Modu egokian eta orekatuan jaten dutela esan dutenek, ziurrenik pentsatzen dute beren dietan ez dela falta bitamina, mineral, proteina eta kaloriarik beren eguneroko jarduerak betetzeko; baina nutriente horiek guztiak edozein iturritatik lor ditzakegu? Esnekiak, azukrea, fruta freskoa, bitamina sintetikoak, barazki freskoak, barazki-kontserbak, arraina, haragia, zerealak, lekaleak… Hauxe lehenengo hausnarketa.
Logikoena elikagai integralak kontsumitzea izango litzateke, gure gorputzak metabolizatu ahal izateko beharrezko mineral eta bitamina guztiak dituztenak, ez baita gauza bera gertatzen elikagai finduekin (arroz txuria, ogi txuria, freskagarriak….), horiei bitamina eta mineralak kendu zaizkielako.
Elikaduraren bidez oreka lortzeko bidean, sen onarekin jokatu beharko genuke. Dieta hitza grekerako diaita-tik dator, eta bere esanahia da bizitzeko modua, arreta berezia jarriz elikagaiak aukeratu eta prestatzeko moduan. Norberaren konstituzio eta kondizioarentzat egokienak diren elikagaiak aukeratu beharko genituzte, norberari gehien komeni zaizkionak; gure inguruneko elikagaiak jan beharko genituzke, proportzio egokian, behar bezala sukaldatuta eta behar bezala murtxikatuta. Eta gure dieta osa dezakegu beste elikagai interesgarri batzuekin, bere onetik aterata dagoen ingurune honetan, oreka berreskuratzeko oso lagungarriak izan daitezkeenak. Elikagai-sendagai horietako batzuk ekialdeko erremedio tradizionalak dira, eta nahiz eta gure inguruneko elikagaiak ez izan, dituzten onura terapeutikoek justifika dezakete beren erabilera.
Menu egoki bat diseinatzeko garaian, badaude zenbait puntu kontuan hartu beharko genituzkenak; alde batetik, honakoak gure elikaduratik kanpo uztea komeni da:
- Azukre findua
- Bestelako elikagai finduak: zerealak, olioak, gatza…
- Trans erako gantzak eta tenperatura handienpean jarri diren gantzak
- Esneki gehiegi
- Edari bizigarri gehiegi, kafea esaterako
- Alkohola
- Pestizida eta gehigarri toxikoak dituzten elikagaiak eta transgenikoak
- Elikadura-industriak guztiz eraldatutako elikagaiak
Eta zein aukeratuko genituzke orduan? Zereal integralak, barazkiak (itsasoko algak barne), frutak, lekaleak, haziak eta fruitu lehorrak, hotzean prentsatutako olioak, findu gabeko gatza, eta baita gure arbasoek hain ondo ezagutzen zituzten landare eta belarrak ere! Animalia produktuak kontsumitzeko aukera egiten badugu, oso garrantzitsua da behar bezala hazitako animalien haragia kontsumitzea, eta arrainen kasuan, itsasokoa izan dadila, ez arrain-haztegi batekoa.
Elikagai egokiak aukeratu eta gero, arreta handia jarri beharko genuke horiek prestatzeko moduan. Besteak beste, eragotzi egin beharko genuke elikagaiak frijitzea, txingarretan egitea edo mikrouhin-labean egin edo berotzea. Elikagaiak tenperatura altuan egiten ditugunean, kantzerigenoak izan daitezkeen toxikoak sortzen dira:
- 100ºC-tik gora, amina heteroziklikoak: batez ere haragia eta arraina frijitzen dugunean
- Akrilamidak: Maillard erreakzioaren ondorioz sortzen dira, azukre eta aminoazidoen artean, 140-180ºC bitartean: patata frijituak, gailetak, ogiak, bizkotxoak, kafea…
Sukaldatzeko modu ugariek eragin desberdinak dituzte gorputzean eta energia mota jakin bat ematen digute; hori ere oso kontuan hartu beharko genuke gure menua prestatzeko garaian, eta beraz, sukaldatzeko modua aldatzen joan beharko genuke urtaroaren arabera eta lortu nahi dugun efektuaren arabera: denbora luzean edo denbora gutxian sukaldatutako elikagaiak, gorputza berotzen edo hozten laguntzen diguten sukaldatzeko moduak, gorputza erlaxatzen, aktibatzen, indartzen edo garbitzen laguntzen digutenak.
Eta orain arte esandako guztia borobiltzeko mastekatzeaz hitz egin beharko genuke. Mastekatzen dugunean, hortzak energia-kondentsadore bihurtzen dira, mastekatzean elikagaia energiarekin kargatzen dugu, hortzetik hortzera elektroi saltoa gertatzen delako. Hortzen arteko elektroi salto horrek elikagaia elektrikoki kargatzea eragiten du, eta hori oso garrantzitsua da elikagaiak bizitasuna izan dezan. Elikagaien kalitatea handitu egiten da ondo mastekatu eta txistuarekin nahasten dugunean. Horregatik guztiagatik gure ahoa gorputzeko energia gune garrantzitsua da, gorputzaren gainontzeko bizi-funtzioak garatzeko erabakigarria.