Ormaiztegiko tren zubi zaharrean, erdi-erdian eta barreneko habean, ikurrina dago margotuta. 1980ko hamarkadaren hasieran egina da, pintore asturiarrek.
Ormaiztegiko tren zubi zaharra, bere horretan, ikuskizun paregabea da, begi kolpe batera. Daukan handitasun, historia eta zailtasun teknikoen xarmak monumentu oso bihurtzen du. Hainbesteraino, ezen ikusgarritasun orokor horrek ia estalita uzten baititu xehetasun txikiagoak. Basoak zuhaitzak ezkutatzea bezala da, hein batean.
Zeren, begirada zoliagoarekin begiratuta, tren zubi handian ikus litezke beste ezaugarri batzuk ere: 1936ko irailean, gerran faxisten aurrerabidea zailtzeko errepublikazaleek nondik moztu zuten nabarmen du, burdin-hesia estuagoa delako atzera soldatu zuten guneetan.
Edo garai berean eraikitako hormigoi enkofratuzko zutoinen eta jatorrizko harrizkoen arteko diferentzia. Edo zutabe erraldoiek lurpean daukaketen bolumen eta sakonera oraindik erraldoiagoa, iceberg-en eran, handiagoa baitu ezkutukoa.
Eta, xehetasun guztien artean bitxiena agian, zubiaren erdi-erdian, barreneko habean margotuta dagoen ikurrina. 35 bat urte badarama euskal ikurrak zubian, Ormaiztegiko herri gunerantz begira. Ikurrina jartzeak gaur baino zailtasun eta arrisku gehiago zeukan garaian egina da.
Asturiar margolariek
Oso jende gutxik daki, Ormaiztegin bertan ere, nork egina den ikurrina hori. Nahitaez, zubi erdian zintzilika jarri beharra zeukaten hura margotzeko.
GoiBerri astekari honek eta Angel Elortza argazki-kazetari ormaiztegiarrak egindako ikerketan jaso denez, ikurrina hori 1980ko hamarkadaren hasieran margotu zuten; Renfek zubia osorik pintatu zuten azken aldian, hain zuzen. «Lan hori egiteko asturiar talde bat kontratatu zuen Renfek. Lanak iraun zuen bitartean, margolariak Fausto Tabernan ibiltzen ziren. Herritarrek animatuta eta okasioa aprobetxatuz margotu zuten ikurrina, asturiarrek», jaso du Angel Elortzak.
Margolari-artisten eran, euren sinadura uzteko modu bat izan zela diote, beste batzuek.
Zubia, erakusteko moduko monumentu izateaz gain, erakusleiho aparta ere izan da, urtetan, Ormaiztegin. 1975ean, frankismo garaian artean, ikurrina bat —oihalezkoa, kasu hartan— jarri zuten, goiz batean. Makina bat aldarrikapen pankartaren zintzilikagailu izan da, harrezkero.