Aitor Merchan Zabaleta beasaindarraren margolanak ikusgai eta salgai daude Beasaingo Igartzako jauregian, uztailaren 10era bitartean. Hamazazpi lan bildu ditu, horietatik hamarretan Beasain da protagonista nagusia.
Beasaingo Igartza auzokoa da Aitor Merchan Zabaleta margolaria, eta etxe ondoan, Igartzako jauregiko hormetan zintzilikatu du, orain arteko bere pintura lanaren ibilbidearen erakusleihoa den pintura erakusketa. Guztira, hamazazpi margolan jaso ditu eta uztailaren 10era arte dago erakusketa irekita.
Hiru zatitan banatu du erakusketa. Zatirik handiena, hamar koadro, Beasainek hartzen du. «Espresuki erakusketarako egindako lanak dira Beasaini dagozkionak», dio Aitor Merchanek. Loinazko San Martin plazaz eta Igartzako errotaz gain, Beasaingo paisaia ere margotu du, basoa, errekak, zuhaitza eta behe lainoa, besteak beste. Bere auzoko Loinazko San Martin baselizaren inguruko erreka eta basoa oinarri hartu ditu Merchanek. Beasaingo paisaia den autobidea ere jaso du bere lanetan: «Ez gaude ohituta errepideak margotzera baina bere xarma dauka».
Aurretik egindakoak
Beste zazpi lan ere bildu ditu Igartzako erakusketarako. Aurretik egindakoetatik aukeraketa egin du: Italiako Venezia, lantegia, Salamancako traktorea…
Erakusketako paisaien artean, beste bi koadro ere jarri nahi izan ditu beasaindarrak: begiak protagonista dituen bi auto erretratu. «Ordu pare batean, azkar eginda daude, pintzelada azkarrekin».
Oleo pinturarekin egindako margoak dira gehienak. «Beste teknika batzuk menperatzen ditut baina oleoarekin ibiltzen naiz gustuen», zehaztu du artistak. Hainbat perspektibetatik argazkiak ateratzen ditu Merchanek:«Argazkietatik margotzen dut, argazkiaren interpretazioa egiten dut». Koadro batzuetan nabarmen ikusten da paisaia, beste batzuetan ez horrenbeste: «Behe lainoak beste behar batzuk ditu, beste teknika batzuk, abstraktuagoa. Errekaren koadro batean, berriz, hostoak eta harriak margotzeko, barnizarekin pintatu dut, transparentziak lortzen saiatu naiz. Inoiz ere egin gabekoa zen».
Pinturatik bizitzea
Artearen Historia eta Arte Ederrak ikasitakoa da beasaindarra. Bear pintura eskolara joaten da margotzera, Jokin Telleriarekin. Batez ere pintatzeko lekuagatik joaten da bertara, baina lagun artean gustura sentitzen da bertan.
Pinturatik bizitzea du amets, baina «momentuz ezinezkoa» ikusten du beasaindarrak: «Oso zaila da pinturatik bizitzea». Igartzako erakusketan salgai ditu margolanak, 200 eta 400 euroren artean.
Teknologia berrien aukeraz baliatzeko asmoa du orain beasaindarrak, sare sozialen bidez bere artelanak erakutsi eta saltzeko.