– Zergatik ez? Zergatik ez dute Athleticeko zuzendaritzakoek baimenik eman neskek liga irabazi ostean gabarra ateratzeko? Ez dut ulertzen. Beti berdinean gabiltza. Emakumeok egindakoak gutxiago balioko balu bezala! Ez al dira, ba, txapeldunak, gizonezkoak 82-83 denboraldian txapeldunak izan ziren bezalaxe? Ordukoan majo atera zuten, ba!
– Ez etorri, faborez, kontu horrekin berriro. Aspeeeeertuta nago. Aspertuta ez, nazkatuta honezkero! Gabarra gora eta gabarra behera. Ez al dago beste gairik? Ba, begira, oso ondo iruditzen zait atera ez izana. Zergatik daude gabarra ateratzera behartuta? Ezetz erabaki dute, eta kito.
– Kito, kito. Jakina… zuri ez zaizkizunez axola ez emakumeon eskubideak, ez gure ongizatea… Zuk nahiago beti guztiari amen egin eta artaldean joan.
– Zer? Guztiari amen egin? Emakumeon eskubideak? Baina zer demonioz ari zara? Ni ere emakumea naiz, aizu! Ez nahastu gauzak. Athleticena kirol kontua baino ez da. Eta futbolean, kirol guztietan bezalaxe, zirt edo zart hartu beharreko erabaki ugari izaten dira. Ez ibili bazterrak nahasten eta ez eman buelta gehiago!
– Ba, behar adina buelta emango dizkiot! Eta nire iritzia aldarrikatuko dut lau haizetara. Jakizu jaso dituzten 33.000 sinaduretako bat nirea dela.
– Hara! Gure futbol aditua! Noiztik duzu gustuko futbola? Eta noiztik zara Athleticekoa? Iritzia hain merke ematea ere! Hobe zenukete zuk eta zu bezalakoek isilik egon. Gaiari buruz tutik ulertu gabe iritzia ematea libre izango balitz bezala…
– Eta ez al da, ba, libre iritzia ematea? Besterik ez genuen behar! Isilik geratu beharra! Ba, begira, niri futbola bost axola, eta Athletic zalea ere ez naiz. Baina emakume borrokalaria bai, eta ez dut inola ere ametituko horrelako bidegabekeriarik. Gizonezkoei gabarra atera bazieten, emakumeei ere bai. Horratx!
– Segi, segi tematuta! Baina ez duzu arrazoi! Zuzendaritzak zerbaitegatik hartuko zuen erabaki hori. Azken finean, zenbat jarraitzaile izan ditu emakumeen futbolak liga osoan zehar? Gizonezkoek adina bai? Ezta hurrik eman ere! 33.000 pertsona horiek joan al dira partidak ikustera? Eman al diete babesa? Zertara datoz orduan, orain, euren aldarrikapen txatxuekin! Emakumeen futbolak gizonezkoenak adina babesle, laguntzaile, zale eta dena delako izango balitu, agian aterako lukete! Batek daki!
– Nik dakidan gauza bakarra da amesten dugun parekidetasunetik oso-oso urrun bizi garela! Eta horrelako detaileek are gehiago handitzen dutela gizon-emakumeon artean betidanik egon den arrakala. Ikusi zenuen? Prentsaurrekoa ere bertan behera utzi behar izan zuten, kazetaririk joan ez zelako…
– Bai, neska… Lotsagarria da. Niri pena handia eman zidan.
– Lotsagarria horiena, baina baita Presidente jaunak esandakoa ere, e? Ez zen, ba, kontu eske azaldu? Emakumeen kirola gehiago babesteko eskatu zien hedabide zein erakundeei. Nor da bera gainerakoei babesa eskatzeko, noiz eta berak gabarra ateratzeari uko egin dionean?
– Nor den? Ba… agian emakumeen taldea sortu, bultzatu eta babestu duena? Nahikoa dugu, neska! Ez dizut beste tontakeriarik entzun nahi.
– Zurekin ez dago hitz egiterik!
Bi egunen buruan…
– Ez nago, ba, ados! Gabarra atera behar zuten, eta kito!
– Grrrrr….