Udaberrian Arcelor Mittal enpresak Zumarragako lantegia itxi zuen –txatarra parkea bakarrik dago martxan– eta langileei bi aukera eman zizkien: Asturiasera joatea edo enpresa uztea eta kalte-ordaina eskatzea. 85 bat lagun Asturiasera joango dira eta 200 inguruk enpresa uztea erabaki dute. Horren guztiaren ondorioz, Zumarragak eta Urretxuk langabetu gehiago dituzte eta enpresa bat gutxiago. Mikel Serrano eta Jon Luqui alkateek, Itziar Salaberria Uggasa garapen agentziako kudeatzaileak eta Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak etorkizunari buruz hitz egin dute. Guztiak baikor ageri dira.
Udalei dagokienez, kaltetuena Zumarragakoa da. Izan ere, Arcelor Mittalek bere lurretan ditu instalazio ia guztiak (%84 Zumarragan, %13,5 Urretxun eta %2,5 Legazpin) eta, ondorioz, zerga ia guztiak Zumarragako Udalari ordaintzen dizkio. Hala, udalaren aurrekontuaren %10 pasatxo Arcelorren eskutik heltzen zen. Hori dela eta, Zumarragak 2016ko aurrekontuan aldaketak egin beharko ditu. «Batzorde guztiek baliabideak optimizatu beharko dituzte eta 2016rako aurreikusitako obra batzuk 2017an egin beharko ditugu», esan du alkateak.
Serranok inbertsioak egiteko aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza lortzen saiatuko direla gehitu du. «Gipuzkoako Foru Aldundiarekin GI-632 zaharraren bulebarizazioa negoziatu beharko dugu, adibidez. Ondo negoziatzen badugu, inbertsioak egongo dira. Ez orain arteko erritmoan, noski».
Lasai ageri da, egin beharreko lan garrantzitsuenak eginda daudelako. «Lan handienak eginda ditugunez, ez da diru iturri bat galtzeko garairik txarrena. Gainera, Zumarragako Udalaren egoera ekonomikoa ona da».
Arcelor Mittalek Zumarragako Udalaren aurrekontuaren %10 jartzen zuen
Beste arazo bat, pabilioiekin lotutakoa da: zer egin horrekin guztiarekin? «Arcelor Mittaleko buruekin hitz egin nahi dut horri buruz. Beste enpresa batzuk instalazio horiek erabili ahal izatea gustatuko litzaiguke eta horretarako prest egotea espero dugu».
Jon Luqui Urretxuko alkateak akordio politiko bat behar dela dio. «Hauteskundeak ahaztu, alderdikeriak utzi eta guztiok batera lan egin behar dugu industria erakartzeko. Azken urteetan enpresa asko itxi dira eta horri aurre egin behar diogu. Inguru honek industria desertu bat zirudien eta, Arcelor Mittalen itxieraren ondoren, gehiago».
Ez du uste bertan sartuko den inbertitzaile bat lortzea erraza izango denik. «Nor sartuko da berea ez den toki batera lan egitera? Horrek guztiak gauza on bakarra du: orain arte bezala ezin dela jarraitu ikusi dugu. Gai honek garrantzia handiagoa hartu behar du gure agendetan eta enplegua sortzeari buru-belarri ekin behar diogu. Gainera, gure langabezia datuak ez dira negargarriak eta tailer txiki asko ditugu. Baina erakarri behar ditugun enpresak gure ingurukoak izan behar dira».
Berrindartzeko plana
Goierri garaiko udalak lanean hasi dira dagoeneko; Uggasa garapen agentziak eta mankomunitateak aktibitate industriala berrindartzeko plan bat onartu dute. Plan honek hainbat helburu ditu: instituzioen arteko lankidetza bultzatzea hutsik gelditu diren industria eremuak berreskuratzeko, industria arloan suntsitutako lanpostuak berreskuratzea, industria ekonomiaren motore izan dadin egindako apustua indartzea eta parte hartze mahai bat eratzea. Mahai honen helburua industria sustatzeko planeko ekintzak garatzea eta beraien jarraipena egitea izango da.
Goierri garaiko udalek aktibitate industriala berrindartzeko plan bat onartu dute
Itziar Salaberria Uggasako kudeatzaileak urteko azken hilabete hauetarako hiru ekintza aurreikusi dituztela esan du: hutsik gelditu diren industria eremuak berreskuratzeko mahaia abian jarri, UGLEren eskaintza indartu langabezian gelditu direnei irtenbide bat emateko eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko foroa sortu.
Langabezian gelditu diren Urretxu eta Zumarragako bizilagunei dagokienez, UGLE lanbide eskolakoak dagoeneko lanean jarri dira eta enpresa utzi dutenentzat ikastaroak antolatu dituzte. «Ekainean hasi ginen langileekin lanean. Aldundiak formazio planak abian jartzeko ahalmena du eta Ainhoa Aizpuru diputatua gurekin harremanetan jarri zen langileen beharrei erantzuna emateko. Eusko Jaurlaritzarekin ere hitz egin dugu. Langileei formazio diagnostikoa egiten diegu eta ondoren komeni zaien alorrera bideratu», aipatu du Arratibelek.
Arcelor Mittaleko langile ohiek hiru aukera dituzte. Titulurik ez dutenek Lanbidek langabetuentzat eta titulaziorik ez dutenentzat dituen ikastaroak (mekanizatu, soldatze eta mantenu ikastaroak) egin ditzakete. Ikasketak dituztenek, berriz, bi aukera dituzte: goi mailako beste ziklo bat egin edo Hobetuzen ikastaroak egin.
Langileen jarrera ona
Arratibelek langileen jarrera ona azpimarratu du. «Oso jarrera onarekin etorri dira eta oso esker oneko azaldu dira. Etorri diren guztiak hartu ditugu eta beraiekin bilerak egin ditugu. Gu ere oso gustura gaude», azaldu du.
Baikor ageri da. «60 bat lagunek Lanbideren ikastaroak egin behar dituzte eta 20 inguruk Hobetuzenak. Beste 8-10ek goi mailako zikloak egiteko asmoa azaldu dute. Ez da ikaragarrizko kopurua eta denak ez dira Goierri garaikoak. Nire ustez, goi mailako eta erdi mailako zikloak dituztenek lana aurkitzeko aukera handia dute birziklatuz gero».