Oporretan pentsatzen hasita nago, ez bereziki inorako gogorik dudalako, atseden hartu nahi dudalako baizik. Eta horretarako, lehenengo eta behin, saiatuko naiz nire egunerokotasunean dauden beharrizan guztiak alde batera uzten.
Ez dakit inork erreparatuko zion; nik aspalditxoan etengabe entzuten diot jendeari «hau egin behar dut, bestea egin behar dut…». Euskaldunok etengabe erabiltzen dugu behar aditza, eta gehienetan desegoki, gainera. Hau da, hitz egiteko orduan, bereizi beharko genituzke beharrak, nahiak eta bestelakoak; esate baterako, «bihar lanera joan behar dut», «bihar lanera joan nahi dut» eta «bihar lanera joango naiz». Oso gauza ezberdina adierazten dute hiruek, eta guk berdin-berdin erabiltzen ditugu. Izan ere, esanahi bera al dute «hurrengo astean oporretara joan behar dut», «hurrengo astean oporretara joan nahi dut» edota «hurrengo astean oporretara joango naiz»?
«Oporretara joan behar dut» esaten duten horiek pentsatzen hasi beharko lukete benetan oporretara joan nahi duten edo ezarrita dagoen ezinbesteko joera bati jarraituz antolatzen dituzten euren jaiegunak.
Edozein modutan, jakin nahiko nuke euskaldunok nolatan iritsi garen egiten dugun gauza guztiei betebehar kutsua ematera. Antropologo eta soziologoen esku utziko dut auzia; halere, argi dago hizkuntzak salatu egiten gaituela.
Opor hitzak ere eman dit zer pentsa, eta hitzaren esanahi etimologikoa ikertzen hasi naiz. Oso litekeena da opor hitza gopor hitzetik etortzea. Gopor hitzak badu esanahi nagusi bat: katilu txikiari esaten zaio gopor. Garai batean, artzain giroan, esnea edateko erabiltzen zen katilu txikiari, baita mezetan eukaristian ostia gordetzen den kopari ere.
Halere, gopor hitzak badu horren ezaguna ez den beste adiera bat: behe-nafarreraz eta lapurteraz erabiltzen da gopor utzi esaera. Hutsik utzi esan nahi du eta nekazal munduan erabili izan da batez ere. Lurra gopor utzi eta lugorri utzi gauza bera dira. Lugorria, erein gabe uzten den lur sailari esaten zaio. Honela dio Euskaltzaindiko Orotariko hiztegiak: «Sarritan landu den lurrak indar berriak har ditzan egiten da lugorria. Hala, lurrak berriro eskuratzen ditu laboreek kendu dizkioten osagaiak eta batez ere, ura hartzen du. Lugorria urtebetez, bi urtez edo hiru urtez luza daiteke; hala ere, gehienetan urtebetez uzten da erein gabe lurra».
Ez dakit Euskaltzaindiak onartuko didan neuretzako asmatu dudan adiera berri hau: nik aurten opor egin beharren; gopor edo lugorri egingo dut, urtebete ez bada ere. Atseden hartzen ari den lurra bezala, geldi-geldi egongo naiz, zeruari begira egotea beste eginkizunik gabe, betebeharrik gabe. Zorionez, gainera, gurean, uda izan arren, euri zaparradarik ez da faltako, eta lehorte handirik ez badago behintzat, gertuko hondartzaren batean arratsalde partean bainuren bat hartzea nahikoa izango dut hezetasunik ez galtzeko.
Nire aholku txikia opor hauetarako: utzi lugorri zeuon burua eta gorputza, bizkaitarrek dioten moduan, oporrak ez dira eta behar-egunak.