipen jaso duzue gizartean?
Aurreko bi urteetako esperientzia badugu, eta azken momentura arte ez da giroa berotzen. Garbi dago ez duela batere lagundu galdeketa noiz egin ahalko genuen zehaztu ezinak. Espainiako hauteskundeak tartean izanik, azken momentura arte ez baitugu eguna jartzerik izan. Baina horrek aukera eman digu indartsuago ateratzeko.
Eguna gerturatzen ari den adinean, giroa berotzen doa. Guk ditugun kartutxo guztiak erreko ditugu. Herrietan ekintza xumeak, baina aldi berean erakargarri eta hunkigarriak egiten dira. Behin baino gehiagotan atera zait malkoren bat.
Ekainaren 5a, ospatzeko egun bat izango da, erabaki ahal izango baitugu. Horretarako hainbat festa eta ekitaldi antolatzen ari dira Goierriko herrietan. Eragile asko animatu zaizkigu, eta poza ematen du. Ekintza parte-hartzaileak izango dira, eta denak gonbidatzen ditut bertan parte hartzera. Noski, aurrez botoa emanda.
Azpiegitura eta laguntzaile-boluntario aldetik, behar besteko erantzuna jasotzen ari zarete?
Ari gara osatzen. Goierrin herri galdeketa aurrera eramateko 800 lagun inguru behar ditugu: jarraipen batzordeko kideak, informatikariak, hautes mahaietakoak, segurtasuna, komunikazioa, muntaketa… Zeregin ugari dago.
Ateratzen den emaitzak zer bide izango du gero?
Gure atzetik herri galdeketa asko datoz. Bakoitza bere erritmora doa. Baina dagoeneko plazaratu dute hainbat herritan eta eskualdetan egitera doazela: Oiartzualdea, Hernani, Durangaldea, Uribe Kosta, Bakaiku, Dima, Lakuntza… Beste zenbait tokitan, berriz, gune horiek sortzen ari dira. 2017a oso emankorra izango da. Ematen ari garen pausoak txikiak dira, baina, pixkanaka bada ere, beti aurrerantz. Eta hau batzen joango da.
GEDk zer asmo du etorkizunerako? Euskal Herri mailako galdeketarik bai? Noiz, nola?
Lehen aipatutako moduan, beste abiapuntu batean gaude. Eskura prozesuak datozen bi urteetako lanketa du. Herri edo eskualdeak du gerora etor daitekeen galdera loteslea egikaritzeko gune eta giro egokia lortzeko erronka. Inork ez baitu ezagutzen bere herria bertako herritarrek ez bada. Bakoitza bere pausora, bidea eginez. Hau herri ekimen bat da, eta guk egingo dugu guztia posible; guk dugu hitza eta etorkizunaren giltza. Bide-lagun denak zoriondu eta animatu nahi ditut. Gaizki dagoke nik esatea, baina ikaragarria egitera goaz! Jende zoriontsua, herri libre batean…