Nagore Belastegi
Pike moduko bat dugu legazpiarrok Zumarraga-Urretxukoekin. Bizilagunak ditugu eta ia derrigorrezkoa da hori gertatzea. Oñatiarrei Bergarakoekin gertatzen zaie baina Legazpi eta Oñatiren artean, ordea, ez, alboan izan arren. Pike hauek anaia-arreben artean sortzen diren horietakoak bezalakoak direla iruditzen zait niri, ukabilkada bat hemen, irain bat han. Gure antzekoak direnekin egoten diren ika-mikak guztiz arruntak dira. Legazpi eta Oñati antzekoak ez direla argi dago; txantxikuak beste eskualde batekoak dira, finean. Baina Beasain, Idiazabal, Zaldibia, Zegama… horiek badira gure eskualdekoak, goierritarrak omen gara denak, eta hala ere hain desberdinak. Honek zalantzak sortzen dizkit, zeren niri ikastolan Urola Garaikoak garela irakatsi zidaten. Eta hara, identifikatuagoa sentitzen naiz Zumarraga, Urretxu edo Ezkio-Itsasokoarekin Legorretakoarekin baino, adibidez. Gure Esku Dagoren ekimenez herri kontsultak izan ditugu Goierrin eta uste dut bertan ikusi dela gure eskualdekideetatik zein urrun gauden. Gure inguruan, Urola Garaian, emaitzak «baikorrak» diren arren, Goierriko emaitza orokorrak apaldu dituzte, eta hala ere, ni behintzat, oso harro nago lortutako parte hartzearekin. Inor ez dadila haserratu, baina ezin ditugu gure herriak Ataunekin konparatu. Legazpi (%20,96) Ataunekin (%59,41) konparatzea, Legazpi Oñatirekin (%35,68) konparatzea bezalakoa da. Ezkio-Itsaso agian bada goierritarragoa…
Iraia Oiarzabal
Ezagutzen dut, bai, aipatzen duzun sentsazio hori. Gogoan dut joan den ekainaren 5eko kontsulten biharamunean horretaz hizketan aritu ginela erredakzioan. Gipuzkoako edo Euskal Herriko beste herri batzuetako lankideek harridura eta dezepzio nahasketa batekin ikusten zuten emaitzen arteko alde hori. Zehazkiago, batez ere Zumarragak beste herri batzuekin alderatuta zenbatutako parte hartze eskasa nabarmentzen zuten. Aipatu ziren Oñati eta Azpeitia, gertutasun geografikoagatik eta Goierrin emaitza altuenak izan zituzten herriek biztanle kopuruari dagokionez dezente txikiagoak direlako. Konparaketak konparaketa eta parte hartzea nabarmen baxuagoa izan zela ukatu gabe (%13,43), gai honetan azaletik muinera joan beharko litzatekeela uste dut. Noski, lortutakoa balorean jarriz, emandako urratsa benetan garrantzitsua delako. Baina baita ere aurkezten diren erronkei helduz. Izan ere, bistan da aldeak nabarmenak direla herri batzuen eta besteen artean. Soziologia oso ezberdinak identifikatzen dira, demagun, Idiazabalen, Oñatin eta Zumarraga-Urretxun. Horretara egokitzen egongo da, ene ustez, gakoetako bat. Ahuleziak eta indarguneak identifikatu eta lehenengo horiek aukera bihurtzeko lan egiten. Horretarako atmosfera ezin hobea sortu du Gure Esku Dagok. Baikortasunetik eta parte hartzetik lan eginez. Orain arte aldentzen gintuen zartatua josi eta Herri hau elkarlanetik eraikitzeko sarea osatuz.