Uda freskotik zetorrela iragarri zuten adituek, baina pronostikoak ez dira bete, eta azken urteotako udarik beroenetakoa izan da aurtengoa, baita Goierrin ere. Egun asko izan dira hemen 35 gradutik gorako tenperaturak neurtu direnak, eta euri gutxi egin du. Adituek diotenez, udazkena ere ohi baino epelagoa omen dator, eta ez oso euritsua gainera.
Ekainaren 21ean iritsi zen uda, 0:34an, eta irailaren 22an joan da, 93 egun eta 15 orduren ondoren. Udazkena arratsaldeko 16:41ean sartu zen joan den asteko ostegunean, eguraldi eguzkitsu eta epelarekin. Urtaro estreinatu berriak 89 egun eta 20 ditu aurretik, abenduaren 21ean neguari txanda eman arte.
Tenperatura oso altuak
Goierrin Aemet eta Euskalmet meteorologia agentziek dituzten neurketa puntuetan jasotako datuak esku artean, uda honetan tenperatura oso altuak izan direla esan behar da. Uda osoko erregistrorik altuena Ordiziakoa izan da:?uztailaren 19an 39,1 gradu neurtu ziren. Antzeko neurketak jaso zituzten Goierriko beste estazioetan ere. Udako bigarren egunik beroena gogoan izango dute oraindik goierritarrek, irailaren 7a izan baitzen, abuztuko oporraldiaren ostean. Orduan 38 gradu inguru neurtu ziren bai Ordizian, bai Zegaman eta baita Legazpin ere.
Termometroak goi aldean ibili dira, beraz, udan Goierrin, bai aipatutako bi egun horietan, baita beste askotan ere. Izan ere, ekainaren 21etik irailaren 22ra bitartean 26-bat egunetan gainditu dira 30 graduak eskualde osoan, eta tartean hamar egun inguru izan dira 35 gradutik gorako tenperaturarekin. Aldiz, beste 25 bat alditan termometroek ez dute lortu 20 graduraino iristea. Eta minimei dagokienez, Legazpin jaso dira neurketa baxuenak:?8,5 gradu uztailaren 15ean eta irailaren 15ean.
Tenperatura maximoak eta minimoak kontuan hartuta, abuztua izan da hilabeterik beroena, eta Legazpin, esaterako, 20,6 gradukoa izan da hilabete horretako batez besteko tenperatura. Iazkoa zertxobait baxuagoa izan zen:?20,37 gradukoa, eta 2014koa, berriz, 17,82 gradukoa.
Euri gutxiko urtaroa
Euri gutxikoa izan da uda Goierrin. Ordizian izan da udarik lehorrena, 82,8 litro besterik ez baitira jaso urtaro osoan zehar. Legazpiko zenbaketa da hurrengoa, 152,6 litrorekin, eta Zegama izan da euri gehien izan duena, 178,3 litrorekin. Baina hiru estazioetan egun bera izan da euritsuena:?irailaren 15a. Bestalde, Ordizian ez bezala, Zegaman eta Legazpin abuztua izan da hilik lehorrena.
Legazpiko datu meteorologikoei berriz helduta, aurtengoa izan da 1946tik hona bitarteko hirugarren abuzturik lehorrena –1946an hasi ziren datuak jasotzen eta urte hauetakoak guztietakoak daude gordeta–. Lehorrena duela lau urteko abuztua izan zen, 13,6 litro besterik ez baitziren jaso 2012an, eta 1962an, aldiz, 15 litro. Iaz 83,5 litro jaso ziren.
Legazpiko abuzturik euritsuena, aldiz, 1953koa izan zen. Orduko hartan 337 litro jaso ziren Legazpin.
Urtegietako ur maila
Udako tenperatura altuek eta euri eskasiak, ordea, ez dute ia eraginik izan Goierriko urtegietan, batez ere aurretik urez ondo hornituta zeudelako. Hala –joan den asteko datuak dira–, Barrendiolak bere edukieraren %76,27a zuen urez betea, Lareok %74,44a eta Arriarenek %59,58a.
Hiru urtegiak azken urtean garai honetan bertan jasotako datuetatik hurbil dabiltza. Barrendiolan honako betetze mailak izan dira udazkena hasi berritan:?% 84,24a 2015ean, %84,09a 2014an, %78,53a 2013an eta %72,76a 2012an. Lareon, beste hauek:?% 68,71 2015ean, %83,60a 2014an, %75,62a 2013an eta %57,76a 2012an. Azkenik, Arriaranen jasotakoak:?%60,35a 2015ean, %60,71 2014an, %68,35a 2013an eta %56,21a 2012an.
Udazkenari euria egitea dagokionez, pentsatzekoa da ez dela ur arazorik izango datozen hilabeetan Goierrin. Eguraldiari buruzko iragarpenek, aldiz, bestelakorik esaten dute. Etortzekoa ikustear.