Bart iluntzean, lanetik atera berritan, gertatu zitzaidan. Paseotxo bat emanez nindoan etxera, egunean zehar izandako gora beherak nire kolkorako errepasatuz, eta halako batean jabetu nintzen dagoeneko zerbait aldatu dela kalean. Zortzi t’erdiak eta haurrak oraindik kalean jolas bizian, bikote gazteak parkeetako bankuetan solasaldi goxoan, helduak tabernetako terrazetan, eguna estiratu nahian bezala. Guztientzat eguzkiaren epeltasuna eta argia gozagarri.
Abisatu zidan iloba txikiak orain dela aste pare bat. Astebururoko opor motxak bukatzera zihoazela eta laster opor luzeak hasiko zituela. Uda bazetorrela, alegia. Eta urtarorik beroenarekin batera iritsiko zela gozamena, kostaldera iritsi eta itsasoa parez pare ikusten dugunean bezala, gure aurrean eder eta zabal.
Udak berekin dakar libertate sentsazio bat, aisialdia eta abenturarekin lotzen gaituena. Norbaitek esango du oporrekin zerikusia duela sentimendu horrek; laneko edo eskolako opor garaiak uztaila eta abuztuaren jiran izaten ditugulako eta horrek berak pizten duelako guregan denbora-pasarako joera, edo paraje nahiz aktibitate berriak sortzeko grina.
Hala izango da ziur asko. Baina nire iritziz bada sentsazio horretan zerbait barrukoagoa, intimoagoa.
Pentsa bestela urtaro honi lotutako zenbat momentu eder pilatzen ditugun bizitzan zehar, zenbat oroitzapen eta irudi gordetzen ditugun buruan. Bizitzako prozesu osoa laburbiltzeko kasik balio dutenak. Lehen aldiz bi gurpiletan bizikletan ibiltzea lortu zenuenekoa, Urbasan familiarekin egindako egun-pasak, udalekuetan egindako lagun berriak, lehenengo muxua, inglesa ikastera Inglaterrara joan zinenekoa, munduko txoko ezberdinetako jendea ezagutzeak sentiarazten duen zirrara, lagunekin egindako parranda hura Nafarroako herri galdu batean, hainbeste kostata baina igo zenuen mendi tontor hura, selektibitatea egin ondoren bizitako sanjoanak, unibertsitateko lagunekin egindako bidaia hura, noizbait desio izan zenuen neska edo mutil eder hura, boluntario moduan Ertamerikan bizitako esperientzia, bekadun bezala izandako pasadizoak, iraileko azterketak prestatzeko egindako sakrifizioak, hainbeste amestutako herrialde hori ezagutzeko aukera…
Seme-alabak dituztenek, gainera, imajinatzen dut haien esperientziekin lotuko duela uda garaia. Haurrak lehen aldiz hondarra ikutu eta sentitu zuenekoa, familian egindako lehen oporraldia, umeen irribarrea gurasoekin hainbeste denbora pasatzean… eta oraindik behintzat imajinatu ezin ditudan xehetasun eta sentipen asko.
Badu udak lehen aldiz espresioarekin lotura berezi bat, iniziazioarekin eta askatasunarekin lotzen gaituen halako gauza eder bat. Hortaz jabetzearekin batera, halako nostalgia udatiar moduko bat pizten duena gainera.
Behin batean entzun nion Bernardo Atxagari berak ez zuela nostalgia atsegin, iraganera lotzen gaituelako eta gauza berriak sortzeko hegoak mozten dizkigulako. Arrazoia izango du idazle asteasuarrak, iraganeko oroitzapenei iltzatuta bizitzeak oraina bizitzeko modua mugatzen digu eta. Baina egia da baita ere, bere neurrian, iraganeko oroitzapenei esker bizitzako pasarteak berriz dastatzeko aukera izaten dugula. Uda garaiaz ari garela, bestalde, datozkigun aste hauekin gozatu eta gauzak lehen aldiz egiteko grina sorrarazi dezake nostalgia edo oroimin honek.
Nostalgia udatiarra tarteko, konturatzerako etxera iritsi naiz nire lan ondoreneko paseo honetan. Beste behin ere, datozen hilabete hauek aprobetxatzeko eta gauza berriak egiteko determinazioa hartuta. Nik ere ilobak hainbeste errepikatzen dituen opor luzeak izango banitu sikiera…