Beasainen, Mandubi Zelaian sortu zitzaion Etor Telleriari (Segura, 1980) arkeologiarako harra, Joxan Mujika beasaindarraren eskutik. Urte batzuetan arkeologia enpresarialean aritu ondoren –obra publiko bat hasi aurretik egin behar den azterketa arkeologikoa egiten–, gaur egun arkeologia garaikidean murgilduta dabil buru belarri, 1936ko gerrako lubakiak aztertzen eta arakatzen. Freelance edo autonomoa da.
Arkeologia historiaurrearekin lotzen da, idatzi gabeko historiarekin.
Horregatik da arkeologia hain tresna baliagarria historiaurrerako, dokumentazio idatzirik eta testigantzarik ez dagoelako; lurraren azpian dago idatzita historia. Horregatik zentratu gara hainbeste arkeologian historiaurrean. Eta ni ere hortxe hasi nintzen, historiaurrearen bueltan, Mandubi Zelaiko trikuharrian, Joxean Mujikarekin. Berarekin hasi nintzen eta berari eskerrak sartu zitzaidan arkeologiarako harra. Badirudi udan bakarrik egiten den jarduera dela arkeologia. Urte guztian arkeologo izateko asmoarekin hasi nintzen.
Dena den, azken urteetan zure arkeologia ikerketak beste norabide bat hartu du, arkeologia garaikidean zabiltza. Noiz izan zen hori?
Bai, 2011-12 urtean izan zen. Aramaio (Araba) eta Arrasate (Gipuzkoa) tartean dagoen Murugain herrixka ikertzera joan ginen eta 36ko gerrako lubakiak zeuden. Gauza baten bila joan eta azkenean beste gauza batekin bukatu genuen; 36ko gerrako lubakiak, gotorlekuak eta defentsa lerroak aztertzen. Hortik tira eginez beste mundu bat, beste kronologia bat deskubritu nuen. Arkeologiaren beharra beste garai batzuetara ere ekarri dugu, 36ko gerrara kasu. Gure herriaren historia ezagutzeko oso tresna baliagarria da arkeologia.
Zein proiektutan ari zara?
Murugaingoarekin hasi nintzen eta ondoren atera zitzaidan Bilboko Artxandako 36ko gerrako beste proiektu bat. Burdin Hesiaren barruan dagoen bigarren mailako lerro bat da Artxandakoa. Bilboko Udalak eta beste erakunde batzuk badute interes bat hori argitara ateratzeko eta hortxe gabiltza. Momentu honetan bi lantalde horiek ari naiz zuzentzen. Horiek guztiek diru laguntzekin funtzionatzen dute, kulturara eta arkeologiara bideratutako diru laguntzekin.
80 urte dira 36ko gerra piztu zela. Kosta da etapa hori aztertzea, eta hortaz hitz egitea.
Orain arte tabu bat bezala izan da. Azken batean gerra batek irabazleak eta galtzaileak sortzen ditu, eta tabu handia zegoen horren inguruan. Nik uste dut hori guztia azaleratzen joan den heinean jendea animatzen joan dela eta esperientziak kontatzen. Era eta kolore guztietako esperientziak daude. Nik uste dut errespetu handiz entzun eta ikertu behar direla, garai hartan bizi zuten guztiek dutelako beraien bertsioa. 36ko gerrako arkeologiari esker jende asko gerturatzen zait esperientzia pertsonalak kontatzera.
36ko gerraren kasuan, arkeologiak zein paper betetzen du?
Arkeologiarekin materialtasuna aztertzen dugu; hau da, ikusten eta ukitzen den hori azalera ateratzen dugu. Zein munizio erabiltzen zuten, janari latak, gauzak pertsonalak… Gerrako lubakietan zeuden egunerokotasun hori azalera ateratzea da gure lana; historia orokor eta ofizial hori osatzen laguntzen du. Azken batean, 36ko gerrako aztarnak mendian daude, lubakietan… horiek guztiak orbel eta sastraka artean galduta daude. Eta gure lana da hori guztia azalera ateratzea.
