Ane eta Julene Ruiz ahizpek eta Carla Rodriguezek, beasaindarrak izateaz gain, badute beste zerbait komunean: sukaldaritza maite dute. 13, 10 eta 12 urte dituzte hurrenez hurren, baina sukaldeko saltsa gustuko dute jada. MasterChef telebistako saio ezagunak uda honetarako antolatu dituen udalekuetara joatekoak dira, Cofrentes bailarara (Valentzia). Bi zaharrenek esperientzia errepikatuko dute aurten —Gironan izan ziren iaz—, Julene Ruizentzat, berriz, estraineko aldia izango da.
MasterChef udalekuak 8 eta 16 urte arteko haur eta gazteei zuzenduta daude, eta sukaldaritzan sakontzea dute helburu. Sukaldaritza ikastaroak taldekako sukaldaritza lehiaketekin uztartzen dituzte Ruizek eta Rodriguezek esan dutenez, eta aisialdian kirola egiteko tartea ere izango dute. Iazko esperientzia «izugarri» gustatu zitzaiela esan du irribarrea ahoan Ane Ruizek, eta horregatik errepikatuko dute aurten. Partaideen artean «oso giro ona zegoen eta lagun asko egin genituen», gehitu du Rodriguezek. Ahizpak kontatutakoak jakin-mina piztu dio Juleneri eta aurten proba egitea erabaki du, «gogotsu noa, baina urduri ere banago ez baitakit zer aurkituko dudan bertan», aitortu du.
Julene sukalde kontuetan hasi berria bada ere, bi zaharrenei oso gazte zirela erakarri zien mundu honek. Ane Ruizek esan duenez, «aitak taberna bateko sukaldean egiten zuen lan lehen. Niri asko gustatzen zitzaidan eta askotan joaten nintzen laguntzera». Rodriguezi, aldiz, amonarengandik datorkio zaletasuna, «oso gogoko izan dut beti amonarekin gailetak egitea».
Telebista saioko zaleak
Astean zehar sukaldean aritzeko tarte handirik ez dutela aitortu dute biek, baina asteburuak baliatzen dituzte beraiek platerak prestatzeko. Ruiz eta Rodriguez familiak asteburuetan elkarrekin mendira joateko ohitura dute, eta gero Beasaingo Bareak elkartean bazkaltzen dute: «Bazkaria egiten laguntzea gure egitekoa izaten da», esan dute bi zaharrenek.
Ruizi, arraina jatea oso gustuko ez duen arren, arraina prestatzea gustatzen zaio gehien, «legatza patatekin eta saltsa berdean oso ona ateratzen zait», dio. Rodriguez, aldiz, gozogintzak erakartzen du gehiago. «Urtebetetzeetan egiten dudan Nutella eta M&Ms tarta oso goxoa dela esango nuke», gehitu du. Gainera, aurtengo Loinatz jaietan elkarte arteko gastronomia lehiaketan saria ere irabazi dute. Bareak elkartearen izenean aurkeztu ziren, eta bakailao tortilla eta oilaskoa kanela eta almendrarekin prestatu zituzten. Lehenengo saria jaso zuten oilaskoarekin.