Aitor Calvillo
Teknologia berriak? Honelako galderarekin gaurkoan, Asier! Izan ere, oharkabean, atentzioa eman zidan Euskadi Irratiko goizeko programazio batean ohiko solaskide batek esandakoak. Teknologia berriak? Baina dagoeneko zaharkituta dauzkagu eta aurreko hamarkadetatik darabiltzagun horrelako hainbat! Izena aldatzeko garaia ere iritsiko ote zen honezkero! Eta bai, ni ere jabetu gabe nengoela arinki erabiltzen dugun terminologia hori dagoeneko zaharkituta geratu zaigula. Eta ez naiz ni hasiko oraintxe gaur egun teknologia mailan emandako aurrerapenei izen tekniko berriak jartzen, baina badut zurekin partekatu nahiko nukeen kontu bat, aurrerapauso bat nire ustez, teknologia berriekin lotutako hizkuntza aldetiko aurrerapauso bat.
CASIO marka ezaguna dugu munduan zehar. Kalkulagailuekin loturiko marka dugu batez ere. Honekin, Japonia herrialdea etorriko zaigu segituan burura. Baina, kalkulagailuak euskaraz funtzionatu al dezake? Gauzak diren bezala, orain gutxi arte EZ! Baina badira oraindik kalean honelakoak esaten dituztenak: Euskarak ez du saltzen! Oso urrutira joan gabe herriko merkatari askori oraindik entzun behar dizkiogun kontuak dira hauek! Eta zer esan behar diegu guk hauei, CASIO izeneko multinazional marka batek, besteak beste euskara aukeratu badu bere produktuak saltzeko? Bada BAI, bejondeiela japoniar enpresario hauei eta batez ere hemen bertan ekimena izan duten norbanako, itzultzaile eta babesleei. Hemendik aurrera kalkulagailua nola dabilen, EUSKARAZ ere jakin ahalko dugu!
Asier Iriondo
Kalkulagailuen mundua urrun samar daukat. Azterketa batzuetan erabil genezakeela eta beste batzuetan ez, gogoratzen dut. M memoria zela ere oroitzen naiz eta CASIOren txisteaz ere bai: bokalik motzena O omen zen, baina, bazen beste bat motzagoa, CASIO, eta beste bat ere bai, are motzagoa, NICASIO.
Nikasio deitzen dugun lagunak kontatu zidan Rumba xurgagailua erostekotan ibili zela. Helburua ez zen garbitzea, lapurrek etxean norbait zebilela pentsatzea baino. Euskarazko ahotsa zeukan Rumbaren bila ibili omen zen, baina, aurkitzen ez eta asmoa bertan behera utzi zuen.
Atzo, finantza-etxe bateko langileari dokumentua euskaraz emateko eskatu nion, aplikazioak aukera hori bazuela ohartuta. «Barkatu, ohitura daukat gaztelaniazkoa emateko. Zoritxarrez, gutxi zarete euskarazkoa eskatzen duzuenak». Zalantzarik ez dut dezente gehiago garela euskarazkoa eskatzen dugunak.
1967an, ikastolaren alde dirua biltzeko ekitaldian, Jose Inazio Elortzak, sortzaileetako batek, hauxe zioen pasarte batean: «Zenbat iraungo du euskarak? Zaila izango da hemendik hamar urtera gazteen artean entzutea, telebisioa alde batetik, radioa… eta beste tresna batzuekin».
Horiek nire Man gordetakoak. Hamar urte barru euskarak teknologian zein toki izango duen? Zaila da kalkulatzen.