Christian Caballero (Urretxu, 1992) ‘Mr. Sinpatia 2016’ tituluaren jabe da. Ezustean hartu du, baina gustura dago.
Caballerok Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean egin zituen oinarrizko ikasketak eta Batxilergo zientifikoa Urretxuko Jose Mari Iparragirre institutuan. Hori amaituta, Arrasatera joan zen Soin Hezkuntzako (Ivef) goi mailako gradua egitera. Egun, Legazpiko Bikuña kiroldegian egiten du lan igerilekuko sorosle eta irakasle moduan. Modaren munduan kasualitatez sartu zela aitortu du.
Nolatan hasi zinen modelo gisa lanean?
Goi mailako ikasketak amaituta langabezian gelditu nintzen nire adineko beste asko bezala. Lagun bat modeloa zen, eta behin baino gehiagotan aipatu zidan modelo bezala aritzeko aukerak banituela. Nik ez nuen nire burua horretan ikusten, baina amak animatu ninduen eta Donostiako First Model agentzian izena eman nuen. Hasieratik izan nintzen beraien gustukoa eta segituan argazki saio baterako deitu ninduten.
Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek?
Nik modaren munduaz ez nekien ezer, Jon Kortajarena zein zen ere ez nekien! Hasi eta berehala ikastaro bat egin behar izan nuen kameraren aurrean nola kokatu ikasteko eta desfilatzen, edo nire burua orrazten eta makillatzen ikasteko. Eta azkenean, poliki-poliki mundu hau gero eta gehiago gustatuz joan zait. Orain arte egin ditudan lan garrantzitsuenak Marc Jacobsen lurrin bat aurkeztea eta Custo Barcelonarentzat desfilatzea izan dira.
‘Mr. Sinpatia 2016’ titulua irabazi berri duzu.
Donostiako agentziatik deitu ninduten Mr. Espainian parte hartzeko aurkeztu nahi nindutela esateko. Hasieran ezezkoa esan nien, baina amak parte hartzeko konbentzitu ninduen. Euskadik jada hautagaia bazuela eta Kantabriatik aurkeztu nintzen, eta irabazi egin nuen. Sorpresa itzela izan zen, han ni baino mutil guapoagoak baitzeuden. Dena den, horrelako sariketetan ez zaio fisikoari bakarrik begiratzen, pertsonalitatea ere oso kontutan izaten dute. Nik uste horregatik irabazi nuela.
Kantabriatik Gironara.
Maiatza amaieran egin zen Mr. Espainia lehiaketa Platja D´Aron (Girona). Astebetez egon ginen bertan bilduta Espainia guztiko hautagaiak elkarbizitzen —48 guztira—. Hasieratik egin nuen harreman ona guztiekin. Tituluaren berri eman zidatenean hunkitu egin nintzen, sari hau hautagaiek ematen baitute, eta 48tik 40k nire alde egin zuten. Titulua beraiei eskaini nien.
Zer nabarmenduko zenuke esperientzia honetatik?
Batez ere, ezagutu dudan jendearekin gelditzen naiz. Modaren mundua oso konplikatu da, konpetentzia asko dago, baina jende ona ere bai. Sari honek nire buruarengan konfiantza izateko balio izan dit. Aurrera begira modatik bizitzea gustatuko litzaidake, momentuz telebistarako casting baterako deitu didate. Dudarik gabe titulu honek ate asko irekiko dizkit, ea zorterik dudan.