Gogoan dut Goierriko Hitza-k egin izan duela halako deialdiren bat irakurleen artean. Bidali zure udako argazkirik onena edo halako gonbiteren bat luzatzen diote jendeari, oporretako estanparik ederrenak konpartitzeko eskatuz. Ondoren irudi politenak argitaratu eta guztien artean argazki onenak, orijinalenak, saritzea dute helburu horrelako lehiaketek.
Ariketa ederra iruditu zait ikasturte hasiera honetarako. Iritsi delako ikasturte berriaren hasiera eta guztiok, nahita ala nahi gabe, karpeta berriak zabaldu aurretik uda sasoiko albuma ixten dugulako. Dagoeneko errepasatuak izango dira makina bat aldiz azken hilabeteetako gozamen-argazkiak.
Ez zait asko kostatu nire argazkia aukeratzea. Aurten Rio de Janeiron izan dira Olinpiar Jokoak eta aitortu behar dut denbora dezente pasa dudala telebistaren aurrean, bateko karrera, besteko partida eta igeri- saio, parean jarritakoa jakin-minez begiratuz. Argazki bitxi ugari utzi dituzte Olinpiar Jokoek, baina niri buruan bakarra gelditu zait iltzatuta.
Irudi horretan ageri da Maialen Chorraut kayakista lasartearra, Slalom K-1 probako finalean lehen postua lortu ondoren, uretatik irten berritan. Urrezko Domina lortu berri du eta, pozez hunkituta, parean daukan ume koxkorrarengana ari da gerturatzen. Neskatoak, berriz, hatz erakuslea erakusten dio; «Ama, lehenengo geratu zara», esaten ariko balitz bezala.
Aspaldian ez bezala gozatu nuen kayakistak ur bizietan barrena ikusten, korronte, harkaitz eta olatuekin borrokan. Euskaldun bat dominen lehian ikusteak eta gainontzeko arerioek haren denbora gainditzeko zailtasunak zituztela jabetzeak emo- zio gehiago eman zion probari.
Chorrauten garaipenak eta Rio de Janeiron erakutsitako indarrak beste behin erakutsi digu –oraindik ere inork zalantzan jartzen badu–, emakumezkoen kirolaren erakargarritasuna eta maila izugarria. Badaukat susmoa, gainera, azken urteotan jauzi handia ematen ari dela gizartea arlo honetan. Gero eta jarraipen handiagoa egiten zaie –komunikabide publikoek, batez ere– emakumezkoen probei. Leire Olaberria ikaztegietarraren irudia datorkit gogora, baina ingurura begiratzen jarrita, Bera-Bera eskubaloi taldea, Reala eta Athleticeko neskak eta abar ere bai. Zerrenda luzea da.
Eta hala ere, zeinen urrun geratzen den kirolari horiek sortzen duten arreta mediatikoa gizonezkoek beren arlo berean sortzen dutenetik. Soldatez eta sariez hitz egiten hasiko bagina, berriz, zer esanik ez.
Baina Chorrauten argazkiak badu indar berezi bat. Izan ere, alaba Olinpiar Jokoetara eraman du, familiako bizitza eta lan bizitza bateragarri egiteko edo. Ez da gauza berria, bere lana eta amatasuna uztartzeko egiten duen ahalegina beste zenbaitetan ere azaldu izan baitu kayakista lasartearrak.
Dominaren ondoren eskainitako elkarrizketa batean, hala zioen Chorrautek berak. Kirolariek zailtasun izugarriak izaten dituztela amatasuna eta goi-mailako kirola uztartzeko. Ez zait oraindik halakorik tokatu, baina ingurukoei begiratuta konturatzen da bat zenbat buruko-min ekartzen dituen familia batean lan mundua eta seme-alaben edo senide baten zaintza uztartzeak. Ez da ur bizietan slalom egitearen esperientziatik oso urruti ibiliko.
Gizarte moduan asko daukagu egiteko kontziliazioaren arloan. Erakundeek eta enpresek, batetik, baina baita gizon-emakumeok ere. Gizonezkook, bereziki, badugu zereginik eta zer pentsaturik, erantzunkidetasunean eta berdintasunean aurrera egin ahal izateko.
Gizonezko batek bere semetxo edo alabatxoa Olinpiar Jokoetara eramaten ez duen bitartean, esate baterako, asko geratuko da egiteko. Azken hori ere, argazki txarra ez litzateke.