«Arkeologiaren beharra beste garai batzuetara ekarri dugu, 36ko gerrara esate baterako»
«Lubakiak ez daude ondare bezala hartua, oraindik ez daukate ondarearen babesik»
«Munizioa, zer jaten zuten, gauza pertsonalak… azalera ateratzen ditugu»
«Lubaki sarea guk uste baino askoz ere antolatuagoa eta hobeto diseinatua zegoen»
Lubakiak bistan uzten dituzue?
Bi proiektu hauetan lubakiak agerian utzi ditugu. Horrekin batera, kontserbazio eta errestaurazio programa batekin sendotzen ditugu aztarnak eta gero panel informatiboa jartzen dugu jendeak jakin dezan hor zer dagoen. Jendeak jakin dezan zer dagoen eta zer gertatu zen. Dena den, bada gauza txar bat: lubakiak ez daude ondare bezala hartua, lubakiek oraindik ez daukate ondarearen babesik. Horren alde gabiltza borrokan. Gure historiaren parte eta ondare historikoaren izendapenarekin, babesa izango lukete. Pinudiak edo botatzen dituztenean adibidez, ez ditzatela lubakiak aurretik eraman, gure historiaren parte direlako.
Nork eman behar du izendapen hori?
Eusko Jaurlaritzak. 1990eko Ondarearen lege bat badago, gerora berritzen joan dena, eta orain berri bat idazten ari dira. Nik uste dut 36ko gerrako arkeologiak ere tartea eduki behar duela. Oso garrantzitsua litzateke.
Lubakien araketa lan horietatik zein ondorio atera duzue? Zein munizio erabiltzen zuten?
Munizioari dagokionean, bala zorroak aurkitzen ditugu; hau da, tiroa egin eta gero geratzen den kaskillo hori. Pilo bat aurkitu ditugu eta horietan ikusi dugu jatorri desberdinak daudela. Gehienak txekoslovakiarrak dira, Hungariakoak ere bai. Bagenekien Txekoslovakiak banatu zituela baina ez genekien hainbeste zirenik. Poloniarrak agertu dira, alemaniarrak ere bai… Testu liburuetan jartzen da Txekoslovakiako munizioa erabili zela eta guk ikusi dugu egia zela. Horrek ere badauka bere balioa: testu liburuetan esaten dena egia dela ikusten dugu.
Eta zer jaten zuten?
Atun latak, haragi egosia, esne kondentsatua… aurkitu ditugu. Objektu pertsonalak ere aurkitu ditugu: betaurrekoak, botoiak, botaren zolak…
Defentsa lerroei edo lubakiei dagokionean, zein ondorio ari zarete ateratzen?
Pikatxoiarekin eta palarekin egiten zituzten. Zulatzailea (zapadorea) izaten zuten lubakiak nondik nora joan behar zuten eta nola antolatu behar ziren esateko… Lehenengo Mundu Gerrako ereduak jarraitzen ziren eta gutxi gorabehera eredu haiek hartuta egin ziren hemen lubakiak. Dena planifikatuta zegoen. Hemengo lubakiak oinarrizkoagoak dira, batailak agian ez zirelako hain potenteak izan.
Aranzadi Zientzia Elkartea lan handia ari da egiten hezurdurak ateratzen eta berreskuratzen.
Ez nabil horretan. Aranzadi oso lan ona egiten ari da. Hori bai dela gizartearentzat lana egitea! Arlo pertsonal batean sartzen gara, pertsonaren duintasuna berreskuratzearen lana da hori azken batean. Hotzikara sortzen dit egiten ari diren lanak. Ni ez naiz antropologiaz arduratzen, hau da, pertsonen historiaz edo pertsonen hezurdurak berreskuratzeaz. Baina nik uste dut bi gauzek paraleloki daukatela joan beharra. Alde batetik pertsonak daude eta bestetik, objektuak eta paisaiak. Guk objektuetan eta paisaian egiten dugu lan gehiago.
Goierrin ere egongo da zer ikertua.
Badaukat gogoa beste leku horietan aurrera eramaten ari garen egitasmo horiek Goierrira ekartzeko. Goierri inguruan ere lubakiak egon behar dira derrigorrean: lubaki sarea guk uste baino askoz ere antolatuagoa eta hobeto diseinatua zegoen. Lan horretan lana egongo litzateke.