Nagore Belastegi
Udan herri askotako jaiak izan dira Euskal Herrian, anitzak, bakoitza bere xarmarekin. Baina askok eta askok amankomunean gauza triste bat badute: eraso matxistak. Batzuetan bortxaketak dira, beste batzuetan ez dira hainbestera iristen. Hala ere, arrunta zaigu gurean horrelakoak ikustea. Gure inguruan ez dira salaketak entzuten. Zorionez, pentsatuko duzue, baina salakerarik ez egoteak ez du esan nahi erasorik ez dagoenik. Agian ez da bortxaketarik egongo, baina badaude desio ez diren laztanak, taberna txoko bateko jazarpena, lekuz kanpoko hitzak… eta horietako asko ez dira salatzen. Ez diot errua emakumeari bota nahi, salatzen ez badu arrazoiak izango dituelako. Batzuek pentsatuko dute ez dela hainbesterako, beste batzuei lotsa emango die gertatutakoa onartzea, eta azken batzuek gainontzekoek pentsatutakoaren beldur izango dira. Guzti-guztiei esaten dizuet, salatu beldurrik gabe lotsa izan behar duena erasotzailea izan behar duelako. Salatu, bai, baina ez du zertan poliziaren aurrean izan behar. Batzuetan salaketa publikoarekin nahikoa da erasotzaileak belarriak jaisteko. Garrasi egin, behatzarekin seinalatu, zuri edo lagunari edo bizilagunari egin diotena kontatu. Mutilak! zuek ere, altxatu egoera honen aurrean, biktima beti delako biktima, inoiz ez errudun. Gogoz kontra jasotako muxu baten biktima, telefono bidezko akosoaren biktima… eta erasotzailea inoiz ez delako heroi.
Iraia Oiartzabal
«Etxerako bidean libre izan nahi dut, ez ausart», halaxe dio uda honetan gertatutako eraso matxisten inguruan zabaldutako mezuak. Zenbat emakumek sentitu ote dugu beldurra eta segurtasun falta gauez etxeratzerakoan gure atzean itzal bat sumatzean? Edo espaloiez aldatu mehatxu gisa sentitutako presentzia dela eta? Etxeko atea gurutzatu eta salbu sentitzea, ausart, ez litzateke arrunta izan behar, kalean askatasunez ibili ahal izatea baizik. Udan ezagutu ditugun kasu guztietan argi dago baldintza hori ez dela bete, alegia, emakume horiek ezin izan zutela libre eta lasai sentitu. Aitzitik, askatasuna erasotzaileena zen. Jokabiderik makurrenean emakume bat jazartzeko eskubidea duela uste duen horrena. Baina zorionez uda honetan ere egon da inflexio puntu bat gizartearen erantzunari dagokionez. Asko izan dira halakorik ezin dela onartu adierazi dutenak eta berriro gertatu ez dadin urrats sendoak emateko garaia dela. Guztiona da erantzunkizuna. Sanferminetako lehen egunean gertatutako erasoaren ostean Iruñeko kaleetara ateratako jendetza gaitzespen horren argazki da, besteak beste. Ezinbestekoa da bide horretan jarraitzea eta indarkeria sexistaren kontrako kontzientzia kolektibo hori indartzea. Kazetari garen heinean guk ere badugu gure ardura: halako gertaerak zuhurtziaz tratatuz, biktima beti kontuan hartuz eta errespetu osoz, inolako ekarpenik egiten ez duten detaile morbosoak albo batera utziz eta inoiz ez emakumea erruduntzat seinalatuz. Tamalez, uda honetan ikusi eta irakurri ditugu kontrako norabidean doazen kontakizunak. Gure esku ere badago beldurra gauetatik ezabatu eta etxera bidean libre sentitu ahal izatea.