Irizarreko langile brasildarrak ederki integratu dira Ormaiztegiko lantegian zein herrian. Uztailean joango dira.
Ostegun arratsaldea. Goierriko beste hainbat herritan bezalaxe, azken urteetan hain modan jarri den pintxopotea Ormaiztegin. Zipotzen, kuadrilla gazteak, astebururako planak egiten. Txistun, senar-emazteak, ardoaren eta pintxoen kalitateaz hitz egiten. Muruako terrazan, adin eta kolore guztietako jendea. Eta, hara! Brasildar kuadrilla bat. Abileziaz mugitzen dira taberna batetik bestera, bata eta bestea agurtuz. Ez dira bisitari soilak: Irizarren lanean ari diren 120 brasildarretako batzuk dira.
Azken hilabeteetan Brasiletik iristen diren berriei erreparatuz gero, laster ohartuko da jendea herrialdeko egoera ez dela idealena. Krisi politiko sakonean murgilduta dago Brasil, eta krisi horrek zuzen-zuzenean eragin dio Irizarrek Botucatu hirian duen lantegiari. Egoera politikoa baretu artean, enpresariak ez dira inbertsio handiak egitera ausartzen. Ondorioz, Irizarren salmentak nabarmen jaitsi dira Hegoamerikan.
Botucatuko lantegian 330 brasildarrek lan egiten dute. Krisiaren ondorioz, eguneko ibilgailu erdi bat egiten ari dira azken hilabeteetan: 70 lagun ingururentzako lana baino ez da hori. Ormaiztegiko lantegian, berriz, produkzio gorakada bat izan dute azken urtebetean. Horregatik, iazko maiatzetik, Botucatuko langile asko Ormaiztegin ari dira lanean: 180 egotera iritsi dira. Martxoan alde egin zuten 60 brasildarrek, eta orain geratzen diren 120 langileak uztailean itzuliko dira.
Ormaiztegira lanera etorri dira, noski, baina horrek ez du esan nahi herria eta herritarrak ezagutzeko aukera izan ez dutenik. Dagoeneko, lagunak ere egin dituzte Goierrin, eta euskarazko oinarrizko hitz batzuk ere ikasi dituzte. Haietako hirurekin egon da Goiberri: William Fogasa, Everton Cristiano Finati eta Marcelo Ghiraldi. Ghiraldi iazko maiatzetik dago Ormaiztegin, Fogasa irailetik, eta Finati abendutik.
«Hasieran zaila izan zen hona egokitzea; kultura eta lan dinamika ezberdinak dira» William Fogasa, irailetik Ormaiztegin
«Orain oso gustura gaude: lagun asko egin ditugu Irizarren eta Ormaiztegin» Everton C. Finati, abendutik Ormaiztegin
«Brasilgo gure etxeetako ateak beti irekita izango dituzte, eta gu ere etorriko gara» Marcelo Ghiraldi, urtebete Ormaiztegin
Zailena,?familia uztea
Hiruak bat datoz gauza batean: Ormaiztegira lanera etortzearen okerrena, familia eta lagunak Brasilen utzi beharra izan zen. Fogasak neskalaguna du Brasilen, Finatik lau urteko semea, eta Ghiraldik hamabost urteko alaba. «Haientzat ere gogorra da, baina ulertzen dute egoera honetan lana dela garrantzitsuena, eta onartzen dute gu hona etortzea, badakitelako familiaren onerako dela», esan du Fogasak. Gainera, uneoro komunikaturik mantentzen dira. Irizarrek ordaintzen dizkie telefono dei guztiak.
Gainontzekoan, oso gustura daude goierritarren artean. «Hasieran zaila izan zen hona egokitzea: kultura ezberdina da eta lanerako modua ere bai», adierazi du Fogasak. «Baina orain oso gustura gaude: lagun asko egin ditugu hemen», gehitu du Finatik. Ormaiztegiarren artean ederki integratu direnaren seinale, hainbat brasildar herritarrekin batera mozorrotu ziren San Andres jaietan. «Ni mojaz jantzi nintzen, beste hamalau brasildar eta Ormaiztegiko kuadrilla batekin», esan du Fogasak.
Astean zehar lanean pasatzen dute egunaren zati handiena. Asteburuak, ordea, Goierri eta Euskal Herria ezagutzeko baliatzen dituzte. Dagoeneko izan dira Gaztelugatxen, Donostian, Bilbon, Oñatiko kobazuloetan… Mendia gustuko dutenek, berriz, Irizarreko lankideekin inguruko mendiak ezagutzeko baliatzen dituzte asteburuak. «Lankideekin oso harreman estua egin dugu». Batzuek musika talde bat ere badute (Decalcky), eta dagoeneko hainbat kontzertu eman dituzte Zumarragako Alaska tabernan.
Izaera desberdina
Goierrin daramatzaten hilabeteetan, dagoeneko eduki dute euskaldunok apur bat ezagutzeko aukera. «Brasildarrok baino hotzagoak dira, eta kontaktu fisikoa, esaterako, ez zaie asko gustatzen», esan du Fogasak. «Baina oso edukatuak dira, oso langileak, eta erraza da haiekin tratatzea».
Brasilera itzultzeko hilabete eskas geratzen zaien honetan, sentsazio gazi-gozoa dute: pozik daude, familiara itzuliko direlako berriro, baina pena ematen die hemen egindako lagunak uzteak. «Brasileko gure etxeetako ateak beti irekita izango dituzte, eta gu ere etorriko gara bisitan», esan du Ghiraldik. Lankideekin ez ezik, Irizar enpresarekin ere oso eskertuta daude brasildarrak:?«Oso ondo portatu dira gurekin eta, batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu Gorkari, Rafaeli, Robertori eta Txema Marcosi; lan handia egin dute».
Brasilgo egoera politikoa kolokan dago oraindik. Irizarreko langileak, ordea, baikor ageri dira, eta haiek bueltatzen direnerako egoera hobea izatea espero dute. «Enpresa negoziatzen ari da beste herrialdeekin, esportazioak haz daitezen, eta produkzioak gora egitea espero dugu». Ormaiztegiko pintxopotea ez da berdina izango udatik aurrera, baina brasildarrak gogoan izango dituzte ormaiztegiarrek. Bidaia on!
Brasildarrek eta ormaiztegiarrek festa egingo dute larunbatean
Ormaiztegiarrek brasildarren kultura gertuagotik ezagutu dezaten, bihar, kulturarteko festa antolatu dute herrian. 12:00etatik 18:00etara, brasildar txurraskoa dastatzeko aukera izango da Muxika egurastokian. 12:00etan, herri kirolak ere egingo dituzte plazan. Sokatiran, txingatan eta tokan ariko dira, baita harrikalari proban ere. Ormaiztegiarrek zein brasildarrek parte hartuko dute. 12:30ean, bost kilometroko kross herrikoia egingo dute. Izen ematea egunean bertan egin beharko da, 11:30ean, udaletxeko atarian. Azkenik, 12:00etatik 19:00etara zuzeneko musika izango da plazan. Decalcky talde brasildarrak eta GuriBost! talde goierritarrak joko dute musika.