Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoak hamabost urte bete ditu aurten. Kizkitza Ugarteburuk (Urretxu, 1971) bertan lan egin du lehen urtetik. Museoan antolatzen diren ekintzen koordinazioaz arduratzen da, eta ongi ezagutzen du barnealdeko turismoaren egoera. Aurrerapausoak eman badira ere, egiteko asko dagoela uste du.
Ikasketaz kazetaria zara. Nolatan amaitu duzu Igartubeiti museoan lanean?
Unibertsitateko ikasketak amaitu nituenean ez zegoen lanik kazetaritzan, eta master bat egitea erabaki nuen. Europar Batasunari buruzko master bat zen. Masterrean, lan bat egin behar genuen, eta nik Europako hizkuntza gutxituei buruzkoa egin nuen. Masterra amaituta, Donostian zegoen Centro de Estudio Europeos zentroan praktikak egin nituen. Euroa martxan jarri behar zuten garaia zen, eta herriz herri informazio hitzaldiak ematen nituen.
Gero turismora egin zenuen salto.
Turismoaren alorra ere asko gustatzen zitzaidan, eta Lenbur fundazioak antolatutako ikastaro bat egin nuen. Horren harira, Lenburren praktikak egiten hasi nintzen. Han nengoela, Zumalakarregi museoan lanpostua eskaini zidaten, eta hantxe hasi nintzen lanean, 1999an. 2001ean, Igartubeiti inauguratu zutenean, K6 enpresari esleitu zioten kudeaketa, Zumalakarregi kudeatzen duen enpresa berari. Orduan, Igartubeitin hasi nintzen, koordinaketa lanetan.
Zein da Igartubeitin egiten duzun lana, zehazki?
Museoko programazioa prestatzeaz eta antolatzen diren ekintza guztiak kudeatzeaz arduratzen naiz. Museoa Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, baina kudeaketa K6 enpresari esleituta dago. Hortaz, enpresarekin eta Aldundiarekin adostu behar izaten ditut ekintza guztiak. Eguneroko bisita gidatuez gain, familia tailerrak antolatzen ditugu larunbatero, urrian Sagardo Astea… Nire lana da jendearekin harremanetan jarri eta dena antolatzea.
Urte asko daramatzazu turismo alorrean lanean. Aldatu al da turismoa egiteko modua denbora honetan?
Bai, asko. Orain arte turismoa, gure eskualdean, ez da diru iturri bezala ikusi. Industriari lotutako eskualdea denez, zerbitzuei ez zitzaien hainbesteko garrantziarik ematen. Baina jendea poliki-poliki mentalitate hori aldatzen ari da. Gero eta jende gehiago dator turismoa egitera. Eta bertako jendea ere gehiago mugitzen da inguruko herrietara. Dena den, egia da gertu daukaguna askotan hurrengo baterako uzten dugula. Kanpora joaten garenean barneratuta dugu hau eta hura ikustea. Bertakoari, ordea, ez diogu baliorik ematen.
Turismo aktiboa deritzona ere modan jarri da, ezta?
Esperientziak jarri dira modan. Museora joan eta historia entzuteaz gain, bisitariak zerbait aktiboa egitea bilatzen du. Museo batzuetan errazagoa da hori aurrera eramatea, baina beste batzuetan ez hainbeste. Uste dut bi gauzak konbinatu behar direla. Hala ere, nire ustez ez du edozer gauzak balio; kontuan hartu behar da museo batean gaudela, ondarea dela, eta ezin dela edozer gauza antolatu. Esaterako, moda desfile bat antolatzea egokia izan daiteke Balentziaga museoan, baina ez Igartubeitin.
Turismoa egiteko modua aldatzen doan heinean, zuek ere beti ideia berrien bila ariko zarete etengabe.
Ekintzak antolatzerakoan, berritzaileak izaten saiatzen gara. Esaterako, haurrekin egiten ditugun tailerretan, saiatzen gara XVI-XVII. mendeetako kontzeptuak gaur egungoekin lotzen, haurrei erakargarriago egiteko. Buruari buelta asko eman behar izaten dizkiogu horretarako, baina merezi du.
