Munduan estaturik gabeko nazio asko daude. Horietako asko Euskal Herriari begira egongo dira ekainaren 5ean.
Munduan estaturik gabeko nazio asko daude eta bidea elkarrekin egin nahi dute. Anna Arque kataluniarrarekin, Bernard Daelemans flandriarrarekin, Ahmed Labeid sahararrarekin eta Macrea Clarke irlandarrarekin hitz egin du GoiBerri-k ekainaren 5eko galdeketari buruz.
Arquek eta Daelemansek estaturik gabeko nazioen autodeterminazioari buruzko mahai-inguru batean parte hartuko dute bihar, Zumarragan. Ekitaldia Legazpi dorretxean izango da, 17:00etan. Igandean, berriz, begirale lana egingo dute.
Arquek Eskoziako galdeketan eta Etxarrikoan ere begirale lana egin zuen. Kataluniako galdeketen koordinadorako sortzaileetako bat da. Euskal Herrian azken urteotan eman diren pausoak ondo ezagutzen ditu, Anjel Oiarbide Gazta zati bat dokumentalaren garaian ezagutu baitzuen. Ondoren, Gure Esku Dagoren aurkezpenean parte hartu zuen. «Apustu zaila izan da, indarkeriagatik eta Euskal Herriko errealitatea oso polarizatua dagoelako. Alde batean ezker abertzalea dago, bestean EAJ, eta tartean toki gutxi dago. Katalunian alderdiek ez dute horrenbesteko pisurik. GEDek lan handia egin behar izan du eztabaida bultzatzeko».
Jendeari parte hartzeko eskatu dio. «Jendeari botoa emateko eskatu nahi diot:?garrantzitsuena botoa ematea da, ez emaitza. Burujabeak garela eta antolatzeko ahalmena dugula erakustea. Egin ahal dugula, nahiz eta estatua aurka egon. Eskubide bat dela. Bozkatzea garaipen bat da, demokraziaren garaipen bat».
Nazioarteko lankidetza
Bestalde, nazioarteko kooperazioa oso garrantzitsua dela dio. «Estatuek ez dute pausorik emango presionatzen ez baditugu. Eta europar gehienak herrien subiranotasunaren alde daude. Estaturik gabeko nazioen elkarlana funtsezkoa da, baina baita estatuetako elkarteekin lan egitea ere. Jendea demokraziaren alde dago eta estatuek demokrazia arazoak dituztela erakutsi behar da».
Daelemansek ere estaturik gabeko nazioen elkarlana funtsezkoa dela uste du. Meervoud ezkerreko mugimendu independentistako kidea eta VVB aniztasunaren aldeko elkarteko lehendakariordea da. «Flandriarrok independentismoak indar handiagoa duen tokietara jo dugu beti inspirazio bila eta Euskal Herrian 30 aldiz baino gehiagotan egon naiz».
Ez du argi zein nazio dagoen estatu burujabea izatetik gertuago, berea ala euskaldunena. «Beti iruditu zait autodeterminazioak Euskal Herrian babes handiagoa duela, beharbada flandriarrok Belgikan gehiengoa garelako. Askok estatu belgikarraren barruan gure helburuak lortu ditzakegula uste dute. Guk ezetz uste dugu, blokeo asko daudela. Geroz eta jende gehiago gure iritzi berekoa da. Euskal Herrian presoen arazoak eta armagabetze prozesuak pisu handia dute. Gainera, EAJ eta EH Bildu ez dira iritzi berekoak».
Labeid sahararrari dagokionez, 2010ean etorri zen Euskal Herrira eta Gipuzkoako sahararren elkarteko presidentea da. «Penintsulara etortzen garen sahararron helburua Euskal Herrira etortzea da. Hemen etxean bezala sentitzen gara».
Euskal Herrian bizi denez, ekainaren 5eko galdeketa gertutik jarraituko du. «Erabakia loteslea izatea gustatuko litzaidake. Estaturik gabeko nazio guztiek beraien estatua izatea nahi dut. Ez dakit Euskal Herrian zein den iritzi nagusia. Independentzia nahi duen jendea ezagutzen dut, baina baita gaia bost axola zaion jendea ere. Argi dagoena zera da, Estatu espainiarra ez dagoela pausorik emateko prest».
Irlandar bat Urretxun
Erresuma Batuko gobernua mugiaraztea ere ez da erraza. Clarke irlandarrak ederki daki hori. Dagoeneko 19 urte daramatza Euskal Herrian eta ekainaren 5ko galdeketan botoa emateko asmoa du. «Nire inguruko gehienek galdeketan parte hartzeko asmoa dute. Gure Esku Dago egiten ari den lana oso ona da. Galdeketa antolatzea oso ondo iruditzen zait, pausoak eman behar direla uste dudalako».
Dena den, Irlandaren batasuna Euskal Herriaren independentzia baino gertuago ikusten du. «Batasuna lortzea independentzia lortzea baino errazagoa da. Gainera, 19 urte daramatzat dagoeneko Euskal Herrian eta hemen pausoak oso astiro ematen direla ikusi dut. Blokeoa dago, estatu espainiarraren eta frantziarraren aldetik. Irlandak eta Euskal Herriak bere helburuak lortzea nahi dut, baina Irlandak lehenago lortuko duela uste dut».