Orain 25 urte hasi zen dena. Goierriko zenbait baserritar baserriak eta landa eremuak gizarteari ematen ziona baino askoz gehiago eskain ziezaioketela pentsatzen hasi ziren. Gizartea balioetan eta naturarekiko harremanean hezteko baserria bizitzarako irakaspen izan zitekeela uste zuten. Eta behar horretatik, Baserria Natur Eskola Bizia sortu zuten.
Xabier Akizu (Hariztizabal, Itsaso) eta Eli Elgarresta (Baztarrika, Gabiria) Baserria Natur Eskola Biziaren sortzaileetako bi dira. Josune Epeldek (Aikur, Urretxu) beranduago egin zuen bat proiektuarekin. Akizuren esanetan helburuak bi izan ziren hasiera-hasieratik: bat «baserritarrek zituzten hainbat behar asetzea» eta bestea, eskolei «lau hormen artean irakatsi ezin zezaketena erakusteko aukera eskaintzea».
Haren ustez, urte gutxian aldaketa asko izan dira baserrian, «bizimodu izatetik lanleku izatera pasa da, asko eta merke ekoiztera behartu gaituzte». Baina kalitatezko produzkioa ateratzeaz harago, baserriak baditu beste funtzio batzuk, «ingurua edo kultura mantentzea», adibidez. Baserritarrak hortik duin bizi behar du, «oso garrantzitsua da hori, bestela ekoizle hutsak bihurtuko ginateke».
Bigarren helburua, eskoletan zegoen gabezia bat betetzekoa zen. Akizuk azaldu duenez, orain 60 urte haurrak landa ingurunean bizi ziren. «Eskolara joaten ziren, inguruneak irakasten zienaz gain, gauza gehiago ikasteko». Bi kultura ezberdintzen ditu: nekazal kultura, baserritik, eguneroko bizitzatik jasotzen dena, eta kultura urbanoa.
Nekazal kultura zabaldu
Gaur egungo haur gehienek «ez dute landa ingurunerik ezagutzen», eta kultura urbano horrekin soilik geratu direla uste du. Baina, ezin da ahaztu «gizakiaren garapen integral baterako nekazal kulturak zenbateko garrantzia duen». Hala, inguruko eskolekin harremanetan jarri ziren eta gaur egun ezagutzen dugun Natur Eskola Bizia sortu zuten.
Gaur egun zortzi jarduera eskaintzen ditu Natur Eskola Biziak: gaztagintza, ogigintza, fruta zaintza, erlezaintza, zeramika, barazkigintza, baserrien eraikuntza eta erosketak Ordiziako azokan. Baztarrika (Gabiria), Hariztizabal (Itsaso), Aikur (Urretxu), Pott (Itsaso) San Migel (Legazpi) eta Igartubeiti (Ezkio) dira proiektuarekin bat egin duten baserriak. Baserrietara egiten diren bisitak praktikoak ere badira, gauzak egiten ikasten dutelako bertan.
Irakastearen garrantzia
Baztarrika baserrian adibidez, «gazta egiten dugu haurrekin azarotik ekainera bitartean», esan du Elgarrestak. Bisita hauek garrantzitsuak dira, haurrek etxean jaten duten hori nondik datorren ikas dezaten. «Behin haur batek galdetu zidan ea zenbat tetra brik pote behar izan nituen gazta egiteko esne kuba betetzeko. Esnea ardiek ematen zutela azaldu behar izan nion».
Bisitari gehienak eskoletako haurrak diren arren, «baserriak irekita gaude etorri nahi duten guztientzat, familiak, kuadrillak, erretiratu taldeak…», esan du Epeldek. Deialdia Goierriko baserritarrei ere zabaldu diete. «Proiektuarekin bat egin nahi duten baserrientzat ere ateak irekita daude».
Goimenen, Goierri garaiko eta Ormaiztegi eta Gabiriako udaletxeen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Uggasaren laguntza izan du eskolak. Bisitetarako aurrez eskatu behar da hitzordua 943 72 06 26 edo 630 70 25 87 telefonoetara deituta edo e-mailez info@natureskolabizia.com helbidean.
80.000
Ikasle. Hori da azken 22 urteetan Baserria Natur Eskola Bizian parte hartu duen ikasle kopurua. Garai batean ikasle bezala joan zirenak, gaur egun, irakasle edo guraso bezala jarraitzen dute parte hartzen. Uggasak eskoletako irakasleen artean egindako inkesta batean jasotzen denez, Bikain balorazioa lortu dute bisita horiek.