Baserriko animaliek neguan jatekoa izan dezaten, belarra ebaki eta bildu behar izaten da uda sasoian.
Brinkolako (Legazpi) Ugarkalde baserriaren inguruak ez du garai batekoaren antzarik. Belar moztu berridun zelai zabalek inguratzen dute gaur. Ugarkaldeko Joakin Balerdik gogoratzen duenez, sasoi batean soroz inguratuta zegoen, baina «lantegien eztanda etorri zenean, baserriko lanak gutxituz joan ziren, fisonomia eta lan egiteko moduak aldatuz».
Balerdik, dena den, haurra zenetik ebaki du belarra baserrian, eta egun ere, hori izaten du uda sasoiko lanik nagusienetakoa. «Orain baserri inguruan ditugu belarra jasotzeko zelaiak, baina garai batean mendira joaten ginen behar horietara». Brinkola inguruan Larrosain, Salobieta, Ontzanzulo, Oribi… ditu gogoan. Ugarkalden, familia handia izaki, etxekoek jaso dute beti belarra: «Egunsentian ateratzen ginen lagun pare bat edo hiru, goizean segan egiteko. Ihintz apur batekin hobe egiten da segan», dio.
Belarra ebaki eta gero, eskuz zabaltzen zen, eguzkitan sikatzeko. «Orain makinarekin egiten da, baina orduan eskuz egiten zen dena», zehaztu du. Lana gogorra zen, horregatik, «bazkalostean sakratua zen 15 minutuko siesta». Arratsaldean, beste buelta bat ematen zitzaion belarrari eta hurrengo egunera arte uzten zen bertan. Mendikoak sail handiak izaten ziren, eta batzuetan hiru astez egoten ziren belar guztia ebaki, sikatu, bildu eta etxera eramateko lanak amaitu arte. «Orain sail bat mozteko bi edo hiru ordu behar izaten ditut makinarekin, garai hartan hiru lagunen artean lau egun ematen genituen lan berdina egiteko».
Gurdien desfilea
Baina ez zen hor amaitzen eguneko lana, aurreko egunetan moztutako belarra jaso eta etxera eraman beharra izaten zen, ezusteko euri zaparradaren batek hondatu baino lehen. Belarra idiek eramandako gurdietan biltzen zen. Arratsaldeetan euli asko egoten zen idiei enbarazu egiten. «Horregatik, oso normala izaten zen haurren bat —etxeko txikiena ia beti— lizar hosto batekin euliak idien muturretatik kentzen ikustea, belarra kargatu bitartean idiak ahalik eta gutxien mugitu zitezen».
Belarretan etxeko guztiak ibiltzen ziren, gizonezkoak, zein emakumezkoak. «Emakumeek lan gehiago izaten zuten, etxera bueltan guztientzako afaria prestatu behar izaten baitzuten». Lan gogorra zen, baina oroitzapen politak dira Balerdirentzat. Gogoan du, adibidez, nola sanagustinetan —Brinkolako jaiak— Oribeko sailak amaitzen zituzten, «sei bat baserri elkartzen ginen han». Iluntzean, haurra zela, baserri kanpoan egoten zen belarrez betetako gurdiak menditik desfilean nola jaisten ziren ikustera. «Guretzat festa handia izaten zen hori».