Hilaren 25ean 20 urte beteko dira Aitor Garmendiak (Itsasondo, 1968) Ordiziako Klasika irabazi zuenetik. Garmendiak garaipen garrantzitsuak lortu zituen (Laudion, Euskal Bizikletan, Voltan, Aragoiko Itzulia…) eta txirrindulari handientzat lan egin zuen: Migel Indurain, Jan Ullrich, Laurent Jalabert eta Abraham Olano, besteak beste. Egun, Nafarroako Irañeta herrian bizi da, emaztearekin eta bi semeekin. Behitegi batean lan egiten du.
Itsasondoko batentzat Ordiziako lasterketa oso garrantzitsua izango da.
Ordiziako lasterketa etxeko lasterketa da. Gainera, garai hartan sekulako jendetza elkartzen zuen. Tourraren ondoren egiten zen, Tourrean egondako txirrindulariek parte hartzen zuten…
Nola gogoratzen duzu Ordiziako garaipena?
Pena pixka bat dut, ekaitza izan baitzen: argia eta telebista seinalea joan ziren, jendeak helmugatik alde egin behar izan zuen, gaua zela ematen zuen… Behin irabaziko… eta ez zegoen inor helmugan nire zain! Gainera, saria udaletxe barruan eman zidaten! Lehenengoa iritsi nintzela erakusten duten argazkiak badaude behintzat.
1996. urtea Indurainen porrotaren urtea ere izan zen.
Urte hartan ONCEn nengoen, baina pena handia eman zidan Migel [Indurain] hala ikusteak. Izan ere, hiru Tour egin nituen Migelekin: 1992koa, 1994koa eta 1995ekoa. Gainera, Migel txirrindulari eta pertsona bezala aparta zen. Oso esker onekoa. Inork ez du berari buruz gaizki hitz egiten.
Indurainen gainbeheraren lekuko izan zinen.
Les Arcs-en gelditu zen lehenengoz atzean eta ni bere talde berean nengoen. Ez nuen berarekin hitz egin. Azken etapan, Parisen, Indurain, Zulle eta hirurok aldagelan elkartu ginen. Apur bat hitz egin genuen, baina ez asko. Zer esango diozu halako une batean? Indurainek hala bukatzeak denoi pena eman zigun.
1995ean Banesto utzi zenuen. Zergatik?
Manolo Saizekin lasterketak irabazteko aukera gehiago izango nituela uste nuen. Gainera, motibazioa behar nuen, norbait atzetik akuiluarekin egotea. Egia esan, asmatu egin nuen. Bi urte haietan itzuli txikietan eta lasterketa onetan garaipenak lortu nituen.
Banestora itzuli zinen, ordea.
Asko hobetu nuen, eta Banestok itzultzea eskaini zidan. Ordurako, Banesto ez zen nik utzi nuen taldea. Migel ez zegoen, eta Olano eta Jimenez ziren gure liderrak. Ondoren Zulle etorri zen.
Olanori 1998ko Vuelta irabazten lagundu zenion. Nola bizi izan zenuen Olano eta Jimenezen arteko tirabira?
Giro nahasia zegoen, baina azkenean Abrahamek [Olano] sailkapen nagusia irabazi zuen, eta [Jose Maria] Jimenezek lau etapa eta mendiko sailkapena. Denok pozik. Maillot horiarekin Abraham zegoen eta gure lana lasterketa kontrolatzea zen. Nork errematatu, beste kontu bat zen, zuzendarien kontua.
2001ean Coast taldera joan zinen. Talde horrek gaizki bukatu zuen.
Babesleak gauzak gaizki egin zituen. Garai hartan ez zen zaila babesle gehiago lortzea, baina gure babeslea txirrindularitza munduan berria zen, inguruko jendeak ere ez zuen ezagutza handirik eta arazoak izan genituen. Azkeneko hilabeteetan zailtasunak izan genituen soldata kobratzeko. Eskerrak Bianchi enpresa azaldu zen. Coastek Ullrich fitxatu zuen eta dirurik ez zegoela ikusi zuenean, Ullrich-en managerrak Bianchi-ren babesa lortu zuen.
2003an Ullrichek sekulako Tourra egin zuen.
Telekom taldean gaizki bukatu zuen eta amorratuta zegoen. Oso polita izan zen berarekin bigarren egitea. Gainera, talde bezala ondo aritu ginen.
Nolakoa zen Ullrich?
Oso isila zen, baina taldekide ona.
Tourrera Indurainekin joatea ala Ullrichekin joatea ezberdina al zen?
Migel faborito nagusia zen eta lehenengo egunetik gogor lan egitea tokatzen zen. Hala ere, denok joan nahi genuen. 1992an joan nintzen lehenengoz Tourrera Indurainekin eta Parisera liderraren ondoan heltzea sekulakoa izan zen. Izugarrizko poza. Hori bizitzeko aukera oso gutxik izan dugu.
2003an ere Tour bikaina egin zenuen, baina txirrindularitza utzi zenuen.
Bianchi-k nik jarraitzea nahi zuen, baina Ullrich Telekom-era itzuli zen eta Bianchi desagertu egin zen. Eskaintza kaxkarrak jaso nituen eta uztea erabaki nuen.
Txirrindularitzaren azken oparoaldia ezagutu zenuen.
Profesional mailara pasa nintzenean, 1990ean, dirua zegoen, eta talde asko. Egun, askok soldata arrunt bat kobratzen dute. Soldata arrunt bategatik merezi al du horrela ibiltzea? Txirrindularitza oso gogorra da! Bizitzan dena ez da txirrindularitza eta uztea erabaki nuen. Pena pixka bat eman zidan, baina ez zen trauma bat izan. Emaztearen lehengusu batek Irañetan behitegia du, bertan lan egitea eskaini zidan eta simaur artera etorri nintzen. Esnetarako 500 behi ditugu. Beti gustatu zait baserri mundua. Bestalde, ez zait batere gustatzen egun txirrindularitzan ikusten dudana. Txirrindulariek ez dute batere botererik. Lehengo liderrek beste izaera bat zuten. Migel, Perico, Jalabert… horiek hitz egiten zutenean, jendeak entzun egiten zien.
1990eko hamarkadan txirrindularitzak indarra zuen, baina, dirudienez, dopinak ere bai.
Gaizki iruditzen zait orduko kontuak ateratzea. Egungo txirrindularitzari mesede egiten al dio? Nork jarriko du dirua txirrindularitzan? Zabel, Riis… dopinaren aurkako liburuak idazten ikusten ditudanean… Nola da posible? Beraiek txirrindularitzari esker aberastu egin ziren eta orain txirrindularitzaren gainera zikinkeria botatzen ari dira. Tranpa egin zutela esaten ari dira! Irabazitako dirua kendu beharko liekete.
Dopina dirudien bezain hedatua al zegoen?
Dopina beti egon da eta beti egongo da, kirol guztietan. Arau batzuk daude eta arau horiek bete egin behar dira. Harrapatzen ez dituzten produktu batzuk badaude… Ea zer gertatzen den Eufemiano Fuentesen poltsak irekitzen dituztenean… Berak ere beharbada sorpresaren bat egongo dela esan du. Ez zuen txirrindulariekin eta atletekin bakarrik lan egiten! Ea izen guztiak ateratzen diren!