Igartubeitiko familia tailerrek arrakasta izaten dute. Haurrei ondarearen garrantzia transmititzea garrantzitsua iruditzen zaizue?
Uste dut oso garrantzitsua dela. Gu haurrak ginela, agian urtean behin joaten ginen museo batera, eskolarekin, baina gehiago ez. Gaur egun askoz eskurago dituzte haurrek museoak, eta nik uste dut beti geratuko zaiela zerbait, eta zerbaitek arreta piztuko diela. Txikitatik ondarearekin harremana izatea oso egokia iruditzen zait, etorkizunean ere ondareari balioa emateko.
Turismo gastronomikoaren olatu gainera ere igo zarete.
Gastronomiarekin lotutako jarduerek arrakasta izaten dute beti. Badago Basquetourrek bultzatzen duen museo gastronomikoen sare bat, eta hor sartuta gaude. D’elikatuz-ekin eta Idiazabalgo gaztaren museoarekin ere antolatzen ditugu hainbat ekintza, elkarlanean. Sagardo Etxearekin ere bai.
Elkarlana garrantzitsua da, hortaz?
Saiatzen gara ahalik eta jende gehienarekin harremana izaten eta kolaborazioak bilatzen, azken finean museo txiki bat garelako. Batzuetan ez dute funtzionatzen kolaborazio horiek, baina aukerak eskaintzen dituzte. Bakoitzak bere aldetik joz gero, ez dugu ezer aurreratzen.
Gizartean badago halako ikuspegi bat, museoak aspergarritzat jotzen dituena. Zer egin horri aurre egiteko?
Beti pentsatu izan da museoan pieza batzuk daudela erakusgai, eta kitto. Baina museoa hori baino gehiago da. Jarduera pila bat antolatzen dira, eta dinamizazio handia dago gaur egun museoetan. Gipuzkoan, esaterako, aukera handia dago, programazio oso zabalarekin. Baina egia da oraindik kosta egiten dela irudi hori haustea. Gure esku dago jendeari beste gauza batzuk ere egiten ditugula transmititzea. Sentsazioa dut museotako langileon atzeko lana ez dela ikusten, eta ez dela baloratzen. Askotan bisitari kopurua hartzen da aintzat, baina ez dira baloratzen urtean zehar antolatzen ditugun ekintzak. Horrek frustrazioa eragiten digu.
Zein da museoek duzuen erronka nagusia?
Turistak barnealdera erakartzea da gure erronka nagusia. Donostian turismo bulego berri bat ireki berri dute, turistak barnealdera bideratzeko helburuarekin. Ikusiko dugu ea nola funtzionatzen duen, baina ez dut argi ikusten irtenbidea hori denik. Barnealdeko turismoa saldu behar badute, lehenengo barnealdeko eskaintza ezagutu beharko dute. Oraindik lan handia dago egiteko. Dena den, asmoa ona da, eta ea fruituak ematen dituen.
Bertako jendeak ezagutzen eta baloratzen al du Gipuzkoako ondarea?
Nik uste dut ezetz. Jendeak ez du balioan jartzen bertako ondarea. Askok jakin ere ez dute egingo Gipuzkoan hainbeste museo daudenik. Horregatik da garrantzitsua hezkuntza. Museoak denontzat dira, baina errealitatea da jende bat ez dela etortzen. Esaterako, Igartubeitira familiak etortzen dira gehienbat, baina nerabeak eta jubilatuak ez. Gure buruari galdetu beharko diogu zergatik ez garen iristen jende horrengana.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Nik uste dut bagoazela poliki poliki aurrera. Garai batean ezin zen pentsatu eskualde mailan turismoa bultzatuko zuen instituzio bat egongo zenik ere, eta hori dagoeneko martxan dago; aurrerapauso handia da hori. Hortaz, modu positiboan ikusi behar dugu etorkizuna. Lan asko dago egiteko, baina erronkak izatea ona da. Erronkak dauden bitartean, saiatu, ikasi eta egokitu egin beharko dugu.