Inazio Usarralde
Opor amaierako pregoia idatziko al dinagu, Joxepa? Oporraldia joan dela eta, aurten badun neurriz gora asaldatu nauen gai bat: sexu erasoena. Zorionez, eta biktima izandako emakume horien ausardiari esker batez ere, zerbait aldatzen ari dun. Ez guk nahi bezainbeste, egia. Baina, ez ditzagun bakarrik utzi.
Errefuxiatuen etorreraren gaia ere gordin-gordin ageri zaigun. Hau idazten ari naizen egunean urtebete omen dun Turkiako hondartza batean Aylan Kurdi haur siriarra hilik agertu zenetik. Nor gogoratzen gaitun? Bien bitartean oraindik ere egunean 10 errefuxiatutik gora hil ohi dun Meditarreneoan. Halere, Europa eta europarrok eguzkia hartzen.
Aurrera begira ere jarri beharra dugunez, ikasturte politiko berrian barneratu garela iragarri ziguten hedabideek. Aizan, ikasle ginela, aurreko ikasturtean ez bahituen hire gaiak behar bezala gainditu errepikatzea izan ohi huen errezeta. Nire galdera: Madrilgo kongresuan dabiltzan politikariak (alderdi nagusietakoak, behinik behin!) abenduan eta ekainean ez zutela gainditu eta nola hasiko ditun ikasturte politiko berrian? Horiek errepikatzea merezi diten. Beldur naun Eguberriak iritsi eta hauteskundeak errepikatzen ez ote dugun ibili beharko… Argi ilunpean!
Amaitzeko, hemen ere hauteskunde saltsa dun nagusi: Eusko Legebiltzarrekoak izango ditinagu irailaren 25ean. Hor ere, eta ez gaitun biktimista jarriko, arren, ez ziguten uzten denoi nahi ditugun hautagaiak hautatzen.
Joxepa Madariaga
«Bando, bando!, alkateak esan do!!!», atabal erredobleekin; horrela hasten hituen garai batean pregoiak. Aipatzen dituan gaiak, sexu erasoak, beren herrian itotzea baino Europan errefuxiatu izatea nahiago duten pertsonen ibilerak, hauteskundeak … Saltsa ugari eta ogirik ez dena biltzeko!
Generoaren gaia: mugimendu feminista izugarrizko lana egiten ari duk, kontzientziak lantzen, pertsonak errespetuan hezten, gizartea (jendartea?) orekatzen … eta emaitzak ikusten hasiak gaituk. Eraso batzuk salatzen dizkiagu behintzat, salaketen berri jakiten ari gaituk. Zer egin asko diagu oraindik, baina lorpenak ez dituk txikiak.
Errefuxiatuak: bakoitzak geure herrian bizitzeko baldintza egokiak izango ditugun eguna, ihes egin beharrik gabe, nor bere herrian libre, urruti zagok oraindik. Bitartean hemen ibiliko gaituk gosetik, zapalkuntzatik, gerratik ihesi. Horrela dabilenak, erbestean ongi hartua izatea merezi dik, merezi duenez.
Hauteskundeak: garbi zagok, politikoak ez direla beren lana egiteko gai. Gai izan ez eta lortutako aulkia utzi nahi ez, lapurretan ari zaizkiguk lotsagabe. Irudi polita! Politikoen esku uzteko gai garrantzitsuegiak dizkiagu mahai gainean eta horiei buruz erabakitzeko galdeketak antolatzea, herritarroi galdetzea, ez duk sistema partehartzaile txarra. Gero, galdeketen emaitzak bideratzeko, teknikariak eta gai diren pertsona profesionalak jarri beharko genitizkek lanean. Ondo funtziona zezakek. Zer ari nauk, ametsetan? Ametsak egia bihurtzea ere gerta zitekek bada, eta …